Txillardegiren ekarpena ez ahazteko

`Txillardegi´ (Erein) saiakera argitaratu du Fito Rodriguezek

Asteazkena, 2012-05-02 | Liburu-aurkezpenak
Txillardegiren ekarpena ez ahazteko

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi politikari, hizkuntzalari eta idazlea urtarrilaren 14an hil zen. Bere ekarpena handia izan zen eta ezin da arlo bakar batera mugatu. Saiakera labur honen bidez, Fito Rodriguez idazleak Txillardegiren ibilbidea irudikatu nahi izan du, bere osotasunean. Euskarari corpus bat emateko garaian funtsezkoa izan zen Txillardegi, "baina euskarak ere behar zituen lege batzuk eta estatu bat eta bere bide politikoa horretan oinarritu zuen", hala adierazi digu Fito Rodriguezek, hitzen uberan izan dugun solasaldian.

 

Politikan, literaturan, hizkuntzan, irakaskuntzan... Bere ekarpena handia izan zen.

Aldarrikapen funtsezkoena izan zen hizkuntzaren status-a. Euskararen corpus-ari buruzko lanak egiteaz aparte -euskara batua aurreikusi zuen eta lortu zuen hura bideratzea artean errefuxiaturik zegoela Baionan-, nazioari buruzko paradigma berria planteatu zuen. Beraz, status-aren alde borrokatu zuen soziolinguistika arloan proposamenak eginez baina, horretaz aparte, aldarrikapen zehatzak egin zituen eta borroka zuzenak planteatu zituen. Status-aren bide horretatik, argi formulatu zuen Estatuaren beharra. Hau da, glotopolitika bat. Euskarak behar duela corpus bat, literarioa eta ahozkoa, baina euskarak ere behar dituela lege batzuk eta estatu bat. Bere bide politikoa horretan oinarritu zuen.

Liburu honetan ez ditut aipatu atera diren beste erreferentziak batzuk. Azken Maiatz aldizkarian Emilio Lopez Adanek, Beltzak, egin duen artikulua, esate baterako. Nahikoa latza, nire ustez. Irakurri al duzu?

Ez, ez. Zer dio?

Txilllardegik literatura erabili zuela bere jite politiko guztia justifikatu ahal izateko. Niri iruditu zait artikulu hori ad hominem idatzita dagoela.

Ez zaude ados tesi horrekin.

Ados egotea edo ez, bakoitzak berea proposatu dezake. Baina idazle gisa, ez zait gustatzen estilo doktrinarioa. Txillardegik bere aldaketak (politikoak) justifikatzeko idazten ditu bere azken nobelak. Hori da Beltzaren planteamendua. Eta planteamendu guztiak onargarriak dira baina gure arloan formak oso garrantzitsuak dira. Gauza bat da liburuak egitea eta beste gauza bat da idazle izatea. Eta idazle zaren aldetik formari kasu egin behar zaio. Kasu honetan, artikulua geratu da oso modu zurrunean, oso modu eskasean. Zeren Txillardegiren emaria izugarria izan zen. Hurrengo Hegats aldizkarian, esate baterako, saiakera arloan egin zuen ekarpena aztertuko dut modu sakonagoan.


Liburua nola antolatu duzu? Zein ildo jarraitu duzu liburua antolatzeko garaian?

Sei ataletan antolatu dut liburua. Lehena euskara batuari buruzkoa da, euskaldunen batasunaren oinarri gisa hartua. Ikuspegi nazional bat zuen intelektual eta idazle baten proposamena, azken batean.

Bigarren atala hizkuntzaren status-ari buruzkoa da.

Hirugarren atalean, politikaren bidean zer nolako urratsak eman zituen aztertu dut.

Laugarrenean, literatura aztertu dut eta hor aipatzen ditut, Beltzak ez bezala, lehenengo liburuak, niretzat funtsezkoak direnak. Europako eta orduko literatura ekarri zuen gure artera. Saiakerari begiratua ematen diot, nahiz eta hurrengo Hegats aldizkarian arlo hori gehiago landuko dudan.

Bukatzeko, ikuspegi nazionala izan zuen intelektualaz idatzi dut. Eta ildo horretatik, Xarritonen ahotan amaitzen da liburua. Xarritonen euskaran kontatu dut, bere ahotan, nola joan zitzaion jasotzera, erbestera jo zuenean Txillardegik. Xarriton nola hurbildu zen Luzaide aldera, Txillardegi Iparraldera pasatzeko. Xarritonek kontatzen zuen bezala jaso dut liburuan, sekulako xarma eta balorea du bere euskarak.

Txillardegi (Erein, 2012) liburua plazaratu berri duzu baina saiakera bat ere laster plazaratuko duzu, ezta?

Egia esan, ez dakit nola deitu. Aforismo moduko bat izango da.

Buru ta zioak (Utriusque Vasconiae, 2010) liburuaren haritik akaso.

Buru ta zioak liburuaren modukoa, baina Buru ta zioak poesia dela esan dezake baten batek, eta ez da poesia. Aforismoak dira, gogoetak diren neurrian. Pentsatu ahal izatea hizkuntzaren bidez, beraz, gure esperientziatik ateratzen ditugun adierazpen edo formulazioen bidez. Burutazio horiek lotuta zeuden, hari bat zuten. Eta oraingoak ere bai. Gogoetak dira, gu ere musikariak gara nolabait, konposatu egiten dugu. Ez dira bakarrik nota solteak. Konposaketa bat dago eta liburu honetan ere bai. Biktimaren irudiari buruzko gogoetak dira, horrekin egiten ari diren erabilerari buruzkoak. Minari eta zaurgarritasunari buruzko meditazio bat. Biktimari agurka (Utriusque Vasconiae, 2012) izenburupean aterako da eta laster izango da dendetan.

Bestetik, Kasandra leihoan (Txalaparta, 2006) liburua gaztelerara itzuli dute. Bere lana beste hizkuntza batera itzultzea, ilusioa egingo dio idazle bati.

Niri ilusio egin didana izan da Jose Campo Barandiaran itzultzailearekin egin dudan harremana. Aspaldiko laguna zen baina urtetan kanpoan ibili da, Parisen, gero kartzelan izan zen... Eta berreskuratu dut harreman hori berriro. Berak hartu zuen ardura itzultzeko eta nik uste dut liburua berea dela. Hori da berak egin duen bertsioa. Baina musikaren adibidera joz, pianoa lau eskuetara jotzea bezala izan da. Bitxia izan da, normalean bakarrean aritzen zarenean lortzen ez duzun sentsazioa izan dudalako.

Armonian aritu zaretela.

Hori da hitza.

Liburuaren aurkezpena bideoz jaso zuen Erein argitaletxeak eta halaxe erantsi dugu elkarrizketa honetan, osorik. Antxon Lafontek zuzentzen du Erein argitaletxeko Haran bilduma eta aurkezpenean hartu zuen parte Fito Rodriguezekin batera.

Bideoak

Get Adobe Flash player

Iruzkinak (1)

  • Emilio Lopez Adan
    2012-05-10 12:53

    Emilio Lopez Adan naiz eta Fito Rodriguezek nire artikulu batez esaten dituenei ihardetsi nahi nieke.

    Fitok dio “Txillardegik bere aldaketak (politikoak) justifikatzeko idazten ditu bere azken nobelak. Hori da Beltzaren planteamendua”, eta nire artikulua “doktrinario” eta “eskasa” iruditzen zaio. Bi ohar: hasteko, nire artikulu osoan “justifikatu” hitza ez dela inoiz agertzen; bigarrena, literaturan ez dela batere harrigarria idazlearen bizierak eta arazoak fikzioan edo saioetan agertzea.

    Txillardegik ETA utzi zuen 1967an, bere ustez ETAk marxismo-leninismoa onartu zuelako eta hor lerratze espainolistaren arriskua ikusten zuelako; Txillardegi gero Herri Batasunean sartu zen ezker abertzalean marxismo-leninismoa klarki onartua zenean. Bi liburu argitaratu zituen (eleberri bat, Exkixu (Elkar, 1988), eta memoria politikoen eta saiakeraren arteko beste bat, Euskal Herria helburu (Txalaparta, 1994), eta nire ustez aldakuntza horri (ETAtik joan eta HBra etorri) lotuak dira. Aldakuntza horren zergatiak argitzeko idatzi dut Maiatzen artikulua (Txillardegi: "Enigma variations", 54. zenbakian).

    Artikuluak batzuen iritzia aipatzen badu ere (“Mihi zorrotz batzuek, hitz erdika bazen ere, erran zuten Txillardegik Exkixu eta Euskal Herria helburu argitaratu zituela miliekin laguntzeko. Baina…”), segidan sartzen du “baina” bat eta adbertsatiboak ematen dio musika, non kontradikzioak, paradoxak, egoera patetiko eta tragikoak ere, agertzen baitira. Txillardegi unamunianoaren errespetuaz egina nahi izan dut eta irakurle potentzialari artikulura jotzea gomendatuko nioke, Fitok egiten duen interpretazioa edukitik nahikoa urrun iruditzen zaidalako. Latza izatekotan, ezker abertzale autoritario batekin liteke latz, baina hori beste historia bat da.

    Adeitasunez.

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Arantzak barrurantz (Elkar) liburua plazaratu du Xabier Mendiguren Elizegi idazleak eta editoreak. Azken urteetan idatzitako bost kontakizun batu ditu. "Noraezean dabiltzan pertsonaiak marraztu ditu Xabier Mendigurenek, arantza zaharren bat atera behar dutenak edo bere baitako gabeziak nola izendatu ez dakitenak". Bost ipuinei buruzko aipamen laburrak topatuko dituzue ondoko bideoan.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak