“Aforismoa bizitzeko eta idazteko moduaren destilazio bat da”

Alferrik ez balitz (Elkar, 2014) liburua eman du argitara Karlos Linazasorok

Asteazkena, 2014-04-16 |
“Aforismoa bizitzeko eta idazteko moduaren destilazio bat da”

Ipuingintza, nobela, poesia… Ia genero guztiak jorratu ditu Karlos Linazasorok. Aforismo bilduma plazaratu berri du, Alferrik ez balitz (Elkar, 2014). “Oso miniatura zalea naiz, gero eta gehiago, esentziara joan behar dela uste dut. Aforismoa bizitzeko eta idazteko moduaren destilazio bat da. Eta egungo bizimodurako genero egokia iruditzen zait. Aldiz, jendeak trilogia potoloak eta horrelakoak irakurtzen ditu gehien, eta gainera oso txarrak. Zenbait eta xumeago eta laburrago ahalegin intelektual handiagoa eskatzen du, irakurzaletasun benetakoa”, tolosar idazlearen hitzak dira.

"Jarrera etikoei buruzko begirada pesimista bat agertu nahi izan dut"

Juan Kruz Igarabidek umorea eta absurdoa baliatu ditu nobela berrian

Asteartea, 2014-04-15 |

“Jarrera etikoei buruzko begirada pesimista bat agertu nahi da nobelan. Baina umorearen bidez”. Juan Kruz Igerabidek berak hala adierazi zuen Zangotraba (Erein, 2014) liburuaren aurkezpen ekitaldian. Pertsonaia nagusia komikoa gertatzen da eta ez da umorerik falta kontakizunean. Baina adiskidetasuna eta traizioa dira nobelaren ardatz nagusiak. Haur zein gazte literaturako idazle oparoenetakoa da Igerabide. Baina azken urteotan helduentzako nobelak ere idatzi ditu. Hauts bihurtu zineten (2005) nobelarekin egin zuen bezalaxe, Trantsizioa delako garaian kokatu du Zangotraba nobelako trama.

Pasioaren Ertzak Literatura Lehiaketa

Amorebieta-Etxanoko udal liburutegiaren ekimenez antolatu da

Asteartea, 2014-04-15 |
Pasioaren Ertzak Literatura Lehiaketa

“Erabat pertsonala den kontzeptua da pasioa. Zentzu zabala duen hitza. Grina, irrika, lehia, zaletasuna, gogoa… Era askotan uler daitekeena. Ederra eta indartsua”, halaxe zioten martxoa partean Amorebieta-Etxanoko liburutegiko sustatzaileek, lehiaketa honen berri lehen aldiz eman genuenean. Pasioaz idatzi beharko da, beraz, ‘Pasioaren ertzak’ izeneko literatura lehiaketan. Hori bai, modu laburrean: testuak ez ditu 150 hitz baino gehiago izango. Trukean, lehiaketako irabazleak 150 euro poltsikoratuko ditu.

Izua pizteko ipuinak

Zortzi ipuin gotiko (Elkar, 2013) liburua plazaratu du Jon Eugik

Astelehena, 2014-04-14 |
Izua pizteko ipuinak

Gazte-talde batek Halloween gauean hilerrira egindako bisita, etxe sorginduak, madarikazioak, funeraria bateko langilearen ezustekoak, mamuak eta deabruak… Idazleak hainbat gai eta giro erabili ditu irakurlearen izu-sentimendua pizteko. Kazetaria da Jon Eugi, eta orain arte abenturazko nobela bat (Piraten uhartea, 2009) eta haurrentzako ipuin bat (Animaliakeriak, 2011) argitaratu ditu. Zortzi ipuin gotiko liburuan, beldurrezko zortzi ipuin batu ditu.

Amuak

Bideoa

    Krisia, langabezia, errebolta, errepresioa, hondamena dira Iñigo Aranbarriren laugarren nobelaren ardatzak. Esteban Alberdi protagonistak lana galdu du, aldentzen ari zaio familia, eta durduzatuta dabil. Baina oraindik gehiago okertuko da bere egoera. Gau batean, kankarrean kolpe handia hartuta aurkituko dute kale bazterrean. Eldarnio betean, denboraren putzuan barneratuko da, bi mende eta erdiko jauzian: Azkoitian ikusten du bere burua 1766ko apirilean, gariaren eta artoaren prezioa garestitu dutenean eta herritarrak matxinatu egin direnean.

    Egungoa eta Ilustrazio garaikoa, bi plano horiek josi ditu Apirila (Susa, 2014) nobelan.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak