Egilea editore denean

Egungo autoedizioaz gogoetak

Osteguna, 2012-05-03

Zer nolako errealitatea islatzen du egun autoedizioak euskal literaturan? Zer arrazoi izan ditzake egile batek bide hori hartzeko? Internetek ordezkatu ote ditu, neurri batean, garai bateko autoedizio erak?


(Sarrerako argazkian: Maite Gurrutxagaren lan bat).

Zer nolako errealitatea islatzen du egun autoedizioak euskal literaturan? Zer arrazoi izan ditzake egile batek bide hori hartzeko? Internetek ordezkatu ote ditu, neurri batean, garai bateko autoedizio erak?

'Zer da autoedizioa? Frustratuen azken ostikoa? Ausarten proposamena? Alternatiboen bitxikeria? Jarrera artistikoa? Aukera erreala? Kimera?' galdetzen genuen 2010ean egindako erreportajean. Azkenaldian argitaratutako hainbat lanen bidetik gogoetan sakontzera gatoz erreportaje honetan.

Segur aski hitza papereratzen hasi zenetik egon da autoedizioa. Testuinguru eta garai bakoitzean modu ezberdinean uler liteke bere funtzioa eta zergatia gizartean, literaturan eta oro har kulturgintzan. Zeintzuk dira egun, Internetek ediziogintza eta sormen lanen zabalpena biziki baldintzatzen dituen garaiotan, autoediziora jotzen duten egileen arrazoiak?

Literaturan ez bezala bizi da musikagintzan autoekoizpena. Besteak beste merkatuaren bilakaera eta haren aurrean diskoetxeek kasu askotan moldatzeko erakutsi dituzten gabezien aurrean sortzaileen erantzun progresibo eta naturala izan da bide hori hartzearena. Kasu batzuetan elkarte edo sortzaile sareetan antolaturik plazaratzen dira lanak, autoekoizpenaren etsai izan daitekeen bakardadea eta isolamendua apurtuz eta gabeziak estaltzeko aliantzak bilatuz, baina egiteko modu eta filosofian autoekoizpenetik gertu. Azken urteetako abiadura biziko bilakaera teknologikoak ia edonoren eskura utzi ditu kalitate teknikoa duten emaitzak egiteko baliabideak (beste kontu bat litzateke haiek erabiltzeko gaitasuna). Literaturan berriz, denbora gutxian 'E-book'ak ate joka hasi zaizkigun arren, elkarbizitza egiten dute oraindik euskarri ezberdinek, paperaren itzalpean. Agian literatur autoedizioak ez du lortu gainditzea oraindik, neurri batean musikagintzan ez bezala, diskoetxeen bidetik kaleratutako lanen prestigioaren langa, kasu askotan aurreiritzia izan daitekeena.

Argitaletxearenaz harago, editorearen zigilua dute faltan neurri handi batean autoedizioek. Sormen lana filtrorik gabe plazaratzea goresten da kasu askotan, baina editorearen benetako funtzioa ahaztuta sarri testuaren kalterako: beste begi batzuen frontoi izaerak, sortzailearen ispilu, talde lanaren bidetik sormen lanean sakontzeko bidea eman dezake (eman behar luke). Nolanahi ere, azken urteetan egon egon da autoedizioaren bidetik plazaratutako lan ugari.

Zeintzuk izan daitezke egun autoedizioaren bidea hautatzeko arrazoiak?

Prozesu osoaren gaineko kontrola

Liburua argitaratzean prozesu osoaren gaineko kontrola izan daiteke motibazio garrantzitsu bat egilearentzat. Ainhoa Unanue Mentxakak bi poesia liburu argitaratu ditu, azkena Kontraste garaia izenekoa. Duela hilabete batzuk egindako elkarrizketan adierazi zigunez 'nahiago izan dut nik kontrolatu prozesu guztia, liburua egin, saldu, ordaindu… nire bi lagun prest zeuden marrazkiak egiteko eta horrela egin nuen aurrera, ez nuen pentsatu ere egin beste modu batean izan zitekeenik'.

Poesiaren arloan topa litezke autoedizio asko, agian poesiak berak genero gisa publiko zabal batekin (ikuspegi komertzialetik bederen) konektatzeko dituen zailtasunengatik. Urtzi Urkizu idazleak poesia liburu berria plazaratu du Maiatz argitaletxearen eskutik, baina lehenago kaleratu zuen 'Beta' izenekoa editore lanak bere gain hartuta. Elkarrizketa batean Uberani adierazi dionez 'bere alde onak eta txarrak ditu autoedizioak. Esango nuke gauza batzuk ikasi nituela autoedizioan liburua ateratzean. Baina bestetik psikologikoki nekagarria suertatu zitzaidan. Une batzuetan bakarrik sentitzen zara. Eta orokorrean niri gauzak eta proiektuak konpartitzea gustatu izan zait'.

Askatasunak bakardadea ekar dezake, liburua irakurlearen eskuetara iritsi artean ugariak baitira eman beharreko urratsak: liburua idatzi noski, eta zuzendu, landu, maketatu, diseinatu, inprimategiarekin tratua egin, errepasatu, jaso, banatu, salmenten kontabilitatea egin, komunikabideei zabaldu...

Andoni Salamerok bi poesia liburu kaleratu ditu bere kabuz: Zu. Ni. Bi. Bidean... (2004) eta Bide ertzeko printzak (2006). Bere esanetan traba baino gehiago esperientzia aberasgarria izan da 'bi liburuak autoedizioaren bidetik kaleratzea erabaki nuen, izan ere, hasiera batean, batik bat lehenengo liburuarekin, prozesu guztiaren berri izan nahi nuelako. Atsegin zitzaidan liburua idatzi eta gero, ezer argitaratu aurretik, zein urrats ematen ziren ikustea, eta era berean zenbat lagunek jardun horretan hartzen zuten lanaz ohartzea. Gezurra dirudi, baina ezer plazaratu aurretik lan eskerga egiten du jende askok eta hori nola gertatzen den behatzea esperientzia bizia izaten da'.

Poesia aipatu dugu, baina oro har edozein generotan topa litezke ohiko argitaletxeek beren ekinbidean kokatzen ez dituzten edukiak.

Ez ohiko edukiak plazaratzeko bidea

Kasu batzuetan lehenik eta behin argitaletxeekin saiatu izan dira idazleak haien lanak kaleratzen, beste batzuetan zuzenean jo dute autoediziora. Salamerok berak aitortu digunez 'ez dut inoiz argitaletxe batera jo, nahiz eta askok iradokizun hori egin didaten. Ideia ez da txarra, erakargarria, argitaletxeek zabalkundea eta berori argitara ematea bermatzen dizute -liburua onartzen badute, jakina- baina autoedizioak askatasuna ziurtatzen dizu, hau da, zu zara prozesua kontrolatzen duzuna, gustuko olerkiak jartzen dituzu, maketatzailearekin eta inprimatzailearekin zeu egoten zara eta nahi duzun eran liburua aurkezteko aukera aparta duzu, niretzat baldintza ezinbestekoa'.

Bestelakoa da, adibidez, Ibai Mendinuetaren kasua, lehenik eta behin argitaletxe batera jo zuen heinean Xenda bi ez duk lizentzi nobela mardula plazaratzeko. Kasu honetan hizkuntza eredua izan zen argitaletxetik jarri zioten traba 'lehenengo aldia zan argitaletxe batekin harremanik neukana. Argi esan zidaten euskara batura pasa edo gerturatu beharko nukeela dena, beste aldaketa asko egiteaz gain. Eta ni ez nengoen hortarako prest. Nere ustez arima galduko zukeen liburuak. Bestalde, esan zidaten gaur egunean beste inork etzidala argitaratuko. Hortaz, denbora galdu ordez neronek ateratzea erabaki nuen. Balantzea ona da, liburuak erabat bukatuta egon zedin egin beharreko zerbait zala iruditzen zitzaidan. Eta era berean, ezagutzen ez nuen mundu batera gerturatu ere egin naiz'.

Esperimentaziotik eta ikuspegi artistiko batetik egindako lanek izan dezakete zentzu berezia autoedizioaren eremu anitzean. Literaturaz zentzu hertsi batean ari garelarik 'hitza' izan ohi da burura datozkigun liburuetan elementu nagusia, baina liburua bera bada beste arte batzuentzako euskarri. Gurean horretarako tradizio handirik ez badago ere, beste herrialde batzuetan autoedizioa ('hitza'rekin izan ala ez) ikuspegi artistiko batetik lan egiteko modu bat izaten ahal da. Horren isla izan daiteke adibidez Maite Gurrutxaga ilustratzailearen lana, edo berriki Nagore Legarretak kaleratu duen Edipotoa (Banizu Nizuke) liburua. Legarretaren liburuan bat egiten dute kamera estenopeikoarekin egindako argazkiek eta hainbat idazleren poemek (Gorka Setien, Juanbau Erauskin, Haizea Arregi Marti eta Mikel Peruarena).

Gorka Setienek berak kaleratu zuen Ertzetako komunukazioak izeneko poesia liburua, 2008an. Liburu horrekin harreman bitxia sortu du Ainhoa Unanuek aipatutako Kontrasteen garaia liburuan, Setienen liburuko testuekin nolabaiteko elkarrizketa poetikoa abiatuz. Bestetik, Setienek bere poemak zabaltzeko bestelako modu batzuk ere jorratu izan ditu: duela gutxi bere irudi propioak paratu ditu erakusketa batean, eta bertan poema berriak jarri ditu mahai batean eskuragarri, liburu bateko orri solteak bailiran. Azken batean, ugariak izan daitezkeelako autoedizioa zabaltzeko moduak.

Karlos Linazasorok Eguzkia ateri izeneko poesia lana kaleratu zuen 2001ean, eta Gerardo Markuletak honakoa idatzi zuen Eguneron egindako iruzkinean:

''Autoedizioak ez du, denbora askoan, oso izen ona izan liburuzaleen artean. Bere orijinala argitaletxez argitaletxe eta ukaziorik ukazio ibili ondoren, amorruz poltsikoa astindu eta berak kaleratzeko tema hartu duen idazlearekin lotu izan dugulako, beharbada. “Egileak berak eginiko” edizioak orri fotokopiatu gaizki josiekin lotzen genituen.

Gaur egun, zorionez, autoedizioa lotuago ikusten dugu inprimatzeko prozedura informatikoez edo artisau antzeko prozeduren bidez sortutako liburuekin. Autoedizioak baditu egun, baita gurean ere, bere fruitu goxoak, artearen ederrez, ederraren arteaz umotuak. Horietako bat dugu, dudarik gabe, salgai ez dagoen liburutto hau, miniaturazko harribitxia, mini poesia liburua, hori guztia baita Karlos Linazasororen Eguzkia ateri.

Paper birziklatu sendoan inprimatua, orriak zulatu eta zuntz antzeko batez josi eta bistan lotua dago. Azalean, egilearen zuri-beltzeko marrazki bat: eguzkiaren azpian, mendi baten pean, giza-irudi beltz batzuk dantza zein borrokarako izan daitekeen higitze eroan. 150 aleko edizioa dela gaztigatzen du inprimatze-oinak''. (...)

Liburu-objektuarekin jolasteari dagokionez Imanol Epeldek badu zeresanik. Epeldek plaza ugaritan aurkeztu zuen Mattin Epelderekin batera Komuneko paperean izeneko errezitaldia. Bertako poemak edonoren esku jarri zituen bere blogean eta ondoren paperean plazaratu zituen, kasu honetan objektuari garrantzia berezia emanez eta poemetako edukiak objektutik ere (umorez) interpretatuz: komuneko paperean argitaraturik, hain zuzen ere. Epeldek berak aipatzen duenez zentzu berezia dauka objektuarekin jolasteak testua poesia denean 'poesia ez da irakurtzen. Eta gutxiago klasikoen antologiak ez diren lanak. Gure poemak segituan saldu genituen. Eta formatuak izango du horretan zerikusi handiena'.

Autoedizioa Interneten garaian

Banaketaren behinolako traba eta zentzua bera eraldatu ditu Interneten presentziak autedizioan. Ez soilik hori, Interneten hedapenak eta errotzeak eztabaida sakon bat eragin du maila guztietan: zabalpena, egile eskubideak, hedapena, irakurtzeko erak, idazteko erak... eta baita oinarri-oinarrizko kontu batean ere: kasu batzuetan zer den, zer ez den literatura. Epeldek berak azaldu digunez 'gaur publikatzen den guztia (izan musika, literatura edo artea...) jarri beharko litzateke sarean jendearen eskura. Autoeditatua izan edo ez, sarean dagoen guztia ere ez baita autoeditatua. Eta ez naiz dena doan jartzearen aldekoa. Jendeari borondatea eskatzearen aldekoa baizik. Baloratu dezala hor eskuragarri dagoena eta ordain dezala duintasunez, iruditzen zaiona'.

Bide hori hartu du hain zuzen ere Ibai Mendinuetak bere nobelarekin. Paperean argitaratu zuen mila orrialdetik gorako liburua, baina eskuratu daiteke borondatearen truke hainbat formatutan 'horrenbeste ordu, horrenbeste lan, horrenbeste urte idazten pasa ondoren, zabalpen gutxieneko bat eduki dezan jarri nun sarean. Jendeak lasai ikus dezan ere bai, interesatzen zaion edo ez, liburutzarra erosi aurretik, edo erosi partez'. 'E-book'aren zabalpenak autoedizioari lagunduko lioke? Maila horretan Mendinuetak oraindik 'kokatzen' ari direnen artekoa du bere burua 'ez det mundu hau gehiegi ezagutzen. Batetik, inprentako gastuak aurreztuko lirateke. Jendearengana iristeko, erraztasun gehiago leudekela dirudi, jende batzuengana behintzat, baina ikusi beharko da gizartean ze leku hartzen duten. Hala ere, nik nahiago paperean beti ere'.

Oraingoz paperean heltzen dira autoedizio asko eta asko, poesiaren arlokoak ugari; gutxi dira formatuarekin jolastera ausartzen direnak, gero eta gehiago paperean ateratzearekin batera sarean osorik eta doan jartzen dituztenak. Helburua irakurriak izatea delako.

Azken urteetako autoedizioen zerrenda bat (*):

2001.

Linazasoro, Karlos. Eguzkia ateri, poesia.

2002.

Korta, Gabriel. Harri hautsiak, poesia.

2004.

Etxeberria, Hasier. Antso erregea, antzerkia.

Ezkiaga, Patxi. Mahats-denboran, poesia.

Larrea, Angel. Arratiako euskal idazle aitzindariak, saiakera.

Salamero, Andoni. Zu. Ni. Bi. Bidean., poesia.

2005.

Arrieta, Yolanda. Gatzaren atzetik, saiakera.

Zabaleta, Patxi. Eneko Aritzaren hilobia, nobela.

2006.

Salamero, Andoni. Bide ertzeko printzak, poesia.

2007.

Amuriza, Xabier. Dinosauroak horizontean, nobela.

Urkizu, Urtzi. Beta, poesia/narrazioak.

2008.

Amuriza, Xabier. Orain ezin naiz hil, nobela.

Setien, Gorka. Ertzetako komunukazioak, poesia.

Unanue Mentxaka, Ainhoa. 49 poema, 49 egun, poesia.

2009.

Epelde, Imanol. Komuneko paperean, poesia.

2010.

Korta, Gabriel. Laugarrenak lau, poesia.

2011.

Alberdi, Mikel. Hizkien eskalea, poesia.

Casado da Rocha, Antonio. Sagarrak eta aintzira, (H.D.Thoreau-ren testu baten birsortzea), poesia.

Mendinueta, Ibai. Xenda bi ez duk lizentzi, nobela.

Unanue Mentxaka, Ainhoa. Kontraste garaia, poesia.

2012.

Korta, Gabriel. Elurra galtza motzetan, poesia.

Sarean soilik:

2008.

Strubell, Xabi. Lauki bat zen.

Beste arte diziplinetatik abiatuta:

2010.

Gurrutxaga, Maite. Autoedizioak, ilustrazioa.

2012.

Legarreta, Nagore. Edipotoa (banizu nizuke), argazkia eta poesia.

(*) Seguru badirela gehiago, lagundu zerrenda osatzen!: hitzenuberan@gmail.com

ALBISTE HONEN UBERAN:

'Xenda bi ez duk lizentzi' nobela BERRIAn eta SUSTATUn

Nagore Legarreta BERRIAn: elkarrizketa (2010) eta liburuari buruzko artikulua

Uberan: Autoedizioaz bi hitz erreportajea

341. Sautrelako erreportajean landu zuten autoedizioaren gaia:

 

 

Bideoak

Iruzkinak (1)

  • Gorka Velasco
    2012-05-22 22:53

    "Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen" autoeditatua, Arte Bizkarra Kulturgintzaren babesarekin.

    Ikusi: http://gorkavelasco.blogspot.com.es/2011/04/hau-da-liburuaren-azala.html

    Hitzen uberaneko berria:

    http://gorkavelasco.blogspot.com.es/2011/06/hitzen-uberan-webguneak-sarean-kokatu.html

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Krisia, langabezia, errebolta, errepresioa, hondamena dira Iñigo Aranbarriren laugarren nobelaren ardatzak. Esteban Alberdi protagonistak lana galdu du, aldentzen ari zaio familia, eta durduzatuta dabil. Baina oraindik gehiago okertuko da bere egoera. Gau batean, kankarrean kolpe handia hartuta aurkituko dute kale bazterrean. Eldarnio betean, denboraren putzuan barneratuko da, bi mende eta erdiko jauzian: Azkoitian ikusten du bere burua 1766ko apirilean, gariaren eta artoaren prezioa garestitu dutenean eta herritarrak matxinatu egin direnean.

    Egungoa eta Ilustrazio garaikoa, bi plano horiek josi ditu Apirila (Susa, 2014) nobelan.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak