Antzerki berriak paperean

Asteazkena, 2012-06-06 |
Antzerki berriak paperean

Artezblai argitaletxeak teatro-testu berriak eraman ditu paperera: Inorako bidaia (Aristides Vargas), Bremengo musikariak/Txirulari magikoa (Claudio Casadio, Giampiero Pizzol eta Marina Allegei) eta Ramon eta Ramona (Maite Agirre eta Mielanjel Harana).

 

Duela aste batzuk eman genizuen Errautsak lanaren argitalpenaren berri. Artezblai argitaletxeak kaleratu zuen, eta beste hiru ale ere gehitu dizkio euskarazko nobedadeen zerrendari:

Tituluak: Bremengo musikariak/Txirulari magikoa

Egileak: Claudio Casadio, Giampiero Pizzol eta Marina Allegei.

Itzulpena: Xabi Paya.

Oholtzaratzea: Teatro Paraiso.

'Bremengo Musikariak' ikuskizunak ipuin ezaguna du abiapuntu hots, musikariak diren astoa, katua, txakurra eta oilarra dira protagonistak, baina oraingoan Teatro Paraisok taularatutako testua zuzeneko musikarekin tartekatzen da giro bizi, poetiko eta magikoa sortuz. 'Txirulari magikoak' berriz Hamelingo txirulariaren ipuina du oinarri. Arratoiz betetako hiria, herritarren ezinegona txirulari berezi honen magiari esker arratoiak garaitzen dituzte bai, baina egokitzapen honetan haurrak dira protagonistak eta beraien esku egongo da hiriaren etorkizuna.

Claudio Casadio Italiako Ravennako Academia Perduta- Romagna Teatri konpainiako zuzendaria da. Antzerki-idazle, zuzendari eta aktore, bere sormen lanetan haurrei zuzendutako ikuskizunak dira nagusi, batez ere ipuin klasikoetan oinarritutakoak, Grimm anaien ipuinak inspirazio iturri izan dira zenbaitetan. Idazle eta sortzaile moduan Giampiero Pizzol eta Marina Allegri idazleekin aritu izan da elkarlanean hainbat proiektutan, betiere alegiazko poetika baten bila eta eszenan istorioaren esentzia eta funtsa haunditzeko helburuarekin.

Titulua: Inorako bidaia.

Egilea: Aristides Vargas.

Egokitzapena: Gotzon Barandiaran.

Oholtzaratzea: Kukubiltxo.

'Inorako bidaia'k, 'La républica análoga' eta 'La abuela del limón' antzezlanekin batera, burutu ezinezkoak diren gogoek osatzen duten utopiarekin lotutako antzerki esperientzien trilogía bat osatzen du. Ezinezkotasun honek ez du helburutzat konkrezioa gauzatzea ezta lortu ezinezko desioen burutzea, bai ordea, komunitate bateko gizon eta emakumeen irudimena piztuko duen sua izatea, ezinezkotasunez beteriko errealitate bati aurre egiteko indarra. Antzerki esperientziak deitzen diegu, antzezlan hauek sormen abiapuntu ezberdinak dituztelako; hala ere, bere izaera hutsalagatik hain zuzen, guztiek bizitzeko lagungarri den irudimenezko unibertso sakona eraikitzeko ariketa utopikoa ardatz daukate. 'La Républica análoga'n, pertsonaiek, haietako baten etxean elkarturik, errepublika errealarekin paralelo funtzionatuko duen beste errepublika bat aldarrikatzen dute, irudipenezko errepublika honek, errealetik aldenduz, ez du erabilpen praktikorik, erreferentzi etiko hutsa baino ez da. 'La abuela del limón', Hegoamerikako herrialde batean, duela urte asko, bere biloba galdu zuen amona baten testigantzan oinarrituta dago.

'Inorako bidaia'n, euskaldun talde batek eginiko bidaian oinarritu gara, hauek 1950eko uztailaren 16an Santurtziko portutik itsasoratu ziren, Mexikorantz. Hemen ere kasu erreal baten aurrean gaude, bidaia hori zenbait artikuluk eta liburu batek kontatzen dute, gaur egun ere senideak, lagunak eta ezagunak bidaia mitikoaz mintzatzen dira eta eztabaidatzen dute, "Montserrat" izeneko belaontzian egindako bidaiaz, muturreko baldintza gogorretan egindako bidaiaz. Kukubiltxoren lana ez da bidaia gertatu zen bezala islatzea, beharbada "gertatu den bezala"rik ez dagoelako artean. Bizitakoaren subjektibizazioa gertatzen da beti, bizitakoa horrela izan zen, edo horrela bizi izan nuenaren ustea baino ez da? Ez, guri, bidaiak, existitzen ez den leku baten irudizko bilaketaren metafora bezala bultzatzen gaitu. Eta mugitzen gaituena zera da, bidaia norbanako ezberdinen elkargune bezala, bidaia desberdinak: banako eta talde oroimenaren topalekua. (Arístides Vargas).

Titulua: Ramon eta Ramona.

Egileak: Maite Agirre eta Mielanjel Harana.

Oholtzaratzea: Agerre teatroa.

Maite Agirre (Zarautz 1955) 70eko hamarkadan Bartzelona eta Italiako antzerki konpainiatan ibili ondoren 1986. urtean Agerre Teatroa sortu zuen Donostian eta ordutik hainbat ikuskizun egin ditu euskal kulturako artista garrantzitsuen lana eta taldearena uztartuz, tarteko Jorge Oteiza, Vicente Amestoy artista plastikoa edota Joseba Tapia musikaria. Konpainiak hainbat sari eskuratu ditu, hala nola 'Neska politak, artasoro alaiak' eta 'Haur kabareta' lanekin euskal egile onenaren MAX saria eskuratu zuen Agirrek 2007an eta 2008an. Era berean, 2010ean 'Putzuak lehortzen' lanak ('Ramon eta Ramona' antzerki testuan oinarritutako ikuskizuna) MAX saria jaso zuen. Azken lanekin 'Celestina' eta 'Zu ere on Kixote?', munduko hainbat antzoki eta jaialditan ibili izan da.

Mielanjel Harana (Amasa-Villabona 1958) Geografia eta Historian lizentziatua, Ilazki euskaltegiko irakasle eta trebatzaile, trikitixaren inguruan artikulu andana idatzi ditu hainbat komunikabidetan, Agerre Teatroaren testuen zuzentzaile eta egokitzailea da 1992 urteaz geroztik baita talde donostiarraren azken bi ikuskizunetako musikari eta zuzendaritzako laguntzaile ere.

Ramonek eta Ramonak asko maite dute elkar, aspalditik osatzen dute maitasunez betetako bikotea, baina, horretarako, Ramonak ametsak bide bazterrean utzi behar izan ditu. Geure gizartean oso ohikoa izan den emakumearen sakrifizioarekiko, kritika zorrotza agertzen da obraren tesi nagusian. Bizitzak aurrera egin du Ramonen eta Ramonaren bizitzan, eta, halako batean, elkarri zintzotasunez hitz egiteko sasoia iritsi da. Zer ezkutatzen da norberaren atzean? Zeintzuk dira norberaren motibazioak? Horiek dira erantzun beharko dituzten erantzunak; hil ala biziko erantzunak.

Bideoak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Eguneroko egoera itxuraz xume horiek izan dira, beste behin ere, Jabier Muguruzak bere liburua idazteko orduan aintzat hartu dituenak: barne-beldurrak, krisialdi ekonomikoa, matxismoa, giza kondizioa, harreman sozialak, sentsualitatea, itxaropenak, bikote-harremanak, barneko indar ezezagunak, kulturaren egoera, bakardadea, duintasuna, zahartzaroa… horiek guztiak azaltzen dira Hilen logika ezkutua (Erein)  liburuan.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak