Lauaxeta gogoan izango dute ostiral honetan, Literaturian

Hitzez, doinuz eta irudiz osatzen da "Ez zuten poeta fusilatu" ikuskizuna

Osteguna, 2012-05-31 |
Lauaxeta gogoan izango dute ostiral honetan, Literaturian

Estepan Urkiaga Lauaxeta idazlea hil zutela 75 urte beteko dira aurten (ekainaren 25ean, hain zuzen). Urteurrena ez da oharkabean pasako Literaturian. Are gehiago, pisu nabarmena izango du. Aurtengo edizioaren afixa begiratzea besterik ez dago. Atxilotu zuten unean, poeta bizkaitarrak soinean zeraman gabardina ageri da, orain arte gordeta egon dena. Ostiral honetan, "Lauaxeta: Ez zuten poeta fusilatu" izeneko ikuskizunean, gabardinaren inguruko xehetasunak emango dituzte aditzera. Rafa Ruedak koordinatu du emanaldia eta Hitzen Uberan  aitortu digunez, "emanaldiaren helburua hori da, Lauaxetaren poemak eta bere poemekin egindako kantuak taularatzea eta, bide batez, gabardinaren istorio hori nolabait argitzea".

 

Literaturiaren asteburua izango da honokoa. Ostiral honetan, poesiak eta musikak bat egingo dute "Lauaxeta: ez zuten poeta fusilatu" izeneko ikuskizunean. Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Jabier Muguruza, Txuma Murugarren, Francis Diez, Anje Duhalde, Xabi Strubell eta Petti musikariak arituko dira kantuan, Larrabetzuko plazan 22:00etan hasita Eta Ane Zabala, Goizalde Landabaso eta Edorta Jimenezek poemak errezitatuko dituzte. Rafa Ruedak koordinatu du ikuskizuna eta berarengana jo du informazio gehiago eske.

Nondik nora sortu da emanaldi honen arrazoia?

Fusilamenduaren urteurrenaren harira, Literaturiako lagunek "Ehungarrenean hamaika"  (Gaztelupeko Hotsak 2005) ikuskizuna berreskuratzea proposatu zidaten. Hasiera batean, hori izan zen asmoa. 2005ean disko bat atera genuen eta hainbat saio eskaini genituen. Hamaika kantarik Lauaxetaren poema bana kantatzen genuen. Hasiera batean, proposamena hori izan zen, urteurrenaren harira emanaldi hura gogora ekartzea aurtengo Literaturian. Baina halako batean gabardinaren kontua agertu zen. Antza, pertsona batek gordeta izan du urteotan baina urteurrenaren harira edo, Lauaxetaren familiari ematea eta gabardinaren istorioa publiko egitea erabaki du.

Honen berri izan genuenean, ikuskizun berri bat sortzea erabaki genuen. Ostiral honetako saioan, beraz, gabardinaren nondik norakoa azalduko da, Lauaxetaren poemak errezitatuko dira eta "Ehungarrenean hamaika" diskoko kantuak abestuko ditugu.

"Ehungarrenean hamaika" diskoan parte hartu zenuten guztiak elkartuko zarete, ezta?

Hasiera batean hori zen asmoa baina denek ezingo dute parte hartu. Hamaika izan beharrean bederatzi izango gara (Xabier Montoiak eta Garik ez dira bertan izango). Goizalde Landabaso, Edorta Jimenez eta Ane Zabalak Lauaxetaren poemak errezitatuko dituzte eta bideo proiekzioak ere egingo dira.

Literaturiarako popio egindako ikuskizuna izango da, beraz.

Hori da. "Ehungarrenean hamaika" emanalditik abiatu gara baina Lauaxetaren gabardina agertu zenean, erabaki genuen saioa moldatzea eta ikuskizun berri bat osatzea (hortik izenburua, "Lauaxeta: ez zuten poeta fusilatu").


"Zirrara berezia sortuko du"

Horrelako lekukotza batek bestelako ukitua, bestelako indarra emango dio emanaldiari ezta?

Bai, beste dimentsio bat eman dio. Ez da urteurrenari lotutako beste emanaldi bat gehiago izango. Gabardinarenak beste balio gizatiar bat eman dio saioari. Eta ostiraleko emanaldian, hain zuzen, Lauaxetaren gabardinaren istorioa azalduko da. Nik uste dut zirrara berezia sortuko duela.

Horren lekuko izango dira ostiralean Larrabetzura bertaratzen direnak.

Emanaldiaren helburua hori da, Lauaxetaren poemak eta bere poemekin egindako kantuak taularatzea eta, bide batez, gabardinaren istorio hori nolabait argitzea.

Gerora begira, jarraipenik izango al du "Lauaxeta: ez zuten poeta fusilatu" ikuskizunak, ala Literaturian bakarrik eskainiko duzue?

Literaturiaren enkargu bat izan da eta pentsatzen dut ostiral honetan (ekainak 1) hasi eta amaituko dela ikuskizuna. Asmoa ez da, beraz, hau luzatzea.

Irudiak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Eguneroko egoera itxuraz xume horiek izan dira, beste behin ere, Jabier Muguruzak bere liburua idazteko orduan aintzat hartu dituenak: barne-beldurrak, krisialdi ekonomikoa, matxismoa, giza kondizioa, harreman sozialak, sentsualitatea, itxaropenak, bikote-harremanak, barneko indar ezezagunak, kulturaren egoera, bakardadea, duintasuna, zahartzaroa… horiek guztiak azaltzen dira Hilen logika ezkutua (Erein)  liburuan.

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak