Literaturiaz berbetan Gotzon Barandiaranekin

Asteartea, 2011-05-24

Gotzon Barandiaran idazlea Literatura Eskolako kide eta bultzatzailea izanik, egunotan Literaturiaren antolakuntzan dabil buru belarri lanean. Ofizialki gaur aurkeztuko da Bilbon Literaturiaren egitaraua, elkarrizketa honen bidez barrutik ezagutu nahi izan dugu bere funtsa eta filosofia.

Literaturiaz berbetan Gotzon Barandiaranekin

Zer du Larrabetzu bezalako herri txiki batek, horrelako ekimen handi bat bideratzeko?

LITERATURIA Larrabetzun burutzen badugu ere, Euskal Herri osora zabalik dagoen Literatura Eskolaren ekimena da. Antolakuntza bi bilgunetan garatzen da. Batetik Literatura Eskolak duen antolaketa taldean eta bestetik Larrabetzuko lan-taldean. Bakarrik euskaraz eta bakarrik literaturaz elikatuko ziren hiru eguneko jardunaldiak antolatzea otu zitzaigunean, egitasmoa babestuko zuen herri egokitzat jo genuen Larrabetzu. Lehenengo eta bat, Larrabetzuko herritarrengana jo genuen. LITERATURIA egiteari zer zeritzoten galdetu genien eta erabateko baiezkoa eman ostean, auzolanari ekin genion. Larrabetzu txikia da, Literaturiari erantzuteko azpiegitura nahikoa du eta herrian ikusgarria da. Literaturazalea ere ez denak, gura edo gura ez, Literaturiak proposatzen duena jasotzen du. Hiri edo herri handi batean, zentralidadea gal zezakeela uste genuelako aukeratu genuen Larrabetzu. Baina etorkizunean auskalo non burutuko dugun. Literaturia Larrabetzu baino askoz zabalagoa da.

Eta zer behar da Literaturia moduko egitaratu mardul bat, ez behin, baizik eta hirutan segidan bideratzeko?

Ilusioa, gogoa, bizipoza, auzolanerako jarrera eta euskal kulturarekiko maitasuna. Borondatez egiten dugu lan, ez diru truke, eta hori ezinbestekoa da tamainako proposamenak antolatzeko. Zoriontsuak gara hiru egunetan, asko ikasten dugu elkarrengandik, asebete egiten gaitu.

Aurrekoekin alderatuz, zertan ezberdinduko da hirugarren edizio hau? Beste era batean esanda, zeintzuk izango dira 2011ko Literaturiaren bereizgarri nagusiak?

Aurten sei liburu beste inon baino lehen aurkeztuko dira LITERATURIAn. Argitaletxeek ahalegin itzela egin dute, ederto baten baitakigu kazetaritzaren egoera kaxkarraren ondorioz, oso nekeza dela hiriak ez diren lekuetan antolatzen diren ekitaldietara komunikabideak erakartzea, are gehiago euskal literatura bada albistegai. Aurreko bi edizioetan, liburuen azokak jaso arreta gutxien eta aurten horri konponbidea eman gura izan diogu. ERLEA aldizkariaren irakurraldia ere izango dugu eta bertan arituko dira Bernardo Atxaga, Anari, Jabier Muguruza edota Ramon Olasagasti. Anarik berak, emanaldi berezia eskainiko digu Maite Arroitajauregi ( Mursego) eta Napoka Iria taldekoekin. Hitzen Uberaneko laguntzaile duzuen Jon Minerrek diska berria aurkeztuko digu. Antzerki testuei arreta eskainiko diegu igande goizeko mahai-inguruan. Euskal antzerkiaren egoera sano da larria eta arrazoien artean antzerkirako idazten ditugun testuek zein zerikusi duten aztertu gura dugu.

Antolatu diren ekitaldiei begira, eskaintza oparoa izateaz gain, euskal letren mundu zabala islatzeko ahalegina egin dela nabaria da. Badu topaleku traza Literaturiak ezta?

Horixe baietz. Gure helburua literaturaren adierazmodu guztiak erakustea da. Literaturak hartu eman iraunkorra du musikarekin, antzerkiaren, bertsolaritzaren, ilustrazioarekin eta beste hainbat kultur adierazpiderekin eta guk hori guztiori erakutsi gura genuke. Literaturaren bitartez zenbat ikas eta gozatu daitekeen zabaltzea dugu xede, literatura adin eta pentsaera askotako herritarrentzako dela.

Literatura Eskola izan da hasieratik Literaturiaren sustatzaileetako bat. Eta eskola bat ere, jaso duzue egitarauan. Zein edo zeintzuk izango dira egun horietan eskola-gai?

Iaztik, 111 akademiakoak ditugu LITERATURIAren antolaketa taldean. Beraiek arduratu dira larunbateko eskolaz. Horretarako, Euskal Herriko hainbat irakurle taldeetako kideei galdetu diete zeri buruz egin gura duten gogoetan aurtengo LITERATURIAn eta honakoa da aukeratu duten berbagaia: Irakurzaletasunaren transmisioa: noiz eta nola?.

Iaz bezala, aurten ere ahozkotasunari tarte garrantzitsua egin zaio. Bertso-traman izango dira Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio. Hudaltzainak ere bertaratuko dira. Ruper Ordorikaren kantaldia ere iragarri duzue.

Arestian aipatu legez, literaturaren adierazpide guztiak erakutsi gura ditugu, harreman transbersalak. Musika eta bertsolaritza aspaldi daude literaturarekin maiteminduta. Maialenek eta Unaiek liburuak idatzi dituzte, Ruperrek diska guztietan musikatu ditu idazleen poemak, Anari idazle laguna du letren pelukero, Hudaltzainakekoak sano dira literaturazaleak. Literaturak biltzen gaitu guztiok.

Haur, gazte zein heldu, denentzat bada ekitaldi erakargarririk. Aniztasun hori ere bada Literaturiaren ezaugarri bat. Eta parte hartzaile izateko asmoarekin jaio zen, ezta? Zer nolakoa da jendearen erantzuna Literaturiako egunetan?

Larrabetzuko herritarren erabateko laguntza eta jarrera barik ezinezkoa zatekeen Literaturia antolatzea. Iazko ekitaldi guzti guztietan Larrabetzuko zein Euskal Herri osotik etorritako herritar andana bildu ginen. Antolaketan ia ehun lagun. Idazleak pozarren etortzen dira, argitaletxeek nobedadeak zein katalogoetako harribitxiak dakartzate, komunikabideek asko laguntzen digute.Auzolan itzela da Literaturia.

Durangoko Azoka oasi baten moduan irudikatu izan da behin baino gehiagotan. Sortzaileen plazan entzun izan dugu maiz. Urtean behin dela eta kitto. Egitarauari begira, Literaturiak udaberriko Durango izateko oinarriak baditu. Literaturaren esparruan besterik ez bada, erronka moduan, ez al duzue antzekorik planteatu inoiz?

Egia esan, ez. Literatura Eskola Euskal Herri osoan egonkortzea dugu xede eta hartzen dugun indarraren arabera erabaki beharko dugu zein izango den Literaturiaren gailurra. Literaturia, Eskolaren antzo, beharrizan bati erantzuteko antolatzen dugu. Inoren zain egon barik, guk geuk jaso genukeena antolatzen dugu. Antolaketa horretan gero eta lagun gehiagok parte hartzea lortuz gero, auskalo zein norabide hartuko dugun.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Donostian, Koldo Mitxelena Kulturgunearen ondoan topatuko duzue Komikigunea. 30.000 agiri batu dituzte eta komikilarien zein ikertzaileen bilgune izateko xedez sortu da. Luis Gaska editorearen bilduma izan zen abiapuntua baina gerora osatzen joan da katalogoa. Euskal komikiaren gordailu izateko helburua ere badu Komikiguneak.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak