Asier Serranoren 'Desterratuaren piztiarioa' saritu dute

Asteartea, 2011-03-01 | Idazleak
Asier Serranoren 'Desterratuaren piztiarioa' saritu dute

Poesiaren ataleko Irun Hiria saria jaso du Asier SerranorenDesterratuaren piztiarioa, bere lanetan ohikoa den galtzailearen figuran sakontzen duen lan berria. Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratuko da liburua, bien artean haren berri emateko eskatu diogu egileari.

 

Hiri gorritik (Elkar, 2010) poesia liburua kaleratu eta gutxira heldu da Asier Serranoren hurrengo poemarioari buruzko berria. Hiri gorritik orain hamairu urte kaleratutako Bada hiri gorri bat (Elkar, 1997) bildumari emandako nolabaiteko erantzuna bazen, hor zabaldutako bidearen garapena da Desterratuaren piztiarioa.

Nolako liburua da ''Desterratuen piztiarioa''?

Nire lanetan ohikoak izan diren irudiak gehiago zehaztu ditut, saiatu naiz poesia irakurtzen ez duenari sentimendu unibertsalak gerturatzen estilo soilago batekin. Berriro ere bazterreko ahotsak erreskatatzen saiatu naiz. Hala ere, bere kontzeptualtasunean oso liburu librea da, erregistro ezberdinak erabili ditut beti ere gizakiaren barne muinez mintzatzeko. Uste dut poesia bakar bat egiteko nahikoa dela norberaren ingurura begiratzea, baina poesia liburu bat osatzeko norberaren barrun-behetara begiratzen ikasi behar da. Paradojikoa da gizarteak galtzaile deitzen dituen horien inguruko liburu bat atera izana irabazle.

Ez da denbora asko pasa ''Hiri gorritik'' kaleratu denetik, ''Bada hiri gorri bat''-i nolabaiteko erantzuna ematen dion lana. Liburu berri honek biei erantzuten die?

"Hiri gorritik" bukatu eta segidan ekin nion "Desterratuen piztiarioa" idazteari, estilo berri baten bila nenbilen eta ezin errodajea alferrik galdu. "Hiri gorritik" aurkezterako bukatua neukan "Desterratuen piztiarioa" eta hor egon da gaur arte sekretua gordean. Aurkezpenean bertan aurreratu nuen etorriko zela aurreko bi poemarioei jarraituko zien liburua. Hiri gorritik ihes egitea lortu zutenei eskainitako liburua da nolabait ere "Desterratuen piztiarioa".

Ahots poetikoa borborka duzula dirudi. Agortu da, martxan jdago oraindik?


Martxan darrai, baina beste formatu bat daukat orain buruan. Sariak makina zaharrarentzat ikatz gehiago erosteko abagunea eman dit, ez dut basora egur bila joan eta denbora horretan akitu beharrik izango tarte batez.

Zergatik ez duzu zuzenean argitaletxearen bidea bilatu liburua plazaratteko? Zer balio ematen diezu sariei?

Gehienetan sariek ez dute liburuaren zabaltze duina bermatzen, horrek idazlea sarietara ez aurkeztera bultzatzen du askotan (ohore, ego edo aitzakia kontuak medio). Nire kasuan, banekien Alberdania argitaletxea arduratuko zela irabazle aterako zen lana argitaratzeaz, beraz, oraingoan ez neukan zalantzarik: ez litzateke ohiko bidea izango "Hiri gorritik" atera baino lehen "Desterratuen piztiarioa" argitaletxera bidaltzea... nire obraren jarraipen naturalaren kontra egingo nuke horrela. Saritua gertatu izan ez balitz, berria jakin eta hurrengo egunean bidaliko nuke argitaletxera. Negutegian egon behar zuen zain bai ala bai liburuak, hortaz niri bost axola epaimahaiaren eskuetan igarotzea negua edo nire ordenagailuan. Bestalde, niri pertsonalki orain eta gaur, momentu ezin hobean etorri zait saria, bai maila ekonomikoan, bai maila oso oso intimoan... erabaki oso zaila hartu behar izan dudalako, eta behar nuen aukeratutako bidean erratu ez naizela adieraziko zidan zeinuren bat.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Lourdes Ońederraren Intemperies (Erein) nobelaz jardungo dute Zarautzen, urriaren 29an asteazkena arratsaldeko 18:30ean. Nobelako pertsonaiei gertatzen zaien bezalaxe, eguneroko bizitzan ere "hitzek lagundu egiten dute, eta korapilatu ere bai, eta gauzak mozorrotu". Puntu bateraino balio dute hitzek, hala uste du idazle donostiarrak. "Gero gauzak josterakoan, beste zerbait egiten duzu".

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak