Hamaika begirada Palestinari
Hitzez, irudiz eta doinuz osatzen da Biladi Hadiren disko-liburua
2010eko uztailean eta irailean Palestinan izan zen elkartasun brigadaren izena da Biladi Hadi. "Euskal Herritik elkartasuna adieraztera abiatu ginen Palestinara, eta herri bat ekarri genuen bueltan, bihotzean gordeta. Ekarritakoak gutxi du oroigarritik, eta asko, behar beste, konpromisotik. Gure bidaia joan-etorriko lan gisa ulertu genuen hasieratik. Hala, han ikusitakotik eta ikasitakotik abiatuta, ekin diogu gurean herri palestinarraren aldeko elkartasun olatua sortzeari". Esan eta egin. Abenduan aurkeztu zuten disko-liburuak jarraipena izango du datozen hilabeteetan. Erakusketa ibiltari bat jarri dute martxan. Egunotan, Azpeitiko San Agustin kulturgunean ikus daiteke.
Palestinan izan zirenean, Biladi Hadi brigadako kideek hainbat argazki atera zituzten, "palestinarren sufrikarioaren isla diren argazkiak". Etxera itzultzean, irudi horiek idazle, kazetari, musikarien esku utzi zituzten. Argazki oinekin osatu dute hizpide dugun liburua. Baina irudiak eta hitzak bezain garrantzitsuak dira doinuak. Liburuaren osagarri, CD bat ere aurkituko du Biladi Hadiren liburua erosten duenak. Disko horretan, besteak beste, Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Esne Beltza eta Pirritx Porrotx eta Marimototsen kantuak bildu dituzte.
"Askatasunaren aldeko beste urrats bat"
Biladi Hadi brigadako kideek elkartasunetik bideratu dute argitalpen hau. Euren esanetan, urrats txiki honek beste batzuk ekarri beharko ditu atzetik, "azkenean herri gisa elkartasuna eta babesa eman diezaiogun Palestinari, eta herri gisa egin diezaiogun aurre Israeli. Bitartean, ordea, badugu zerbait eskuartean hartu eta begiratzen dugun bakoitzean bere etorkizunaren eta ametsen jabe izan nahi duen herri bat badela gogoratzeko. Izan dadila liburu hau askatasunaren aldeko beste urrats bat. Elkartasuna ematera sekula gehiago itzuli behar izan ez dezagun".

Biladi Hadi elkarteak plazaratu duen liburu-diskoaren azala.
Palestinaren egoeraren nondik norakoak erakusteaz gain, Biladi Hadi brigadako lagunek ateratako argazkiek pisu handia dute lan honetan. Liburuko argazki gehienak Irantzu Pastor eta Axier Lopez kazetari eta argazkilarienak dira, baina badira Biladi Hadi brigada osatu zuten gainerako lagunen hainbat irudi ere.
Argazkiak hitzez edertu zituztenen artean dira Pako Aristi, Alfonso Sastre, Gotzon Barandiaran eta Gari Berasaluze idazleak. Kazetaritza, musika eta bertsolaritza arloko kideak ere badira argazkiei oinak ipintzen aritu direnen artean.
Doinuak, irudien osagarri
Diskoan parte hartu duten taldeak eta musikariak hauek izan dira:
Arramazka: Gure hitzak (feat. Rim Banna + DAM).
Eratu: Nablus ilun.
Esne Beltza: Free Palestine.
Skatu: Askatasun egarriz.
Napar-K: Eguneroko goizak (feat. Arramazka).
Madeleine: Hartza.
Berri Txarrak: Arren, Darwish.
Fermin Muguruza: Yallah, Yallah, Ramallah! (bideoa erantsi dugu albiste honen azpian).
Maldan Behera: Mohamed.
Jon Aranburu: 31. eskubidea.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Palestinatik, maite zaitut!

Liburuan jaso den argazkietako bat (kazeta.info web orritik hartua).
Erakusketa ibiltaria
Liburu honen aitzakian, erakusketa ibiltari bat antolatu dute Biladi Hadiko kideek: "liburu honetan bildu ditugun hainbat argazki hautatu ondoren, erakusketa ibiltaria ere abiarazi dugu euskal herrietan barrena". Arbizuko udaletxean egon ondoren, urtarrilean Azpeitian eta Oreretan ikus ahal izango da:
Urtarrilaren 9tik 21era, Azpeitian, San Agustin kulturgunean.
Urtarrilaren 23tik otsailaren 6ra, Errenterian, Mikelazulo aretoan.
Otsailaren 13tik 27ra, Igorren.
Martxoaren 1etik 15era, Donostian, Alboka tabernan.
Martxoaren 16tik 31ra, Oiartzunen, Makutxo tabernan.








Iruzkinak (0)