Ander Lipus eta Xabier Mendiguren Literatura Eskolan

Asteazkena, 2012-05-09 |
Ander Lipus eta Xabier Mendiguren Literatura Eskolan

Ander Lipusek eta Xabier Mendiguren Elizegik 'Antonin Artaud' izango dute hizpide larunbatean, Literatura Eskolaren egitarauaren barruan. Ikasturte honetako azken saioa izango da, ekainaren 1, 2 eta 3an Literatura egingo baita Larrabetzun. Ekitaldi hau EHAZE-Antzerkizale elkartearekin elkarlanean egingo da.

 

Ander Lipusek eta Xabier Mendiguren Elizegik 'Antonin Artaud' izango dute hizpide Literatura Eskolan. Iruñean jarri dute hitzordua, 10:00etatik 14:00etara Txantreako Euskaldunon Biltokian.

Anitzak bezain bitxiak izan ziren Artaudek paperean utzitako lanak: poesia (Le Pese-Nerfs, adibidez), saiakera poetikoa (Van Gogh, le suicidé de la societé), irratsaioetarako gidoiak (Pour en finir avec le jugement de Dieu)... Bere Ankerkeriaren Teatroari buruzko testuek sekulako eragina izan zuten (eta dute) antzerkilari askorengan. Testu haietan antzerkian hitzak urte askoan izan duen nagusitasuna jarri zuen ezbaian, besteak beste. Artaud antzezle eta margolari ere jardun izan zen.

Biografia

Antonin Artaud (Marseilla, Frantzia, 1869ko irailaren 4a - Ivry-sur-Seine, Frantzia, 1948ko martxoaren 4a) frantses idazlea izan zen.

Gaztetan agerturiko desoreka psikikoa lagun izan zuen bizitza osoan. Talde surrealistako kide izan zen garai batez, eta bi poema-liburu argitaratu zituen: L´ombilic des limbes (1925, "Linboen zilborra"); Le Pèse-Nerfs (1927, "Kirio Pisatzailea"). Charles Dullinen taldeko antzezlaria, Roger Vitracekin batera, Alfred-Jarry antzokia fundatu zuen (1930). Bestalde, Le Théâtre de la cruauté (1932, "Ankerkeriaren antzerkia") eta Le Théâtre et son double (1938, "Antzerkia eta bere bikia") saiakerek eragin sakona izan zuten antzerki-zuzendari askorengan, hala nola Roger Blinengan, Jean-Louis Barraultengan edota Julian Beckengan (Living Théâtre). Artauden arabera, antzerkiaren berezitasuna keinuak ematen du. Filmetan ere esku hartu zuen antzezlari gisa Abel Gance, Dreyer, Pabst eta Bernard zuzendarien lanetan.

Eraginak

Lipusek eta Mendigurenek Artauden lana izango dute hizpide, eta haien ibilbide propioan izan duen eragina aipatuko dute. Lipusek berak honako lerroak jaso zituen Ispilu dramatikoa izeneko bere blogean:

''Elkarrizketa eta psikologia era bat baztertu behar direla, horien ordez gorputzaren keinu, higitura, zimiko, oihu eta irrintzi. Hitza eta psikologia ez omen dira teatroaren erregin, gorputza eta plastika baizik'.

Artaud-ek honela azaldu eta justifikatzen du bere ankerkeriaren teatroa. Izan ere, bere ustez, lengoaiaren eta hitzen zentzu, erabilera eta esanahia aspaldi galdu genuen. Berarentzat, ankertasun kontzeptua askoz zabalagoa da. Ez da izu eta lazgarrikeriaren ideian mantentzen soilik. Honela, betiko lengoaiaren erabileraren kontra jartzen da, eta anker hitzaren hasierako zentzu etimologikora itzultzen da.

Mendigurenek bere ibilbidean idatzi dituen teatro testu batzuetan suma liteke ere Artauden eragina. Ankerki (Elkar, 1993) bildumaren sar-hitzan honakoa aipatzen zuen Gorka Arresek (''Artaud etorri duk hitaz galdezka''):

(...) Susa literatur aldizkariaren bosgarren zenbakian agertu zen Mikel Antzak idatzitako Atxagaren antzerkigintzari buruzko artikulua. Antzak, Antonin Artaud eta Krudeltasunaren Teatroa antzeman zituen Atxagaren liburuko Bilintxi Omenaldia hartan. Eta Krudeltasunaren Teatroaren nondik norakoa laburbiltzeko, Antonin Artauden Teatroa eta bere doblea liburuko honelako zerbait ekarri zuen:

''Teatroak ikusleari benetako amets zalapartak eskainitakoan, bertan ikuslegoaren krimenarekiko gustoak, obsesio erotikoek, basakeriak, bizitzaren eta gauzen zentzu utopikoak eta kanibalismoak (ez itxurakeriaz eta irudikeriaz, baizik eta barren-barrenetik) gainezka egindakoan, orduan bakarrik izan ahalko da teatroa lehen izandako bera berriro, benetako ilusioen agerkaria''.

Azkenean, Mendigurenen aipamen guzti haiek Artaudengana heldu ziren, artez. eta orduan aitortu zidan, garai hartan irakurritako azken hitz hauek eragindako zirrara: obsesioa, krimena, erotismoa, basakeria, utopia, kanibalismoa.

Ankerki hartan agertzen zen, hain zuzen ere, Publikoari gorroto testua, lehenago (1987an) Euskaltzaindiaren eskutik plazaratu zena. Egun Ander Lipus Publikoari gorroto testua taularako prestatzen dabil, Mendiguren berarekin elkarlanean eta Manex Fuchs-en zuzendaritzapean.

Albiste honen uberan:

Ander Lipusi elkarrizketa Argian

Ankerki, kritika

Publikoari gorroto, kritika

Wikipedia frantsesez

Antzerkizale elkartea

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Mikel Peruarenak Su zelaiak nobela berria aurkeztu berri du Susa argitaletxearen eskutik.

    Lehen Mundu Gerrako bataila eta triskantzetan Euskal Herriko 6.000 lagun hil ziren, eta beste milaka batzuk era lazgarrian hondatu: itsu, maingu, herren, zoro. Belaunaldi oso bat sakrifikatu zen.

    Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina dakar Mikel Peruarena Ansaren bigarren nobelak. Soldadu saldoa duzu protagonista, infernuko zelaietan sarraski kolektibo batean kiskalia. Eta soldadu haien guztien artean da Filipe Luro ikazkina ere.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak