Xabier Etxeberriarekin elkarrizketa

'Udazkeneko lorea' nobela kaleratu berri du Elkarrekin

Ostirala, 2012-07-13

Xabier Etxeberriak Udazkeneko lorea nobela kaleratu berri du, Elkar argitaletxearen eskutik. Azken urteetan Martin anaiarekin elkarlanean plazaratu izan du narrazio asko, hauxe du bakarka atera duen bigarrena.

Xabier Etxeberriarekin elkarrizketa

Nire inguruko gertaera, pertsonai eta paisaietan asko oinarritzen naiz idazteko garaian.

Xabier Etxeberriarekin elkarrizketa

Guztiok dauzkagu, gutxienez, bi aurpegi.


Urte batzuk bete ondoren, melankolia apur bat ez izatea ezinezkoa da. Ergelak ginateke bestela.

Hauxe duzu bakarkako bigarren eleberria. 2001ean kaleratu zenuen aurrenekoa. Zer behar duzu idazten jartzeko, zerk bultzatzen zaitu idazten hastera?

Nire inguruko gertaera, pertsonai eta paisaietan asko oinarritzen naiz idazteko garaian. Oharkabean bada ere, lepo gaineko melokotoia martxan eta grabatzen dudala une oro iruditzen zait. Eguneroko bizitzan arrazoi ezberdinegatik arreta deitu didaten elementu ezberdinak (ezagun batek kontatutako pasadizoa, kalean ikusitako eszena bat, entzundako hitz bat) prozesatzen, moldatzen eta elkarrekin josten aritzen naiz, itxura bat hartu eta paperera “botatzeko” unea iristen den arte.

Zure ibilbidean ekidin ezina da Martin anaiarekin batera idatzitako hiru nobelak aipatzea. Zer ematen dizu bide bakoitzak, nola elkar osatzen dute biek (bakarkakoa/anaiarekin egindakoa)?

Bi proiektu dituen musikaria naizela esaten dut txantxetan batzuetan: talde gisa (Martinekin) eta kantautore moduan. Anaiarekin oso sintonia ona dut eta elkarrekin idazten primeran pasatzen dugu. Elkar aberasten dugula iruditzen zait gainera, badagoela sinergia bat eta bakarka sortuko ez liratekeen elementuak ematen dizkiogula batak besteari. Istorio batzuk, dena dela, bakarrik lantzeko beharra ere sentitzen dut, honako nobela hau bezala, era jakin batean kontatu nahi ditudala sentitzen dudalako, elkarlanak suposatzen duen negoziazio eta kontsentso beharrik gabe. Mentalki ere, oxigenatzeko, ondo etorri zaigula uste dut eta, dena dela, berriro elkarrekin ari gara beste proiektu batean.

Udazkeneko lorea. Protagonistek, asko-gutxi, zure adineko pertsona baten kezkak isla ditzakete. Belaunaldi-liburua da neurri batean? Alegia, zure belaunaldiko jende posible baten joan-etorriak islatu nahi izan dituzu, edo ez zegoen hori zure helburuen artean?

Ez zegoen kontzienteki, ez, baina egia da hiru pertsonai nagusiak 40 urte betetzeko jira horretan daudela eta, alde horretatik, euren bizitzan inflexio puntu bat badagoela, hausnarketa bat: “honaino iritsi naiz, eta orain nora noa?”.

Zentzu horretan pertsonaia nagusien barne eta kanpo kontraesanak geratzen dira agerian, une eta jarrera ozpinak bezala aurrera egiteko nahiak. Karikatura da neurri batean, edo pertsonak ezinbestean grisak eta kontraesanez beteak gara?

Berez gara denok kontraesankorrak. Liburuari hasiera ematen dion Vittorio de Sicaren aipuak dioen moduan, gure lagunak eta gure etsaiak, askotan pertsona berberak dira. Guztiok dauzkagu, gutxienez, bi aurpegi, eta ez da antzezten aritzen garelako, sinpleki, sarritan gauza bat esan/pentsatu eta bestea egiten dugulako baizik.

Hiru hari nagusi elkar-lotzen dituzu liburuan, hiru pertsonaia, hiru ahots, hiru istorio. Hasiera-hasieratik oso argi zenuen pertsonaien joan-etorrien eta bidegurutzeen eskema, edo idatzi ahala joan zaizu agertzen?

Orain arteko nire idazkera ohituren aurka, ez neukan bukaera pentsatuta honako honetan eta, nolabait esateko, pertsonaia bakoitzari barra librea utzi diot. Idazten nindoan heinean, hori bai, gurutzaketa posibleak aurreikusten eta, ahal zen neurrian, prestatzen joan naiz.

Zer nolako hirukia osatzen dute hiru pertsonaia nagusiek, Mikelek, Luciak eta Naroak?

Liburuaren hasierako izenburua “Triangelu eskalenoak” zen. Eskalenoa, matematikak dioenez, angelu eta neurri ezberdineko aldeek osatutako hirukia da. Herrena esan nahi du etimologikoki eskaleno hitzak. Hiru pertsonaia horiek osatzen duten triangelua modu horretakoa dela esan liteke: nahiko ezberdinak diren hiru pertsonen artekoa, bakoitzak atzetik istorio luzeago bat dakarrelarik.

Mikelen ametsen gainbehera, Luciaren iragana eta oroitzapenak, Naroak ezagutu duen emakume helduarekin zeharka bizi duena… Atzera begira bizi dira?

Lehen aipatu dizudan moduan, pertsonaiak euren bizitzan inflexio puntu batean aurkitzen dira. 40 urte betetzearena, sozialki gure kulturan, bada mugarri bat eta bakoitzak bere ibilbidean, esan dezakegu, geldiune bat egin nondik datorren begiratu eta nora jo nahi duen hausnartzen dutela.

'Sekretuek, batzuetan, babestu egiten gaituzte'. Agian gezurra eta engainua dira (sekretuekin batera), pertsonaiek komunean duten zerbait?

Bai, hiruek dute sekretu bat, gezur bat, inork ezagutzea nahi ez duten miseria txiki bat. Horrelako pertsonaiek beti erakarri izan naute, gezurtiek. Gezur horiek, gainera, bizimodua konplikatzen diete.

Gaur egungo ezkontza 'klasiko' edo 'ohiko' baten inguruan mugituko dira hari asko. Ezkontzan bertan ikusiko da zeharka gure gaurko gizarte honen ezaugarri esanguratsu zenbait. Zer nolako makulua izan da ezkontza narraziorako, zer nolako jokoa eman dizu?

Ezkontza, egoera bezala, oso interesgarria da. Izan erlijiosoa edo ez, show bat da, bere liturgiarekin, bere mozorroekin, erritu txikiekin… bestetik, lotura guzti horiez gain, paradoxikoki, arau sozialak eteten diren une bat ere bada. Juerga dago, deskontrola, amona dantzan, umeak ardoa edaten… Ohiko markotik ateratzen da jendea eta, zuk diozun bezala, joko asko ematen du.

Bada liburu osoan zehar ere etengabe azaleratzen den bestelako gairik: euskararena adibidez, ironia handiz sartzen dituzu horren inguruko zertzeladak, gure gizarteak (geuk, funtsean) euskararekin egunerokoan dituen kontraesanak...

Bai, inolako exageraziora jo beharrik gabe, egunero euskal hiztun bati gertatzen zaizkion detaile pare bat sartu ditut. Euskaldunak euskaldunari erderaz hitz egitea, esate baterako, edo taberna eta komertzioetan euskara erantzuteko ahalegin minimoa ez egitearena. Benetan gertatzen zaizkidanean haserretzen nauten kontuak dira, baina gero kobarde hutsa naizenez, aurpegira esan ordez nobela hau idatzi behar izan dut hori sartzeko aitzakia izateko.

Eta ildo horretan, umorea bera aipatu behar litzateke. Errealitatetik gauza asko hartu dituzu (jarrerak, pertsonen arteko harreman mota ezberdinak...), eta errealitatearen parte da, hain zuzen ere umorea eta ironia ere. Zer nolako tresna da umorea zuretzat?

Umorea, batetik, nire izateko moduarekin batera doa ziur aski, transzendentziak eta solemnitateak ultzera sortzen didatelako eta, bestetik, komunikaziorako, jendearengana benetan iristeko, izugarri tresna eraginkorra dela iruditzen zaidalako.

Aurkezpenean estiloaz mintzatu zinenean, irakurlea argumentuaren bitartez harrapatzeko ahalegina aipatu zenuen. Maila horretan zeri ematen diozu lehentasuna idazteko orduan?

Biek dutela garrantzia uste dut. Berez, argumentua, esan nahi dena, gehiago landu izan dut orain arte, denbora gehiago ematen dut horretan pentsatzen. Estiloa ere, esan nahi dena nola esan, oso garrantzitsua da ordea, eta hori ere era jakin batean, kontzienteki egiten saiatu naiz.

'Pentsamendua udazkeneko lorea da', irakurri daiteke liburuaren une batean. Atzera begiratzeak, udaberria zein udara alegia, egindakoetara eta egin gabe utzitakoetara, dakar pentsamendu hori? Edo bestela esanda, topa daiteke benetan lorerik udazkenean?

Urte batzuk bete ondoren, melankolia apur bat ez izatea ezinezkoa da. Ergelak ginateke bestela. Egindako zenbait gauzez damutuko zara agian edo, okerrago dena, egin ez dituzunez. Bizitzan positiboa izaten saiatu behar dugula uste dut hala ere –behin biziko eta ez gara beti negarrez egongo, ezta?-, eta horregatik uste dut aurrera begiratu behar dela, proiektu berriak izan, udazkenean eta neguan ere, loreak biltzen segitu.

Bideoak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Eguneroko egoera itxuraz xume horiek izan dira, beste behin ere, Jabier Muguruzak bere liburua idazteko orduan aintzat hartu dituenak: barne-beldurrak, krisialdi ekonomikoa, matxismoa, giza kondizioa, harreman sozialak, sentsualitatea, itxaropenak, bikote-harremanak, barneko indar ezezagunak, kulturaren egoera, bakardadea, duintasuna, zahartzaroa… horiek guztiak azaltzen dira Hilen logika ezkutua (Erein)  liburuan.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak