ZUbi, euskarazko antzerkigintza sustatzeko ekimen berri bat
Hainbat elkarte batu dira eta urtero antzezlan bat ekoitziko dute
Euskarazko antzerkigintza sustatzeko helburuarekin jaio da ZUbi. Baina baditu beste helburu batzuk ere; antzerki konpainien eta programatzaileen arteko zubi lana erraztea. Hego zein Ipar Euskal Herriko zazpi areto elkartu dira ekimen honen baitan eta urtero lan bat saritzeko asmoa dute. Konpainia irabazleari, diru laguntza emateaz gain, laguntza artistikoa eta bultzatzaileen aretoetan erresidentzia hartzeko aukera emango zaio. Ez hori bakarrik. Proiektu irabazleak zazpi emanaldiko bira egin ahal izango du.
Zazpi dira ZUbiren sustatzaileak: Luhusoko Harri Xuri Karrikako arteen fabrika (Lapurdi), Donazaharreko Herri Antzokia (Nafarroa Beherea), Durangoko San Agustin Kultur Gunea (Bizkaia), Leioako Kultur Leioa (Bizkaia), Zornotzako Ametx Zornotza Aretoa (Bizkaia), Elorrioko Arriola Aretoa (Bizkaia) eta Aulestiko Artedrama Euskal Laborategia (Bizkaia). Eta zazpi elkarte horietako ordezkariak izango dira ZUbi egitasmoaren epaimahaia osatuko dutenak.
Deialdia antzerki proiektu berri bat duen orori zabalduta dago. Baina ideia berriak bultzatu nahi dituzte eta, zehatzago esanda, sortzaile berrien proiektuak. Hori bai, euskarazko testuak sarituko dituzte, edo testurik gabeko lanak bestela. Guztiek ere proiektu abiatu berriak izan beharko dute. Horrez gain, formatu txikiko eta ertaineko lanak hobetsiko dituzte, bideragarriagoak direlako, aretoen baldintzetara moldatzeko aukera zabalagoa baitute.
Durangon egin zuten ZUbi proiektuaren aurkezpena.
Proiektuak aurkezteko azken eguna: irailak 14
Egitasmo honen inguruko xehetasun gehiago aurkituko dituzue esteka honetan. Hala nola, bete beharreko formularioaren PDFa. Kontuan izan irailaren 14an amaituko dela proiektuak aurkezteko epea. Gainontzean, informazio gehiago Leioako Artedraman edo Luhusoko Kultur Aretoan jaso daiteke.
Artedrama Arte Eszenikoen Plataforma
Jose Ramon Aketxe Plaza 11
48940 Leioa
+34 615 779 511 / 633 567 646
info@artedrama.com
http://www.artedrama.com/eus/index.php
Harri Xuri - SIVOM Artzamendi
Kultur Aretoa
F-64250 Luhuso
+33 (0) 5 59 55 58 43
harrixuri@yahoo.fr








Iruzkinak (0)