Juanra Madariaga eta "Eroriaren logika"

Ostegun honetan errezitaldia eskainiko du Bizkaiko Foru Liburutegian

Igandea, 2012-03-18 | Errezitaldiak
Juanra Madariaga eta

Juanra Madariaga poeta bizkaitarrak 2009an aurkeztu zuen Eroriaren logika (Susa) izeneko liburua. Ostegun honetan, martxoak 22, poesia-liburuaren izen bera daraman errezitaldia eskainiko du Bizkaiko Foru Liburutegian, 19:00etan hasita. Idazleak berak hitzen uberan aitortu digunez, "ez da oso luzea izango, baina intentsua izatea nahi dut. Irudi eder batzuk pantaila batean ikusgai, nire burutazioak irakurtzen ditudan bitartean".

 

Nolakoa izango da osteguneko errezitaldia? Liburutik jendaurrerako pasabide hori nola pentsatu duzu egitea?
Liburua atera zenean poemak irakurtzeko aitzakiatan, irakurraldia preparatu nuen, hots, hari narratibo bat non poema batzuk gehitu nituen. Horri guztiari, argazki deigarri batzuk erantsi, eta Four friend taldeko lagun batzuk ere etorri ziren kanta batzuk ematera (eurek ere nire lan batzuk musikatuak dituzte). Orduan, laburbilduz, musika, irudi eta testuaren arteko uztardura sasi-poetikoa egiten saiatu naiz, beti entzulearengan zirrara txiki bat sortarazteko asmoz.

Martxoaren 22an egingo dudanak irudia eta testua izango ditu batik bat, musika talde hura desegin baita. Irudi eder batzuk pantaila batean ikusgai, nire burutazioak irakurtzen ditudan bitartean. Ez da oso luzea izango, baina intentsua izatea nahi dut.


Bada denbora bat poema-liburu hau plazaratu zenuenetik. Ale berrientzat tarterik izango al da martxoaren 22ko saioan? Beste era batean esanda, ari al zara zerbait berria prestatzen edo idazten?
Zenbait tokitan egin nuen emanaldia eta agian gaurkotu behar dut pixka bat, horretan nabil orain. Seguruenik, handik hona idatzi ditudan poemetarik batek bere txokoa izango du emanaldian, baina oraindik ez dut horretaz erabakirik hartu.

Honekin esaten ari naiz idazten ari naizela, bai, egia esan beti ibiltzen naiz idazten eta liburu bat izan litekeenaren traza hartu dute hortik metaturik ditudan poema-lerro kaotiko haiek guztiek. Baina, lasai joango naiz, oraindik idatzi behar dudan asko idazteke baitaukat.

Bizkaiko Foru Liburutegia.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Mikel Ayllonek bere estreianko eleberria aurkeztu du, Elkar etxearen eskutik: Ez tiro egin anbulantziei. Igartza bekari esker burutu du lana. Ayllonen esanetan, eleberri berezia eta konplexua da, eta lana irakurri nahi duenak arreta handiz ekin beharko dio irakurketari. "Ez tiro egin anbulantziei" eleberria gizarte distopiko batean kokatzen da, ez-leku eta ez-denbora batean. Garaiaren deskribapenari garrantzia berezia eman dio Ayllonek. Garai zaharrekikoa eginda dagoela dirudienean, artean ez da mundu berririk etorri, eta hortxe bizi dira eleberriko pertsonaiak. Antonio Gramsci pentsalari italiarraren aipu bat ipini du liburuaren hasieran, eta, hain zuzen ere, aipu horrek ondo islatzen du garai nahasiekiko abiapuntua, esaten baitu, mundu berria hil delarik eta berria oraindik jaiotzeke dagoela, argi-ilun horretan jaiotzen direla munstroak.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak