Ainhoa Unanue Mentxakaren 'Kontraste garaia'
Bigarren liburua kaleratu du autoedizioaren bidetik
Ainhoa Unanue Mentxakak (Bermeo, 1981) bere bigarren poesia liburua kaleratu du: Kontraste garaia. Autoedizioaren bidea aukeratu du egileak orain arteko bere bi lanetan. Unanue Mentxakak ostegun honetan (otsailaren 9an, 19:00etan) liburuaren aurkezpen berezia egingo du Bermeoko liburutegian. Hitzen Uberanek datorren astean argitaratuko du elkarrizketa, bien artean hemen dituzue liburuaren aurrerapen gisako poema batzuk.
Euskaldun izanik munduan ispilua topatzen duen begirada, Somaliako 'piratena' bezalako aferekin kritikoa dena... gatazketan oroz gaindi pertsonen istorioei erreparatzen dien ahotsa topatuko du irakurleak Kontraste garaia liburuan.
Euskal poeta askori egiten zaio erreferentzia liburuan (Jose Luis Otamendi, Igor Estankona, Pako Aristi, Itxaro Borda...), eta haietako batekin nolabaiteko elkarrizketa poetiko bat gauzatu du egileak: Gorka Setienekin. Setienek Ertzetako komunukazioak poesia liburua kaleratu zuen 2008an autoedizioaren bidetik, eta liburu hartako poema askori erantzun die Unanue Mentxakak bere poemen bitartez.
Adibide bat: Gorka Setienen liburuan poema hau topatu dezakegu:
ERTZAK
Badago indar bat
zauden lekutik ertzetara
bultzatzen zaituena
ertzetan
ez du inork bizi nahi
babesean beste leku bat
baldin badu aldez aurretik
ertzetan
haize hotz batek jotzen du bizkarrean
ertza
edozein lekutan dago
baina beti da ertz
ertzetik haratago
badago hutsune haundi bat
tik-tak guztiak isiltzen diren lekua
ertzetan egiten du botaka
normaltasun guztien antzera
zibilizazio eta ezpatadun zaldunak
asko gara ertzetan
asko
eta ertzetatik erantzungo dugu noizpait.
Baina
ertzetan ere
azukrea gustatzen zaigu
ertzak
itxaropen galduen goza leku direla
sentitzen dugu
ertzetan lurrikara baten zain
bizi gara
ertzetan tabernak
irekita daude ordu txikietako bihotzentzat edo
bihotzen ordu txikientzat
umeak laztantzen ditugu
irribarreekin goxatzen gara
auzoko leihoak konpontzen ditugu
bonbilek piztuta dirauten bitartean
ertzetan.
Ainhoa Unanue Mentxakaren liburuan berriz, honako hau:
''Koko'' (Ertzetako komunukazioak)
Gorka Setien-eri
Zein zoriontsuak garen haurtzaroan!
Indikoko uhinak zuzenean
Noraezean dabiltza txalupak
Enbarkaderoan Zirritan nerabeak
Lotu belaunaldiaren aldarrikapenak
Jalgiz airean
inork ez ditu ertzak ulertzen gorka,
ontzia noraezean dabilenean
inork ez du ertzetan bizi nahi
Ertzetako metaforekin erakusten dute
Ernamuina frustrazioek eta
ertzetako metaforekin eman zenion
bizibidea matxinada antzuren bati
Baina marra zuzenegiak marraztu
izan dira beti jende gris-totalaren
bulegoetan
Espezie eta familiak arrastaka doazela
dirudien bitartean arrakastarantz zuzen
zaharrak berri
ertzetan koko deitzen zaio azukreari

'KONTRASTE GARAIA' LIBURUKO BESTE BI POEMA:
Harria eta mugikorra
Mundua aldatzen ari da:
Esku batean harria eta bestean
Telefono mugikorra:
Marraztu digute Iraultzaren hasiera
Irudi soziala
Arropaz estalitako gorputzak besterik ez gara
-Trumoi kateatuak-
Laino kaiolatuaren baladan nola
gure irudi soziala
proiektu esperimentala da;
Desioaren arkitektura, zerbeza beltza
Gorputz biluziak intimitatea
Estalkirik gabeko
Itzala.








Iruzkinak (1)
Elurra ari du, eta negarrez ari da arima... elurra ari du eta itxaropen zuria bihotzean! Irungoa naiz, baina orain Brnon bizi naiz, Txekian, ekainera arte. Hogeita hamabost urte ditut eta ogibidea euskararen irakaskuntza unibertsitatean, ikasketez euskal filologoa naiz eta. Idatzi beti egin dut, idazten ikasi nuenetik hitz solteak, nerabezaroko egunerokoa, gaztaroko olerki maiteminduak, biziminaren txinparten istorioak gero... idazten ikasi aitzin, bi eskuetan margoak hartu eta marrazkiak egiten nituen, hori zen txikitan gehien gustatzen zitzaidana. Elurrean zure izena dago, nirea ere bai, eta harena... sinestezina! Azpian dagoenaz ahaztu eta gainazaleko geruzak zorionez betetzen nau garbi–garbi eta zuri zuri irri keinuka eta malkoak gain–azpian gelditu dira... sinestezina! Elur gainean ibiliz azpikoaz ahaztu eta penak ahaztu ditut sinestezina! Eta lagunei eskutik heldurik beharbada irrist egin eta besoetan hartzen nauzu eta irribarre malenkoniatsua egiten dizut ene lagun, sinesten dizut iragana elurpean gelditu dela eta elur gainean orain mantso noalarik ametsetan segitzen dut. Elur gainean. Olerkari ameslaria