"Inoiz esan ez dena, zain dago nork esango"

"Hirurehun eta hamar segundo haiek" plazaratu du Joseba Mikel Ugaldek

Asteazkena, 2012-05-30 |

Akatz aldizkaria irakurri izan dutenei ezaguna egingo zaie idazlearen izena:  Joseba Mikel Ugalde. Bermeoko esaerak eta kontuak jasotzen ibilitakoa, Ai gure Bermio webgunearen bidez sareratu izan ditu. Baina ez da hori hitzen uberan nabarmendu nahi dugun lana (hura ere, aipagarria bada ere). Hirurehun eta hamar segundo haiek izeneko liburua da gure atentzioa piztu duena. Darabilen estiloarengatik, bereziki. Markos Zapiainen esanetan, berea da liburu honen hitzaurrea, Joseba Mikel Ugaldek "bere betiko gai kutunei, gizaki guztion kezkak eta elkarrizketak elikatzen dituztenak (maitasuna eta heriotza, funtsean), bestelako barrentasun bat erantsi die, testuinguru pedagogiko sinesgarri batean kokaturik eta irakasle guztion patroi eta santu behar lukeen Urertze maisuaren figura asmaturik". Erantzun eske jo dugu Ugalderengana eta hementxe bere azalpenak.

 

Mintzagai dugun liburua, collagekera bezala izendatua dago azalean bertan. Zer esan nahi duzu collagekera definizioarekin?

Izaera eta norabide ezberdinetako hausnarketak edo gogoetak, eremu berri eta bateratu bat bilatze edo sortze bidean, egiten duten ahalegin edo saiakera, hori da niretzat collagekera.

Esanahiekin jarraituz, nondik nora dator izenburua, "Hirurehun eta hamar segundo haiek"?

Izenburua, Urertze maisuak esandakoan datza. "Gaurtik aurrera, klaseko lehen bost minutuak, opariak eta etxerako lanak dastatzeko izango dira eta azkenengo hamar segundoak etxerako lana jartzeko. Denetara egunaro hirurehun eta hamar segundo izango dira gaitik kanpo, matematika ahaltsuak, literatura ahulari eskuzabaltasunez emandakoak"

"Bizitzako itsaso zabalean, azalean edo sakonean aurkitutako izaera ezberdinetako gogoetak eta hausnarketak dakarzkigu". Hala irakurri dugu hor nonbait. Beraz, saiakeraren generoan sartu beharko genuke edo, akaso, zure jarduna ez da genero bakar batera mugatzen?

Bai, behar bada saiakera izango da, edo agian genero askoren collagekera. Horrela jaio da eta gustukoa izan edo ez, errespetuz hartu behar da bakoitzaren izaera.

Non eta nola eskuratu daiteke zure liburua?

Elkar liburudendetan (online ere bai) eta baita beste hainbat liburudendetan ere.

Besterik esan nahi?

"Inoiz esan ez dena, zain dago nork esango".


Liburuaren nondik norakoak, Markos Zapiainen hitzetan

MAITASUNA INSTITUTUAN

Bermeon aspaldi irakasle ibilitako Antonio Agirre hil egin da. Urdiainen jaio bazen ere, ura behar zuen alboan, ur ertzean bizi. Ikasle batek Urertze ezizena jarri zion. Haren heriotza aitzakia, sakabanatu samar ibiliriko ikasle batzuek biltzea erabaki dute, Urertzeri loturiko oroitzapenak berpizteko. Matematikako irakaslea zen arren, ez zitzaion zentzuzkoa iruditzen letretako ikasleek logika baztertzea, ezta zientzietakoek kontatzeko eta idazteko trebetasuna galtzea ere. Halatan, egunero, ikastorduko aurreneko bost minutuetan berbazko opari bat egiten zien ikasleei; eta azkeneko hamar segundoetan etxerako lana ipintzen zien, istorio bat jorra zezaten, biharamun goizean ikaskideen aurrean kontatzeko. Ikasgelan sartu bezain laster, horrenbestez, ikaslearen ipuina eta maisuaren oparia. Guztira, hirurehun eta hamar segundo irakasgai ofizialetik kanpo, ikasleen garunak piztu eta bizitzak dakartzan korapiloetan buru argiz murgiltzeko moduko deskribapenei, oroitzapenei, elezaharrei, paradoxei, hitz jolasei eskainiak. Eta, batez ere, ikasleak kontalari bilakarazteari, beren etxeetan eta inguruan zutenaren poesia adierazten laguntzeari, ikusgaitza baitzitzaien ia beti, edo gutxietsia.

Ni bezalako irakasleoi, sarriegi etsita gabiltzanoi, arnasa eta eredu zaigu Urertze, irakaskuntzaren funtsezko Hirutasun Santua berezkoa baitzaio: maitasuna, jakintza eta legea, hurrenez hurren. Behar bezala dabilen maisuak, hiru indar horiek eskaini behar dizkio ikastordu bakoitzean ikasle bakoitzari, eta hirurak aldi berean. Izan ere, maitasunari jakintza eta legea kendu eta berehala bihurtzen da ikasgela anabasa eta intzestu. Jakintzak, berriz, datuak eta kontzeptuak diren heinean, autista dira berotasun pedagogikorik gabe, bizitzatik erauziriko zama hotza. Azkenik, maitasunik gabeko legeak, ikastetxean, zigortzeko irrika itsua bihurtzeko arriskua du; eta beldurraren gainean ezarririkoak ez du “lege” hitzaren alde noblea barnebiltzen, sadismoaren mozorro hutsa baita. Maitasuna, jakintza eta legea aldi berean eskaintzea da ikasleengan epe luzera esker oneko arrastoa uzteko bidea, Urertzeren uberan. Gurasoentzat ere balio du seme-alabekiko harremanetan, eta ia edonolako autoritaterentzat.

Urertzerengandik jaso beharreko beste irakaspen bat: benetako maisua irakasteko gai da, jakina, baina era berean zabalik dago ikasleengandik ikasteko. Egia da gehiegikeria franko bota izan dela gazteekin sinpatikoarena jo nahian: irakaslea eta ikaslea maila bereko solaskideak direla eta antzekoak. Noski, irakasgai zehatzari dagokionez ikasleak onartu behar du maisuak gehiago dakiela, entzun egin behar dio eta harengandik ikasten ikasi. Aldi berean, ordea, ukaezina da irakasleak ikasleei adi entzuteari zenbait minutu eskaintzeak gaurkotu, sakondu eta edertu dezakeela bizitzaren gainean zekikeena, edota errealitatearen gainean; eta, oroz lehen, bere buruaren gainean.

Urertzek irakaskuntza modernoaren arrisku handietako bati aurre egiten dio: zientzien eta letren arteko zatiketa hemiplegikoari. Gazteak, osoa izatera helduko bada, alde biak behar ditu barneratu, nola literatura hala matematika baitira baldintza eta akuilu giza berezitasuna lora dadin, piz dadin buru argitasuna eta dagoenaren ulertzea, bizitzan gutxienez behin, heriotzak harrapa gaitzan baino lehen.

Irudiak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Irati Goikoetxeak Andraizea kontakizun bilduma aurkeztu du, Erein etxearen eskutik. Idazten ikaragarri disfrutatu duela aitortu du beasaindarrak, irribarrea ahoan idatzi dituela ipuinok eta espero duela irakurtzen duenak ere horrela egitea. Goikoetxeak esan duenez, ero-haizean bizi diren pertsonaiak dira nagusi liburuan: bihotzik ez dutenak, hildakoak daramatzatenak ipurdian... Inazio Iraola editoreak surrealismoarekin konparatu du. Egileak eskerrak eman dizkie etxekoei eta bereziki anaiari, txikitatik literatur kontuetan lagun eta babes izateagatik.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak