Urtzi Urkizuri elkarrizketa

'Kezka bat gutxiago' poesia liburua kaleratu du Maiatz-ekin

Osteguna, 2012-03-29

Urtzi Urkizuk (Lezo, 1975) bere bigarren poesia liburua kaleratu du Maiatz argitaldariaren eskutik. Gaur bertan errezitaldi bidez aurkeztu du Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkartean. Elkarrizketa honekin batera ikus ditzakezue emanaldian proiektatu diren bideoak.

Urtzi Urkizuri elkarrizketa

Unea bizi eta gozatu. Hori egin behar dudala jakinez gero, senti naiteke kezka bat gutxiagorekin.

Urtzi Urkizuri elkarrizketa

Liburu hau idazteko prozesuak kezka gehiago gehitu ditu zure zerrendan, edo aurretik zeudenak arindu?

Liburua bera idazteak ez dizkit eguneroko kezkak arintzen, bizitzako borrokak arinduko dizkit gehienera ere. Liburuko olerki gehienak 2010eko abendutik 2011ko apirilera idatziak daude. Une horretan nituen kezketako batzuk mantentzen dira, beste batzuk sortu dira eta baten bat gaindituko nuen. Halako bat gainditituta, kezka bat gutxiago esango nioke neure buruari. Liburuaren egituran, hasieran idazlea, ni neu, zalantzaz eta kezkaz beterik dago. Ez daki ondo zer esan eta zer egin. Bidean mundu txikiei begira jartzen da. Gertuen dauden munduei edota nazioartean daudenei. Eta amaierako mezu baikor bat azaldu nahi dut, momentuan momentukoa bizitzea. Unea bizi eta gozatu. Hori egin behar dudala jakinez gero, senti naiteke kezka bat gutxiagorekin.

Zer dira kezkak, liburu honetan?

Kezkak izan daitezke barne korapiloak. Barne labirintoak. Bihotzaren taupadak. Eta kezka zaitzake alabaren hezkuntzak zein Japonian Fukushimako zentralarekin gertatu denak. Bizitzaren parte da kezkak izatea. Baina batzutan kezkak albo batera utzi eta ahalik eta modu sinpleenean disfrutatzen ere jakin behar da.

Hainbat ataletan banatu duzu liburua. Argi zenuen hasieratik egitura hori, alegia, hainbat gai jorratu nahi zenituela?

Olerkiak idazten ari nintzela, gai ezberdinak joan zitzaizkidan ateratzen modu naturalean. Gizarte eta politikako gaiak zeuden, maitasun poemak, alabari buruzkoak eta sailkatu gabekoak. Konturatu nintzen olerki sortari forma bat emateko, zirkulo moduko bat egin behar nuela. Zalantzekin hasi eta zalantzak argituta amaitu. Eta tartean gai bakoitzak bere atal propioa izateak bere zentzua zuela iruditu zitzaidan.

Kezkak, zalantzak, galderak... lekuan iltzatzen zaituzten aingurak dira, edo aurrera egiteko akuiluak?

Aurrera egiteko akuilu, zalantzarik gabe. Lekuan iltzatuta ez goaz inora. Bizitzan aurrerapausoak emateko beharrezkoak dira aipatu dituzun kezkak, zalantzak, galderak. Bestela ez ginateke pertsona izango. Beste kontu bat da erantzunak aurkitzen ditugun. Edo erantzunak aurkituta ere, gai ote garen bide egokian jokatzen. Eta erantzukizuna beti hartzen dugun. Nire uste apalean, satisfakzio handia da erronka bat gainditu eta esaten duzunean: kezka bat gutxiago. Hurrengo kalekantoian beste kezka bat dator ziur aski. Baina bakoitzari borroka propioa eskaini behar diogu. Aurrera begiratuz eta akuilu izan daitekeela ikasiz.

Liburua barrura begira idatzi duzula esan liteke, zure egunerokotasunari loturiko gaiak azaleratuz, baina tarteka salto egiten dute poemetara gizarte gaiek ere, munduan zehar jazotakoek... nola uztartzen dira bi ildo horiek zuregan?

Kezkatzen nau munduan eta Euskal Herrian gertatzen direnak. Kazetaria naiz eta etengabe nago informazioa irensten. Baina eguneroko kazetaritza lanean zailagoa egiten da gertakari horien inguruko begirada propio bat ematea; nahiz eta onartzen dudan oso pozik nabilela nire eguneroko lanean. Liburuko "gizakia gaurko gizartean" atalean, berriz, aukera izan dut gizarte gai horiei buruzko iritzi poetiko bat emateko. Gizarte eta politika gai hoiek, gainera, eragina dute gugan. Eragina dute zenbaitetan gure egoera animikoan. Eta hori neurri batean edo bestean islatzen da liburuko pasarte batzuetan.

Aitatasuna izan liteke bertako beste gai bat, alabarekin sortutako harremana. Badira aitatasunaren gaia landu duten idazleak, baina oraindik ere ez da oso ohikoa horri buruzko lanak topatzea. Zuk irakurle gisa faltan bota izan duzun zerbait da hori?

Oroitzen dut Koldo Izagirreren 'Rimmel' liburua. Asko gustatu zitzaidan. Gainontzekoan ez dut erreferente handirik alor horretan, baina ez nuke esango faltan bota dudan zerbait denik. Alabaren atalean, barneko poza adierazi dut, hizkera lau eta zuzen batean. Haurtzarora itzultzeko saiakera txiki bat ere izan daitekeela esango nuke. Modu zuzenean adierazi dut alabarekiko sentitzen dudana eta ez dut horrekin lotsatzeko asmorik. Literatura edo poesia denik ere zalantzan jar dezake baten batek, baina horren konsziente izanik, ez nuen asmorik bihotzak esaten zidana autozentsuratzeko.

Zure bikotearen, alegia amaren, testu bat ere tartekatu duzu zureen artean. Zergatik?

Alaba mundura ekarri zuena da bera. Beraz, haren ahotsa sartzeko aukeran pentsatu nuen. Zentzua zuela iruditzen zitzaidan. Bikotekideak tarteka idazten du, nahiz plaza publikora ez agertu. Eta gustora idatzi zuen alabari eskainitako olerkia. Beta liburuan ere olerki bat bion artean idatzi genuen. Kezkak konpartitzen ditugunez, zergatik ez ditugu ba liburuetako orrialdeak konpartituko?

Auxtin Zamorak idatzi du hitzaurrea, Hatsako bildumatan parte hartu izan duzu... aurten ere han izango zara?

Hala espero dut. Beti da plazer handia Hatsa egunera joatea, nahiz eta azkeneko bi urteetan joan ez naizen. Oso giro berezia sortzen da, Euskal Herri osoko lagunekin. Eta horren erruduna Auxtin Zamora da. Ez dakit nahikoa baloratzen den. Garai batean hasi nintzen Hatsa elkarteari buruzko dokumental bat egiteko asmoarekin, baina hor dago kaxoian gordeta. Ea berreskuratzerik daukagun etorkizunean.

Hatsak Senperen du habia, Maiatz Baionan kokatutako elkarte eta argitaldaria da. Zer du iparraldeak erakargarri, poesia bideratzeko orduan?

Nire aitak ere beti harreman handia izan du Ipar Euskal Herriarekin eta kasu honetan ez dut uste arrazoi berezirik dagoenik. Juanma Sarasola adiskideak Maiatzekin atera zuen olerki liburua, eta bera pozik zegoen tratuarekin. Luzien Etxezaharreta ezagutzen nuen lehendik. Eta niretzat garrantzitsua zen tratu pertsonalaren kontu hori. Banekien argitaletxea eta nire arteko harremana mimozkoa izango zela. Eta hala izan da.

Zure aurreko liburua (Beta), autoedizioaren bidetik kaleratu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Bere alde onak eta txarrak ditu autoedizioak. Esango nuke gauza batzuk ikasi nituela autoedizioan liburua ateratzean. Baina bestetik psikologikoki nekagarria suertatu zitzaidan. Une batzuetan bakarrik sentitzen zara. Eta orokorrean niri gauzak eta proiektuak konpartitzea gustatu izan zait.

Zer balio ikusten diozu autoedizioaren bideari?

Balio handia du, noski. Idazle, musikari edo zinemagile batek autoedizioan egiten badu bere lana ez du beste batzuen menpe egon behar. Berak kudeatzen du obra, nahieran. Musikarien kasuan ikusten dut gero eta gehiago ematen ari dela autoedizioaren bidea. Eta esango nuke kultura kontsumitzen dugunok hori ere baloratu behar dugula. Autoedizioan ari diren euskal artista horien lanak gehiago erostea proposatuko nuke. Beno, ea gaur bertan betetzen dudan hori.

Oraingo honetan argitaletxe baten babesa bilatu duzu. Zer du bide horrek autoedizioarenak ez duena?

Batez ere produktua konpartitzea eta babes gehiago sentitzea. Argitaletxe txiki eta beteranoa da Maiatz, eta neurri horretan banekien nolakoa izango zen babesa. Sentitzen duzu, bestetik, liburua ez dela bakarrik zurea. Eta hori positiboa da badakizunean beste aldean dagoena zure sintonia berean dagoela. Gero, betikoa dago: banaketa errazago egiten du argitaletxe batek autoedizioan ari den norbanako batek baino. Baina horri ez nioke hainbesteko garrantzia emango.

Errezitaldiak egiteko asmoa agertu duzu. Haietan hainbat musikari, irudigile, idazleren elkarlana bilatu duzu horretarako. Zer ematen dizu zuzenean irakurtzeak, zer horretara bideratutako elkarlanak?

Elkarlanari dagokionez, Ivan Roizek eta Xabier Zapirainek bideo bana egin dute olerki banarekin. Eta pozik nago bi lan horien emaitzarekin. Urko Menaiak eta Lorea Intxaurrandietak abesti bana egin dute liburuko olerkien, eta gehiago egiteko asmoa dute. Horri esker, zenbait testuk beste dimensio bat hartzen dute. Zuzenekoetara ere helduko dira.

Zer ematen didan zueneko irakurketak? Hasteko eta behin, olerkiak publikoarengana gerturatzea. Beste modu batean transmititzea paperean utzitako hitzak. Mikelazulo bezalako tokietan, beti sentitu naiz eroso poemak jendaurrean irakurtzen. Komunikazio polita sortzen dela esango nuke. Badira 11 urte inguru lehen aldiz jendaurrean olerkiak irakurri nituela eta poesia idazteaz gehien asebetetzen nauen gauzetako bat dela esango nuke.

Kezkarik gabeko bizitzak badu zentzurik?

Ez dut uste zentzurik duenik, ez dagoelako halakorik. Kezkarik ez duena, edo kezkatuegia dago txorakeriekin edo gezurretan ari da. Gizakiaren parte da kezka. Hori bai, tarteka marteka bota ditzagun kezkak sutara eta egin dezagun oihu beldurrik gabe: Unea bizi eta gozatu. Konpaņia onarekin bada are hobeto.

ELKARRIZKETA HONEN UBERAN:

Elkarrizketa Berrian

Bideoak

Get Adobe Flash player

Get Adobe Flash player

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Iolanda Zuņigaren  Post-it bizitzak (Pasazaite) liburua ekarri du euskarara Iņigo Roque Eguzkitzak. “Liburu honetako bizitza puskak arruntak dira, gutxietsiak, iragankorrak, trukagarriak. Baina, halaber, egiazkoak”, argitaletxearen web orrian irakurri dugunez.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak