Mikel Ibargureni elkarrizketa

Idazten dut erraiekin, idazten dut eskuekin, begiekin, begiradarekin... gorputz guztiarekin

Osteguna, 2011-09-29

Mikel Ibargurenek laugarren poesia liburua kaleratu zuen uda aurretik: Joan da negua, Susa argitaletxearen eskutik. Uda joan denean elkartu gara berarekin, itsasoaren parean, barruko elurrak udazkeneko eguzkiarekin arintzeko xedez.

Mikel Ibargureni elkarrizketa

Gorputz honetan bizi den nor hori da interesatzen zaidana, gizaki hori

Mikel Ibargureni elkarrizketa

Heriotzaren presentzia handiagoa da liburu honetan bizitzari buruz gauzak esan nahi ditudalako

Mikel Ibargureni elkarrizketa


Zure aurreko liburuetan topatzen ahal da ardatz bat gai edo kontzeptu aldetik. Joan da neguaren kasuan agian nabarmenagoa da osotasun sentsazio hori. Idazle gisa non kokatu zara lan egiteko orduan?

Nik neuk aurreko liburuetatik azkenekora ikusten dut garapen bat. Lehenbiziko liburua nahiko markatua zegoen espazio eta denbora aldetik, kartzelari loturik zegoen heinean. Bigarren liburuan deserriari buruzko halako tematika bat landu nahi izan nuen. Batez ere bi horiekin konparatuta oraingoan ez nuen egin nahi liburu bat gehiago. Egia da aurreko liburu horiek idatzi ez banitu ez nintzela hau idazteko gai izango, liburu haiek ekarri naute honako hau idaztera. Lehenbiziko liburua idatzi nuenean ez nintzen kontziente liburua idazten ari nintzelarik ere, liburu berezia zen testuinguru berezian eginda zegoelako baina ez nintzen kontziente literatura egiten ari nintzenik. Horren aldean honako hau kontzienteki egindako liburua da. Nire barneko sentipen horiek literaturara jaso nahi nituen, hor ikusten dut neure buruan eboluzio antzeko bat eman dela. Aurrekoak idatzi eta gero liburu hau idazteko orduan segurtasun bat sentitu dut.

Lanketa berezia eskatu dizu horrek, hautatutako irudien ertzak, xehetasunak bilatzeko orduan?

Funtsean orain arteko poemario guztiak tematika aldetik nahiko antzekoak dira: bakardadea, ausentzia, deserriaren kontzeptua... nire errotaren barnean bueltaka dabiltzan kontzeptuak dira, horiek interesatzen zaizkit: bizitza, heriotza... beti nabil haiengandik zer aterako, beti saiatzen naiz hor ingurutik hartzen, nahiko konstantea naiz horretan. Liburu honen kasuan egia da ez direla oso poema autonomoak, intentsitate moduko bat emateko daude idatzita. Batak bestea ekartzen du, erabat autonomoa izan beharrean hasiera, korapiloa eta bukaera bat izatea bilatzen dut, osotasun eta corpus bat emateko orduan.

Kronologikoki idatzi duzu poematik poemara doan bidea?

Bai, egia esan idazten jartzen naizelarik nahiko kronologikoa naiz. Gaur idazten dudana idazten dut, eta bihar idazten badut kronologia hori zaintzen ahalegintzen naiz. Gero liburua gorpuzteko garaian egin behar izaten dira aldaketa batzuk, osotasunari beste forma bat emateko edo beste eduki antzeko bat emateko, baina oro har esan dezaket nahiko kronologikoki idazten dudala.

Joan da negua, irakurleak arnas har dezake titulutik bertatik: joan da hotza, joan da barneko munduan murgiltzeko tenorea, baina liburua agian gehiago da horra iritsi bitarteko prozesua.

Bai, posible da. Azken finean zera adierazteko modu bat da: bizi izan ditugun momentu txar horiek pasatu dira, nire barnean egon den negu hori bukatu da. Neguaren kontzeptua interesgarria iruditzen zait, Gabriel Arestiren 'joan zen uda/eta negua heldu da' eta Zea Maysen kantako 'ozen esan/ negua joan egin dela' aipuen arteko hitz joko bat eginez adierazi nahi izan dut kezkaz eta gordintasunez beteriko neure negu hori joan dela, bukatu dela.

Erabili dituzun materialak oso delikatuak direla dirudi, oso barrukoak batzuetan. Zaila egin zaizu negu horretatik idaztea, edo negua pasata idatzi behar da ezinbestean?

Beti aipatu izan dut nahiko biologikoki sentitzen dudala idaztearena, barruak eskatzen didan askatzeko modua delako. Idazten dut idatzi behar denean, ez dut uzten momentu hori pasatzen etapa bat itxi eta gero hobeto idatzi dezakedalakoan. Liburu honetan beraz badira momentu txar horietan idatzitako poemak, kezka eta sentipen horiek hain lotuta neramatzan idazteak ere horiek ateratzeko modua ekartzen duela.

Deigarria da bigarren pertsonaren erabilera liburuan, horrek batzuetan zuzenean edo zeharka irakurlearekin harreman berezi bat sortzen du. Prozesuan aintzat hartu duzun zerbait da?

Bai, gainera uste dut aurreko liburuetan ere oso presente dagoen bigarren pertsona bat dela. Beti dago 'zu' bat. Hasieran 'zu' hori pertsona konkretu bat da, neure ondoan dagoena, neure maitemina batzuetan. Beste momentu batzuetan berriz abstraktuagoa da, 'zuek' ere azaltzen da tarteka, ugaritu egiten da bigarren pertsona hori. Kartzela garaian horrela komunikatzen ohitu nintzen beharbada, badut buruan halako 'zu' bat edo beste norbaiti ariko banintz bezala, elkarrizketa bat izango balitz bezala, neuk bakarrik aritu beharrean beste horri ari naiz gauzak esaten. Aldi berean uste dut modu ez hain zuzenean irakurlearekin lotura edo identifikazio hori lortu nahi dudala, azken finean irakurtzen ari denak ere senti dezan 'zu' hori bera dela, interpelatua sentitu dadin, identifikatua irakurtzen ari denarekin.

Zure aurreko lanetan ohikoak dira deserria, deserrotzea... agian liburu honetan deserrotze politiko eta sozialaz gain bada deserrotze fisiko bat, gorputzari estuki loturikoa, bizitza eta heriotzaren artekoa?

Egia da lehen deserrotze hori askoz ere sozialagoa, edo esan dezagun, politikoagoa izan zitekeela herrimina azaltzen zelako, besteen falta eta ausentzia hori. Idazten dudalarik esan dezaket gorputz osoarekin idazten dudala, ez dut buru-bihotzez bakarrik egiten. Idazten dut erraiekin, idazten dut eskuekin, begiekin, begiradarekin, idazten dut gorputz guztiarekin. Sentsazioa dut nolabait gorputz honetan bizi garelarik, bakoitza bere gorputzean, oskol bat baino ez dela. Gorputz honetan bizi den nor hori da interesatzen zaidana, gizaki hori. Filosofia dezente irakurtzen dut eta horrek eragina izango du bizitza eta heriotzaren arteko dialektika horretan. Gure etxea den gorputz hau egunen batean hemen utziko dugu eta joan egingo gara, bada liburuan sentsazio hori. Idazterakoan hurbileko heriotzek lotura handia izan dute eta kontzientzia hori inoiz baino garatuago sentitu dut, hori bizitzea tokatu zaidalako. Halako heriotza psikologiko bat bizi izan dut hil zaizkigun hurbileko pertsona horiengatik. Heriotzaren presentzia handiagoa da liburu honetan bizitzari buruz gauzak esan nahi ditudalako, bizitza era kontziente batean bizi behar dela aldarrikatzeko modu bat ere badelako. Claude Lanzmannek ederki esan zuen: 'bizitza asko maite dut, horregatik da garrantzitsua heriotza'. Hori irakurri nuelarik zirrara sentitu nuen, azken finean bizitzari buruz hitz egin behar denean heriotzari buruz ere hitz egin behar delako, bizitzak zentzua badauka heriotza hor dagoelako da.

Dialektika horretatik idatzita ere, ez da galdu gogoeten proiekzio soziala.

Interesatzen zaidana dimentsio zabal bat edukitzea da. Idazten ditudan gauzen inguruan beste begirada horiek presente edukitzea. Soilik heriotza, maitasuna edo beste edozein kontzeptutan zentratuz gero, kontzeptu bakarrean sakondu eta murgilduz gero, beharbada aspergarri edo monotonoa egin liteke. Nolabait esatearren printza batzuk agertu izan ditut gertatu zaizkidan gauzen inguruan, ez dut kontatu sakonki baizik eta aipatuz, soil eta xume idatzita. Nire idazteko manera eta niri gustatzen zaizkidan estiloak horiek dira: ahal bezain xume eta soil idatzi, eta denetik esan.

Gaixotasuna, heriotzaren itzala... horrelako gaiak aipatu arren momentu batean zera diozu Gordintasuna ez da etsia: ez diot nire buruari zutaz beste egiten utziko. Argi baterantz dago bideratua liburua, prozesuan beldur izan zara ilunegi suertatzeko?

Bai noski, ez nuen egin nahi liburu ilun bat. Egia da ilunduratik eta argitzaletatik idatzitako liburua izan dela, baina nik uste dut denok izaten ditugula geure egun onak geure egun txarrak. Idazteko beharra sentitzen dudanean momentu txarrak bizitzen ari naizenean izaten da askotan. Momentu txarrik ez dugunean bizitza aiseago pasatzen da, edo pasatzen uzten dugu. Idazteko behar hori sentitzen dudanean beti da zerbait esateko eta barruak askatzeko gogoa dudalako, badagoelako zerbait atera behar duena. Ilunduratik idatzia da baina ez dut tristezia adierazi nahi, alderantziz, momenturik okerrenean ere beti dagoela zeri heldu. Poema batean aipatzen dut 'goizean esnatu eta beti egongo da nor edo zer maitatua', horri atxiki behar zaio.

Estilo aldetik zerorrek aipatu duzu soiltasuna, horrekin batera gogoetara bideratzen den ahotsa: gutxirekin asko esan, hizkuntza biluztu sakontasunari uko egin gabe. Gauzak modu sinple batean esatea ez da batere erraza, estilo aldetik erdietsi duzu nahi zenuena?

Nik liburu bakoitzarekin sentitu izan dut biluzte bat. Dena ematea gustatzen zait idazten jartzen naizenean. Egia da, paradoxikoki, hitz xumeenekin gauzak nahi bezala esatea ez dela batere erraza. Batzuetan asko kostatzen zait baina introspekzio prozesu bat da niretzat idaztea. Orduak eta orduak egon naiteke prozesu horretan hitz edo esanahi edo adierazpide baten bila, neure baitan murgilduta borrokan. Azken liburu honekin alde batetik barne hustu naiz baina bestalde emaitzarekin betetasun bat sentitu dut, egin nahi nuen liburua egin dudalako ustez behintzat. Liburu hau egin nahi nuen, ez beste liburu bat gehiago. Horretarako buru belarri sartu behar izan naiz bilaketa horretan, ez dakit aurrerantzean gehiago sakontzerik egongo den ala ez. Liburu bat amaituta ez dakit hurrengorik izango denik ere, izatekotan zer izango den.

Mikel Asurmendik Argia-n egin zizun elkarrizketa batean zera aipatu zenuen:
Ingurukoengandik alde egin behar izateak hurbildu ninduen literaturara, poesiara.
Deserrotzea sentitu dudan bakoitzean poesiara jo diat.
Liburu honetan berriz, honakoa: Dena idatzia gelditu da/ ederra izango da mendekua.
Erantzun inposiblea duen galdera horietako bat: zergatik idatzi, momentu honetan nola sentitzen duzu hori?

Literaturara hurbildu nintzen lehenengo aldiz soldaduskara joan behar izan nintzenean. Liburutegira joan eta Joxe Austin Arrietaren Manu Militari hartu nuen irakurtzeko. Herri txiki batetik inoiz atera gabe egotetik egun batetik bestera Ceutara eraman ninduten. Momentu horretan deserrotze ikaragarria sentitu nuen, orduz geroztik barruan daukadana. Ezintasun bat nuen eta horregatik jo nuen literaturara. Gero kartzelan nintzelarik, irakurzaletasuna lehenagotik bazetorren arren, denbora gehiago nuenez literaturan sakondu egin nuen, batez ere poesian. Idazteak ematen du halako hurbiltasun bat, barruan sentitzen duzun hutsune eta ausentzia hori, bakardade hori transmititzeko tresna bat. Aipatu duzun azken esaldi horri buruz liburu honetan sentsazio hori izan dut, gorriak pasatu ditugu eta orain beste pausu bat eman dugu, momentu honetakoak idatzita daude eta hemendik aurrera bizi egingo gara, mendekua hori izango da. Era kontziente batean bizi. Batzuetan iruditzen zait bizitzari zentzua eman gabe bizi garela, zentzua eman behar zaionean bizi behar duzu ehuneko ehunean, edozein detaile txiki, bizitzari zuku guztia atereaz. Momentu txarren ostean hori da mendekua.

Informazio gehiago:

Zestoako Hitza.

Gara

Berria

Laguna blogeko aipamena

'Abereak eta gizabereak' testua

Bideoak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Samuel Beckett idazle irlandarraren Molloy eleberria aurkeztu dute gaur. Gerardo Markuletak ekarri du euskarara, Meettok argitaletxearen eskutik. Aurkezpenean, itzultzaileak hainbat zertzelada eman ditu eleberriaren nondik norakoez: Molloy hau trilogia baten lehen partea da, ondotik datozkio Malone Meurt eta L’Innomable. Hiruetan ere, pertsonaia nagusi baten jarioa da liburuaren ardatza; existentziaren absurdoa eta zentzurik eza, aldiz, muina. Frantsesez idatzi zituen lanok Beckettek, ingelesez zeukan estiloa kendu nahi zuelako gainetik. Markuletak esan duenez, berrogeita hamar literatur lanetik gora itzuli ostean, hauxe gertatu zaio nekezen: luzeragatik, narratzailearekin enpatizatzeko ezintasunagatik… Hala ere, azpimarratu du merezi duela horrelako lan klasikoak gure hizkuntzara ekartzea, zailak izanagatik. Ekarpena egiten diote hizkuntzari, eta irakurle-belaunaldi berri bat elikatzen dute. Halaber, Ramon Etxebeste Meettokeko editorearen esanetan, garrantzitsua zen Beckett euskaratzea, XX. mendeko kanona markatu duen heinean. Becketten zenbait lan laburrago baditugu jada euskaraz, hala nola, Godoten zain eta Lehen Amodioa.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak