Achiary Laboa Imanol eta Ordorika: kantari apartak, kantari bakanak

Juan Gorostidik euren ekarpena aztertu du saiakera liburu batean

Asteartea, 2011-12-06 | Liburu-aurkezpenak
Achiary Laboa Imanol eta Ordorika: kantari apartak, kantari bakanak

Beņat Achiary, Mikel Laboa, Imanol Larzabal, Ruper Ordorika. Kantari apartak, "kasu bakanak". Hala uste du Juan Gorostidik eta tesi hori garatu du Lau kantari (Pamiela, 2011) izeneko saiakera liburuan. Hitzen Uberan izan dugun solasaldian adierazi digunez, "lau hauek osatzen dute sasoi bateko gure mahaiaren lau hankak. Beste hanka eta beste mahai ere badira, noski; baina ni honetan nago jarrita". Liburuko lehen atalean, ordea, XX. mendean herri musikan izan zen eraldaketaz gogoeta egin du.

 

Doinuen eta hitzen azterketatik haratago doa Lau kantari liburua. Hori da akaso lan honen bereizgarri nagusia. Saiakera honen bitartez, zer topatuko dute musika zaleek?

Gauza bat baino gehiago aurkitzea nahiko nuke, norberaren "entzun-ahalmenaren" araberakoa betiere... Agian irakurle bakoitzak inoiz pentsatutako zerbait hitzetan jarria, baina baita ustekaberik ere. Gure musika herrikoiaren inguruko gogoeta eta horren interesa piztu dezakeen akuilua. Apunte batzuk idatzi ditut; zenbait gauza oso modu trinkoan esanak dira; ate joka datorren bat naiz.

Egotekotan, zein da lau kantari hauek lotzen dituen haria? Beste era batean galdetuko dut, zer dute komunean lau kantari hauek?

Hasteko, nire gogokoenak direla. Gainera, laurak dira, nire ustean eta modu arras diferentean -ez dute balio imitazioek hemen-, XX. mendeko gerren ostean sortutako belaunaldien erronkak eta hausturak, tentsioak eta bilaketak autokonplazentziarik gabe kudeatu dituzten euskal herri-musikaririk behinenak. Eta hori modu baztertzailean sostengatu ezin bada ere, nire ahaleginerako mugek zehatzak behar zutela neritzon. Mugatua behar zuen ariketak, berdin erreparatu behar zitzaielako ezinbesteko xehetasun tipienei eta ikusmira zabalei.

Galdera honi erantzun beharrez egin dut ariketa bat kantari hauetako bakoitza beste bakoitzari lotuz, eta lotune bitxiak suertatu zaizkit: Imanol eta Ruper: biak dira kantari standard-ak, kalitate handikoak, hori bai; eta irudika dezakegu lehengoren ontziak hondoa jo zuen leku berean abiatu zela bigarrena: gaiak eta erronkak oso antzekoak izanda, gai hauen trataeran dauden aldeak guztiz dira esanguratsu. Achiary eta Laboa: txanpon beraren aurkia eta ifrentzua, nire ustez. Kantari izanda, hitzen mugetan arakatzea erabaki dute biek, ezin esan dena agerian ipini eta hitzen mugetatik libratzen ahalegindu... baina biak modu guztiz ezberdinetan. Erreparatu behar ariketa honek hitzen zentzu sakonenera garamatzala. Laboa eta Ruper: aldarte batek egiten ditu familia bereko kide, aitita eta biloba gisa gehiago, aita-seme gisa baino. Achiaryk eta Imanolek eutsi behar izan diote bazterketaren ahalkeizunari, eta ez agian arrazoi oso desberdinengatik; Imanol eta Laboa ez ditugu gure artean, eta denbora aurrera ahala, gero eta soslai gardenago bat erakusten digute. Achiary eta Ruper dira lauetatik bizirik dirautenak eta, ez al da horixe lotzen gaituen kontu nagusia? Nire lanean seinalatzen diren harietatik tiraka errepika daiteke ariketa hauxe-bera zenbait aldiz, bortxatu gabeko hainbat lotune aurkitzeko.

Mikel Laboa eta Ruper Ordorika, 1989an (iturria: www.musikametak.com).


Lan honen osatzean, zein irakaspen atera duzu kantari bakoitzetik? Zehazterik bai?

Nire baitan askoz biziago ditut orain, barruagotik entzuten ditut eta zerbait gehiago antzematen aldiro. Hori potentzialki areagotzen den bilakaera harrigarria da: zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago antzeman; edozein gaietan gertatzen den zerbait, bestalde. Imanolengan aurki liteke belaunaldi baten malenkoniaren erradiografia gardena, benetan hunkigarri eta sakona. Laboa jenio bakana da; edozein artistarentzat inspirazio iturri agortezina... Bere kokapen existentzialak harritzen nau: bera emaztearen lekuan dago, gizonezkoarenean baino. Achiary da gure gizarte garaikidean gizonezkoaren leku baikor eta sentibera hartzen duena... Eta hori gehiegitxo ez ote den nago herri honek onar dezan. Ruper da "historikoena": 70. hamarkadatik XXI. menderainoko bidean onik ateratzeko gakoak bere modu diskretuan seinalatu eta seinalatzen dizkiguna.

Beste lau kantari hautatu beharko bazenitu, zeintzuk lirateke hauen parean leudekeen artistak?

Burutik pasa zait: lau emazte hartuko nituzke bigarren saiakera baterako. Gizonezko naizenez ez ditugula berdin entzuten uste dut, eta ezinbesteko ariketa da hori. Hautatuak ditut laurak, ez dakit inoiz idatziz gauzatuko dudan...

Baina lau hauen parean ez ditut beste lau aurkitzen, hori da (nire) egia. Lau hauek osatzen dute sasoi bateko gure mahaiaren lau hankak. Beste hanka eta beste mahai ere badira, noski; baina ni honetan nago jarrita. Kontuan hartu behar ere zentzuren batean hori guztia iragana ere badela -galera eta beharrezko dolu bizipen batetik sortua da nire gogoeta-, baina ezinbesteko ariketa egungo erronkei aurre egiteko. Amaitu da "guztientzat" kantatzen zuten kantarien sasoia. Orain bakoitza bere esparruari zuzentzen zaio.

XX. mendeko herri musikari buruzko gogoeta ere egin duzu liburuaren hasieran, ezta?

Goragune bila lehen atalaren zentzua dago hor, eta nire ustea da goragune hori gabe ezin dugula gure kantuaren urre-aro horren ulermena ukan. Musikaz galdetzerakoan, mende horretako gertakizunek agerian utzi zituzten estaliak ziruditen zenbait oinarri: edertasuna izan litekeela beldurgarria ere (ikaragarria esaten dugu guk oraindik) eta musikan bi indar kontrajarri daudela beti borrokan: ezagun ustez goxora atzera tiratzen diguna, eta exodo ezezagun kezkagarri batera bultzatzen gaituena. Hainbat mugen hausturak, rockaren eztandak edo egungo partikular/globalaren arteko tentsioak ezin dira ulertu eta kudeatu gai horietan sartu gabe. Askok XIX mendean bagina bezala kantatzen ahalegintzen badira ere, esan beharra dago euskal kantariek ere sekulako maila erakutsi dutela dagokien sasoien erronkei aurre egiten.

Irudiak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Iolanda Zuņigaren  Post-it bizitzak (Pasazaite) liburua ekarri du euskarara Iņigo Roque Eguzkitzak. “Liburu honetako bizitza puskak arruntak dira, gutxietsiak, iragankorrak, trukagarriak. Baina, halaber, egiazkoak”, argitaletxearen web orrian irakurri dugunez.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak