Pintura eta poesia, bat eginik

Masafumi Yamamotoren erakusketa zabalduko da aste honetan Donostian

Asteazkena, 2012-05-09 |
Pintura eta poesia, bat eginik

Japoniarra da baina Bartzelonan bizi da Masafumi Yamamoto. Bere artelanak osatzeko poesiaz baliatzen da. Tartean, euskaraz idazten duten poeten lanaz. Koldo Mitxelenan erakusketa zabalduko du ostegun honetan eta hilabetez izango dira Yamamotoren artelanak ikusgai. Erakusketa honek Donostian egingo duen egonaldian zehar, gainera, hiru errezitaldi egingo dira KMko Ganbara aretoan. Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko idazleek hartu dute parte proiektu honetan eta eurek egingo dituzte errezitaldien aurkezpen lanak.

 

Erakusketa honetan, collage originalez eta eskuz idatzitako poemez osatutako hamabi liburu topatuko ditu bisitariak. “6ko 12” deritzan proiektu hau Masafumi Yamamoto-k eta Juan Bufill-ek koordinatu dute. Artista plastiko japoniar honen eta lau hizkuntza ezberdinetan – gaztelera, katalana, galiziera eta euskara– idazten duten poeten topaleku dira Koldo Mitxelenan ikusgai ipini diren artelanak.

Erakusketan jaso diren hamabi liburu hauek originalak eta bakarrak dira. Hauetako bakoitza Yamamotoren sei collage originalen segidaz osatua dago, eta collage bakoitzak ondoan daukan eskuz idatzitako poema batekin elkarrizketa modukoa sortzen du. Testu guztiak argitaragabeak dira eta poema bakoitza bere erara Yamamoto-ren lan plastikoak azaltzen duen abstrakzio liriko bereziaren baliokide literario modura har daiteke.

Honako esperientzia honek Yamamotok aurretik egindako beste ekimen batzuekin harremana dauka; izan ere, Yamamotok duen lanaren ildo nagusienetako bat poesia eta bere lan plastikoaren arteko elkarrekintzak lantzea baita. Ildo hau jarraituz bestelako proiektuak egin izan ditu Yves Bonnefoy, Michel Butor, Joan Brossa eta herrialde desberdinetako poeta eta idazle ezberdinekin batera.

Koldo Mitxelenako erakusketarekin batera, hainbat errezitaldi ere antolatu dira. Lehena, ostegun honetan.


Poesia errezitaldiak

Maiatzak 10 osteguna

Vicenç Altaió, Juan Bufill, José María Parreño.

Donostiako KMko Ganbaran. 19:30ean.

Maiatzak 24 osteguna

Noni Benegas, Pello Otxoteko, Juan Ramon Makuso.

Donostiako KMko Ganbaran. 19:30ean.

Ekainak 6 asteazkena

Eva Veiga, Andrés Sánchez Robayna, Alfonso Alegre.

Donostiako KMko Ganbaran. 19:30ean.

Aurkezleak

Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko.

Musikaria Jon Makuso (Biolina).


Erakusketa

2012-05-10 | 2012-06-9

Koldo Mitxelena Kulturunea. Ganbara Aretoa. Urdaneta 9, 20006 Donostia.

Ordutegia: asteartetik larunbatera, 16:00-20:00.

(Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita).

Irudiak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Eguneroko egoera itxuraz xume horiek izan dira, beste behin ere, Jabier Muguruzak bere liburua idazteko orduan aintzat hartu dituenak: barne-beldurrak, krisialdi ekonomikoa, matxismoa, giza kondizioa, harreman sozialak, sentsualitatea, itxaropenak, bikote-harremanak, barneko indar ezezagunak, kulturaren egoera, bakardadea, duintasuna, zahartzaroa… horiek guztiak azaltzen dira Hilen logika ezkutua (Erein)  liburuan.

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak