Mikel Hernandez Abaituari elkarrizketa

`Narrazio Tailerra´ izeneko gida argitaratu du Mikel Hernandez Abaituak

Astelehena, 2011-12-05

Nork ez du narrazio labur bat (edo luze bat) idazteko tentazioa izan? Horietakoa bazara, Mikel Hernandez Abaituak plazaratu duen liburu hau ezin lagungarriago egingo zaizu. Istorio laburrak, komikiak, nobela grafikoak zein eleberriak idazteko baliabide praktikoak apailatu ditu gida moduko argitalpen honetan. Literatura idazten ikasteko edo literaturaren beraren mekanika hobeto ulertzeko. Egileak berak aitortu digun moduan, "oso dibertigarria da liburu honetan aipatzen diren oinarriak pixka bat ikasi ondoren hauek gogoan edukiz ipuinak edo nobelak irakurtzea edo pelikulak ikustea, teorian aipatutako elementuak praktikan aurkituz eta identifikatuz". Elkarrizketa hau albiste moduan eman genuen Durangoko Azoka 2011ko egunetan.

Mikel Hernandez Abaituari elkarrizketa

Irakurleei modu autodidaktan irakaslerik gabe ikasteko tresna bat eman nahi nien

Mikel Hernandez Abaituari elkarrizketa

Nire doktorego tesirako sortu nuen terminologia erabili dut, nahiz eta askotan sinplifikatu dudan

Mikel Hernandez Abaituari elkarrizketa

Zailtasunak plazera ematen du asko saiatu ondoren fruituren bat lortzen denean


Horrelako gidarik ez da gure letretan. Horrek liburu honen alde hitz egiten du. Baina era berean, oztopo handia izango zen zuretzat, ezta?

Esaten den bezala, munduko erreferentzia guztiak, edozein hizkuntzatan daudela, gure erreferentziak dira. Liburu honetan aipatzen ditudan gehienak beste hizkuntza batzuetan sortu eta idatzi ziren. Narratologia unibertsala da. Oztopo handiena beti da beste hizkuntza batzuetan sortutakoa nola itzuli gure hizkuntzara. Baina euskal kritikan ez da gutxi idatzi narratologiaz azken berrogei urteotan. Nire doktorego tesirako sortu nuen terminologia ere erabili dut, nahiz eta askotan sinplifikatu dudan, nori dagoen zuzenduta kontuan hartuta.

Alde handia dago, batxiler ikasleentzat prestatu zenuen online ikastaro horretatik liburu honetako bertsiora? Egokitzapen horretan, gauza asko moldatu behar izan al dira?

Funtsean ez dut gehiegi aldatu eta ez dut maila-aldaketarik egin. Zailtasun maila berbera dago. Batxilergoko 17-18 urteko ikasle askok pertsona helduago anitzek baino ahalmen teoriko-praktiko handiagoa dute nik irakatsi nahi dudana ikasteko. Aldaketa batzuk egin nituen liburu bat delako, eta irakurleei modu autodidaktan irakaslerik gabe ikasteko tresna bat eman nahi nielako.

Gazteentzat ez ezik, helduentzat ere baliogarri izan daiteke, beraz.

Aurreko erantzunean esandakoaren ildotik jarraituz esan dezaket heldu batzuentzat zailegia izango dela agian, baina edukia eta ariketak liburu moduan atontzen ari nintzenean oso gogoan izan nuela gutxi gorabehera 16 urtetik 86 urtera bitarteko pertsonentzat egokia izango zena sartu nahi nuela liburuan. Ez da txantxa.

Liburuaren aurkezpenean esan zenuenez, idazten ikasteko ez ezik, irakurtzen dugun hori hobeto ulertzeko ere baliogarri izan daiteke Narrazio Tailerra (Erein 2011). Narrazioaren egitura ulertzeko klabeak ere eskaintzen dira liburu honetan.

Bai, beste idazleengandik (edo zinemagileengandik eta abar) ikasten saiatzen garenean narrazio tailer honetan esaten dudana egiten dugu idazleok hasierako ikaste handiaren fasean, gaztetan batez ere, idazten hasi baino lehen, eta gero ere bizitza guztian zehar. Gainera asko irakurtzen duen orok izaten du zer edo zer idazteko gogo sekretua (edo agerikoa). Baina aldi berean, nahiz eta ezer ez idatzi, oso dibertigarria da liburu honetan aipatzen diren oinarriak pixka bat ikasi ondoren hauek gogoan edukiz ipuinak edo nobelak irakurtzea edo pelikulak ikustea, teorian aipatutako elementuak praktikan aurkituz eta identifikatuz.

Literatura Eskola, Idazle Eskola, irakurle klub ugari... Literatura zaleak gero eta gehiago agertzen hasi dira plazara. Akaso horietako askorentzat, liburu hau oso gomendagarria izan daiteke, ezta?

Hala espero dut. Nik pertsonalki ezagutu ditudanak izan ditut beti gogoan liburua prestatzen nuen bitartean. Espero dut dibertituko direla jolastuz. Batzuetan oso zaila irudituko zaie proposatzen diedana, baina zailtasunak plazera ematen du asko saiatu ondoren fruituren bat lortzen denean.

Izenburuarekin jarraituz, ez duzu planteatu inoiz praktikara salto egitea, eta narrazio tailerrak han eta hemen eskaintzea?

Ez, esperientzia polita izan nuen batxilergoko hainbat ikaslerekin eta nahikoa da. Satisfakzio handiak ematen ditu, baina oso gogorra da norbaitek idatzi duen zerbait oso ondo ez dagoela esatea eta akatsak nabarmentzea. Beharrezkoa da, baina latzegia niretzat literaturaren alorrean (hizkuntzaren alorra besterik da). Liburu honekin lan egiten duen edozein irakasleri esango nioke oso garrantzitsua dela ikasleei esatea, hasieran batez ere, egin dutena nahiko ondo dagoela, akats gehiegi nabarmendu gabe, ilusioa eta inspirazioa oso hauskorrak baitira. Idazle berri bati oso kritika leunak egin behar zaizkio konfiantza apur bat lortu arte.

Zure metodoak funtzionatzen du. Ikasle batzuen adibidea ipini zenuen liburuaren aurkezpenean. Hori pozgarria izango da ezta?

Ikaragarri pozgarria izan zen ikasle batzuen maila harrigarria ikustea, eta zeinen ilusio handia jartzen zuten sortze lanean, jendeak orokorrean nola zaintzen eta maite duen bere sorkuntza. Zenbat inplikatzen diren. Nola jartzen duten beren barrutik bizi-energia mordoa. Hau dela-eta, mesedez, ikus ezazue berriro Woody Allenen 'Broadway gaineko balak'.

Idazlea ere bazara. Egitasmoren bat duzu eskuartean? Zerbait aurreratzerik bai?

Bi nobela dauzkat goitik behera planifikatuta. Bat idazteko errazagoa eta laburragoa eta beste bat oso zaila. Bietan maitasun istorioek garrantzia izango dute, baina lehenengoaren benetako gaia plagioa da eta bigarrenarena terrorismoa, baina indarkeriarik gabe eta Italian kokatua. Ezin dut gehiago esan istorioaren muina ez hondatzeko. Zer egiten ari garen esatea oso arriskutsua da, zeren idatzi baino lehen ahoz kontatzen diren istorioak azkenean ez baitira askotan idazten. Nork daki, orain esan ditudanengatik agian ez ditut bi nobela horiek inoiz bukatuko, kar kar kar.

Bideoak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Iolanda Zuņigaren  Post-it bizitzak (Pasazaite) liburua ekarri du euskarara Iņigo Roque Eguzkitzak. “Liburu honetako bizitza puskak arruntak dira, gutxietsiak, iragankorrak, trukagarriak. Baina, halaber, egiazkoak”, argitaletxearen web orrian irakurri dugunez.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak