Odon Nobliari elkarrizketa

Asteazkena, 2011-06-15

Odon Noblia (Baiona, 1974) idazleak bigarren poesia liburua kaleratu berri du Maiatz argitaletxearen eskutik: Biziaren bidean. Nobliak elkarrizketan jarri ditu berak egindako poemak eta eskulturak, aurreko liburuan (Ametsak, Maiatz 2009) pinturarekin egin zuen moduan.

Odon Nobliari elkarrizketa

Moldeak uste dut ez duela garrantzi handirik, nik behar dudana da erran, adierazi

Odon Nobliari elkarrizketa

Iduritzen zait errexago izan behar dela euskaldun izaitea hegoaldean

Odon Nobliari elkarrizketa

Ametsa garrantzitsua da baina ikastea lotzen biziari, hau oraindik inportanteagoa da

Odon Nobliari elkarrizketa

Uste dut bizia ez dela sailkatu behar horrela, kalitate edo ez kalitate, utzi behar dela jendea sortzen

Hauxe duzu bigarren poesia liburua. Lehena 'Ametsa' izan zen, 2009an. Estilo aldetik haren jarraipena dela esan liteke?

Bai, estilo aldetik lehen liburuaren jarraipena da. Halere aldaketa batzu badira. Lehenean pinturak dira, bigarrenean eskulturak. Idatzien aldetik bigarrenean saiatu naiz testuak pixka bat sakontzen, baina hau egin dut beti berdin askatasunarekin, hots ez dut eredu berezi bat segi nere idazteko moldean.

Biziaren bidean da liburu berri honen titulua. Nondik dator titulua?

Titulu hau eman dut ohartu naizelako usu gure gogoetak konplikatzen ditugula eta zorionaren bidea ez dela hain korapilatsua. Alabaina, zorionaren bidea da bidean sartzea eta ez bazterrean egoitea. Bizian sartu behar da buru belarri, bixtan dena batzuetan saiatuz, gogoetatuz eta zergaitik ez hausnartuz.

Eskulturak dira, poemekin batera, liburuko protagonistak. Zer nolako harremana dago bien artean?

Eskultura batek sortzen dizkit gogoeta batzu eta horiek idazten ditut. Gogoetak, idatziak eta eskulturak oso lotuak dira, gogoeta batek eskultura bat sortzen ahal didalako.

Zer sentitzen duzu gertuago, eskultura ala poesia?

Hau jakitea zaila zait, errango nuke hau egiten dudala gauzak ez hainbeste analizatuz, aztertuz, baina egiten dut beharrezkoa dudalako. Poesia edo eskultura edo beste sorkuntza molde batetik hurbil senditzen naiz. Moldeak uste dut ez duela garrantzi haundirik, nik behar dudana da erran, adierazi. Gehienbat gustatzen zaidana erraitea da eta erraiteko manera aldatzen dut, horrela gauza desberdin batzu kontatzen ahal ditut. Adibidez, hirugarren liburu bat hasi naiz idazten eta argazkiekin eginen dut, eta agian aukera ukanen dut plazarazteko (hau da mezu bat Lucienentzat...).

Nolanahi ere, zer dute komunean bi arteek? Non elkartzen dira?

Bi arteek pundu komuna bat badute oso sinplea dena. Biei esker gure ideiak nunbait kokatzen ahal dira, hots, irudi bati esker eskulturan eta hitzei esker idaztean. Biak elkartzen dira eta bakoitzak ekartzen du bere berezitasuna. Horrela osatzen dira gauzatzeko sorkuntza orokor bat.

Eskulturak erakutsi zenituen Baionako Maiatz-en solasaldietan, eta baita ere batzuk Larrabetzuko Literaturian. Formaz gain koloreak garrantzia handia duela ikusi genuen. Liburua zuri-beltzean izanik ez da hori sumatzen. Eskulturaren formari erreparatu diozu gehiago beraz poemetan?

Zoritxarrez eskulturak agertzen dira kolorerik gabe, jakinez, Maiatz argitaletxe elkarte ttiki bat dela ahal gutirekin, baina merezimendu haundiarekin. Hor, nahi nuke eskertu bihotzez eta errespetu haundiarekin Lucien Etxezaharreta, aukera eskaini didalako nere lana plazarazteko. Erantzuteko, poemak ez ditut aldatu jakinez ez nuela kolorerik ukanen liburuan, eta egia erran, usu, pentsatzen dut ideiak garrantzi haundiena duela. Orduan kolorerik gabe ere senditzen ahal da nahi dudana adierazi.

Eskulturetan beste irakurketa bat eskaini diezu lanari loturiko objektu askori: mailuak, iltzeak, burnia bera... batzuetan ezpata bezalako objekturen bat... nola egiten duzu lan?

Eskulturan pixkat nolanahika lan egiten dut, hor ere, idatzientzat bezala ez dut eredurik. Alabaina, batzuetan nik ditut formak sortzen eta beste batzuetan forma batetik hasten naiz eta forma horrek inspiratzen ahal dit zerbait gauzatzen dudana.

Eta poesian? Zer behar duzu poesia idazteko?

Behar ditut hosto bat eta arkatz bat. Serioski, ez dut deusen beharrik, alta beharrezkoa zait idaztea. Ezeren beharrik, salbu nahia ukan behar da.

Bulkada bera dago eskultura baten eta poema baten oinarrian?

Egia erran, iduritzen zait bulkada hau gehiago senditzen dudala eskulturan, beharbada, gorputzarekin harreman sakonago bat duelakotz. Emozio haundiago bat senditzen dut nere eskulturen aitzinean idatzietan baino. Alta idatzia ezingo dut bereiztu edo ezabatu bestela nere lana ez zait bukatua iduritzen, maingu dirudi.

Iduri du poesian batzuetan eguneroko gauza 'txikietatik' abiatzen zarela gauza 'handietaz' hitz egiteko, hala da?

Iduritzen zait egia dela, baina baita ere buruhauste gehiegi egiten dudala eta beharko nukeela gauza sinpleei gehiago lotu. Biziarekin nahiko nuke lortu harreman sinpleago, zintzoago edo lasaiago bat Greziako garaian ziren filosofoak bezala. Gauza batzu gaizki ari direlarik uste nuen lehen konpondu behar zirela gogoetatuz. Orain ohartzen naiz gauzak bazterrean uztean berez desagertzen direla. Jakin behar da hartzen distantzia bat gure eguneroko arazoekin lotzeko nahi dugunari ehunetik ehun.

Liburua irakurrita iruditu zait 'oreka/armonia' asko errepikatzen den kontzeptu bat dela, baita 'ametsa' ere... badira ardatz diren hitzak eta kontzeptuak liburuan?

Bai, oreka edo armonia ainitz landu dut liburuetan, harremanetan eta abar. Gai horrek ainitz interesatzen nau eta azkenean ohartzen naiz denek sekatzen dugula oreka bat baina hau lortzean beste oreka bat bilatzen dugula desorekaren beharrez.

Bada ametsei neurria hartzeko gogo bat, baina era berean nolabait amesteari uko egin gabe (18. orrialdeko poeman adibidez).

Lehen liburuak ametsa zuen izenburu bezala eta ohartzen naiz azkenean amets ederrena dela jakitea bizitzen ahal bezain hurbil bizitik. Zaila da ideia hau aurkeztea, usu irudi batek hau ongi esplikatzen du eta saiatuko naiz zuei aurkeztea. Uste dut ametsa garrantzitsua dela baina ikastea lotzen biziari hau oraindik inportanteagoa da. Chillidaren eskulturek hau ongi erakusten dute, bere bi harri lotuak direlarik eta hauen bien artean marra bat agertzen delarik, horiek erakusten dute argi eta garbi biak lotuak direla. Nik obra horretan ikusten norbait biziari lotzen. Ainitz gustatzen zait obra hau. Ez dakit hau nahi zuenez adierazi, nik hau ikusten edo senditzen dut.

Sarritan duzu gogoetagai Euskal Herriko egoera, hizkuntza, bakea... zer nolako beharra sentitu duzu hor?

Euskal Herriari lotua naiz eta hemen gertatzen diren arazoekin bat egiten dut. Besteak beste hizkuntzaren arazo larri bat bizitzen dugu. Frantses estatuan euskara ez da ofiziala. Euskaldun gira eta eguneroko bizian zaila da euskaraz bizitzea eta horrek zailtasunak sortzen ditu. Horretarako testu bat eta eskulan bat egin dut euskara hizkuntz ofiziala bilaka dadin. Horretarako bidea luzea da baina ez da beldurtzekoa. Behar dugu bide horretan sartu eta ez bazterrean egon, horrela dira gauzak bizitzen, mugitzen, hobetzen.

Poema asko elebitan eman dituzu liburuan. Zergatik?

Lehen liburua euskaraz zen bakarrik, bigarrena elebidunean egin dut. Izan ere, nere lanean ez da bakarrik hizkuntza helburu, bada ere arte sorkuntza interes bat eta ez nuen nahi arte interes hau mugatu bakarrik euskaldunentzat. Nere inguruan baditut frantses eta ez euskaldun ainitz eta nahi nien ere aurkeztu nere lana. Bizi gira egoera politiko zail batean euskararentzat eta horrek ere esplikatzen du zergaitik hain guttik euskara dakiten. Hizkuntzak badu bere garrantzia baina ez da hau bakarrik, gogoetak ere badira eta hauek ere garrantzi haundia dute. Badakit batzuei ez zaiela gustatzen elebiduna egitea eta horregaitik ez dutela idekiko nere liburua, domaia da haientzat bakarrik lotzen direlako hizkuntzari. Horrek oroitarazten dit galdera bat ukan duguna Maiatzeko solasaldietan: gizonak galdetzen zuen zergaitik plazaratuak ziren lan batzu kalitaterik gabekoak. Momentuan ez dut ukan erantzunik baina senditu dut galdera hau kritika haundikoa zela bereziki euskararen mailari buruz. Orduan orain erantzunen diot erranez:
"Zergaitik galdera batzu ez direnak kalitatezkoak uzten ditugu pausatzen? Beharko genituzke galdera txarrak debekatu eta zergaitik ez galdera hau?" Erantzun gisa probokazio hutsa da, uste dut bizia ez dela sailkatu behar horrela kalitate edo ez kalitate, utzi behar dela jendea sortzen.

Halakoetan beti egin duzu euskaratik frantsesera bidea?

Gehienetan euskaraz idatzi dut eta gero itzuli frantsesez, jakinez itzulpena ez dela baitezpada lotua hitzez hitz eta libertate batzu hartu ditudala beste gogoeta batzu kokatzeko. Sorkuntza desmartxa batean sartu naiz eta iduritzen zait euskara dela nere emozio hizkuntza eta horregatik euskaraz idazteak emozio haundiak sortzen dizkit.

Hegoaldekoa den kazetari honek berriki ezagutu dugu zure lana, hala eskulturan nola poesian. Agian jada ez dago muga 'fisiko'rik, baina bai distantzia psikologiko handia batzuetan euskaraz sortzen dugunon artean, iparralde-hegoaldean.Ados zaude? Nola bizi duzu hori?

Egoera desberdin bat bizi dugu bereziki euskararen alorrean. Iduritzen zait errexago izan behar dela euskaldun izaitea hegoaldean. Hala ere hemen harrotasun bat senditzen dut adibidez kantu euskadun zaharrak ainitz hemengoak direlako eta horrek nortasun aberats bat ekartzen digu. Gero, egia, adibidez nik berriki hegoaldeko autoreak irakurtzen ditut eta horrek aberasten dit nere euskara eta horrek plazer haundi bat ekartzen dit. Gero irakurtzeaz gain, topaketa eta harremanek ere beldur hau desagerrarazten dute. Egia da harreman hau beharbada garatu beharko ginukela oraindik murriztua baita.

Zeintzuk dira epe laburrera dituzun proiektuak?

Epe laburrean saiatzen naiz erakusketa batzuen egitea eta gero badut beste liburu baten egitasmoa, aipatu dudan bezala hirugarrenean argazkiekin nahi nuke beste bat plazaratu. Hau bukatu eta bideoa nahi nuke landu eta azkenik egin ditut kantu batzu gitarrarekin, baina hau jadanik epe luzerako izanen da.

Egileak Biziaren bidean liburutik aukeratutako bi poema eta bi eskultura:

Harrespilak

Harrespilak beti hor
Kasik betidanik
Oteizak zion
Harrespiletan dena zela
Bere helburua zen
Besteak beste
Ikusleak heien aintzinean
Materialitateatik baztertzea
Momentu bat hartzea
Bakotxak bere izpiritualitatea sakontzeko
Hutsa izpiritualitateaz betetzeko
Oteiza edo otoitz denbora bat bilakatzeko
Meditazio gisa
Ez eliza batetan bainan
Erakusketa leku batean
Eliza laiko baten gisa
Egia da eremu publikoak ez duela horrelako
Lekurik aski hedatzen
Gogoeta momentu hau sortzea
Artearen helburu
Bat litzateke


Bakearen bidea

Bortizkeriari uko egiteko
Ezpata makurtzeko
Nere baitan
Bakea atseman behar dut
Horrela idei ilunak, txarrak, negatiboak,
Desagertuko dira.
Armonia lortzeko
Ni maitatzeko
Besteak maitatzeko
Senditzeko itsaso leuna
Ez eta ekaitzekoa, oldartua
Horretarako zein bide ?
Aldaketaren, hobekuntzaren bidea eraiki behar da.


Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Paperezko Lagunak. Hala du izena Donostiako Garoa liburu dendaren baitan osatu den irakurle taldeak. Beņat Sarasolak gidatuko du eta lehen gonbidatua Lander Garro izango da. Gerra txikia (Susa, 2014) nobela aztertuko dute ostegun honetan, 20:00etan hasita. Solasaldia bi zatitan banatuko da, eta bigarren zatian idazlea present izango da. Interesa duenak idatzi dezala email bat donostia@egaroa.com helbidera edo pasa dadila Donostiako Garoa dendatik (Zabaleta kalea 34).

    Danele Sarriugarte eta Mikel Peruarena izango dira hurrengo saioetako idazle gonbidatuak. Paperezko Lagunak irakurle taldeko kideei aztergai izango diren liburuetan, %10eko beherapena egingo zaie.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak