"Beti da ederra irakurleak zure lanarekin gozatu duela pentsatzea"

Odei Arregik irabazi du II. Karmele Igartua Beka Saria

Osteguna, 2012-07-12 |

Epaimahaiak honela definitu zuen Odei Arregiren poesia: "argia, zehatza da; eta bere poemetan oso begiratu pertsonala islatzen da". Trukean, Odei Arregik 600 euro jasoko ditu eta Egan aldizkariaren urtebeteko harpidetza. Sari banaketa ekitaldian Idazle Eskolako hainbat lagun elkartu ziren. Besteak beste, joan den urteko irabazlea, Ione Gorostartzu. Argazkian ageri den moduan, sari banaketa ekitaldian hainbat poema errezitatu zituen Ionek; Irene Gil, Itziar Gomez, Idoia Gereñu eta Maria Uriarterekin batera. Hitzen Uberan, Odei Arregirekin aritu gara solasean.

 

`Hemen eme´ izeneko poema-bildumarekin irabazi duzu Karmele Igartua Sorkuntza-Beka. Zure lana horrela nabarmendu izana, zer suposatu du zuretzat?

Beti da ederra irakurleak zure lanarekin gozatu duela pentsatzea, baina normalean oso gutxitan izaten da hori jakiteko aukera. Beka edo lehiaketa batera aurkezten zarenean, badakizu zure poemak edo ipuinak lupaz begiratuko dituztela eta inspekzio horretatik airoso ateratzea beti da emozionantea eta pozgarria.

`Hemen eme´ izenburua duen poemarioak, genero aldetik aldarrikapen bat du bere baitan, ezta? Zer aurkituko du irakurleak poema hauetan?

Ez zen nire intentzioa inongo aldarrikapenik egitea, baina baliteke irakurtzerakoan  hori agertzea.

Ez dira emakumeei zuzendutako poemak, baina bai emakume batek idatziak, ez dira feministak baina bai femeninoak; ez dut emetasuna bilatu, neu emakumea izanik neurekin dagoelako. Zuzenak dira eta indartsuak direla pentsatu nahiko nuke, baina hori esan dezala irakurtzen dituenak.

Sorkuntza-beka denez, aurkeztu duzuna lagin modukoa da eta gerora poema gehiago aurkeztuko beharko dituzu akaso?

Aurkeztu dudana lagin bat da, eta besterik aurkeztera behartuta ez nagoen arren, lagin horrekin lanean jarraitzeko intentzioa daukat. Denborak esango du zertan bukatuko duen poema sortatxo honek.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Samuel Beckett idazle irlandarraren Molloy eleberria aurkeztu dute gaur. Gerardo Markuletak ekarri du euskarara, Meettok argitaletxearen eskutik. Aurkezpenean, itzultzaileak hainbat zertzelada eman ditu eleberriaren nondik norakoez: Molloy hau trilogia baten lehen partea da, ondotik datozkio Malone Meurt eta L’Innomable. Hiruetan ere, pertsonaia nagusi baten jarioa da liburuaren ardatza; existentziaren absurdoa eta zentzurik eza, aldiz, muina. Frantsesez idatzi zituen lanok Beckettek, ingelesez zeukan estiloa kendu nahi zuelako gainetik. Markuletak esan duenez, berrogeita hamar literatur lanetik gora itzuli ostean, hauxe gertatu zaio nekezen: luzeragatik, narratzailearekin enpatizatzeko ezintasunagatik… Hala ere, azpimarratu du merezi duela horrelako lan klasikoak gure hizkuntzara ekartzea, zailak izanagatik. Ekarpena egiten diote hizkuntzari, eta irakurle-belaunaldi berri bat elikatzen dute. Halaber, Ramon Etxebeste Meettokeko editorearen esanetan, garrantzitsua zen Beckett euskaratzea, XX. mendeko kanona markatu duen heinean. Becketten zenbait lan laburrago baditugu jada euskaraz, hala nola, Godoten zain eta Lehen Amodioa.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak