Josu Penadesi elkarrizketa

Gizakiaz eta gaizkiaz mintzo da Ileak uretan (Alberdania) nobelan

Ostirala, 2012-06-08

Josu Penadesen nobela berrian bi hari nagusi bereizten dira: Inasen bizitza, batetik; eta bere aita Galoren atxiloa eta erailketa, bestetik. Iragana ezagutu nahi du Inasek baina, ahalegin horretan, maiz bide erdian geratuko da. Xehetasunak ezagutzen doan heinean, ordea, jakin-minari iraganaren zama gailentzen zaio. Zuzenean ala zeharka, 36ko gerra pairatu zuten askori hori bera gertatu zitzaien. Idazleak, hala ere, argi utzi nahi izan digu "eleberri honen gunea ez dela Gerra Zibila. Inas ezari-ezarian jabetzen doa egunerokoari erantzunez egin behar duela bizitzan aurrera, iraganak eduki dezakeen eragina handia izan arren. Hori islatu nahiko luke nobelaren hasieran iraganeko kontaketak pisu handiagoa edukitzeak eta erditik aurrera, aldiz, orainaldikoak".  Ileak uretan (Alberdania, 2012) nobelako hari eta pertsonaia ezberdinen harira, hausnarketa ugari utzi dizkigu lerrootan Josu Penadesek.

Josu Penadesi elkarrizketa

Eleberri hau, bere jatorrian, gaizkiaren inguruko gaiaz egindako hurbilketa literarioa da

Josu Penadesi elkarrizketa

Balzacek esan zuen herrialde baten historia pribatua dela nobela

Josu Penadesi elkarrizketa

XX. mendea gogorra izan da, baina atzerago egiten badugu aurkituko dugu egoera latzagorik

Josu Penadesi elkarrizketa

Batzuen logika gurekin ala gure aurka da, ñabardurak errefusatuz, eta horri dagokion joera manikeoa da

Zuzenean ala zeharka, 36ko gerra pairatu zutenen seme-alaba askori hori bera gertatu zitzaien, ezta? Jakin-minaren aurrean, iraganaren zama gailentzea. Eta bilobak izan dira iragana astintzera etorri direnak...

Argumentuaren edo bilbearen garapena dela-eta, Inasek aita Gerra Zibilean hil zutela, Kimika-ikasketak aitonaren diruarekin egin ahal izan dituela eta aitonak herentzia ere utzi diola jakin duen eguna abiapuntutzat hartuta, egun hori baino lehen gertaturikoak iraganaldian kontatzen dira kapitulu bakoitietan, eta egun horretatik aurrerakoak, orainaldian, kapitulu bikoitietan.

Iraganak jazartzen du Inas. Iragan hori hein batean berak ahalbidetua izan da; baina, bestalde, zati handi batean ez da bere esku egon eta burutua jaso du. Eguneroko gorabeherei erantzutea bezain nahitaezkoa gertatzen zaio bere iraganean arakatzea bizitzan aurrera egin ahal izateko. Gizaki ororen nortasuna eraikitzeko, beharrezkoa dela iragana esan ohi da; batzuetan, hala ere, zama bilaka daiteke.

Inasen iragana batik bat hiru harirekin txirikordatua izan da: aitari gertatutakoarekin,  aitonak utzitako herentziarekin eta amaren jokabidearekin. Horrenbestez, bere aurretikoen historia miatuz joango da bere nortasunaren zenbait zirrikitu ezagutzen.

Bere aurretikoen historian azpimarragarria izango da Gerra Zibilaren testuingurua. Gertatutakoak gertatuta, begibistakoa zen garaileen eta galtzaileen seme-alabek ezin izango zutela etorkizun berbera eduki. Inasi, aitaren eta aitonaren joan-etorrien berri jakin ahala, areagotu egiten zaio galtzaile baten semea izanik garaile baten oinordekoari dagokion oparotasuna edukitzeak sorrarazten dion bizikizun kontraesankorra.

Aitari buruz zehaztu beharko litzateke galtzailea izan zela hil egin zutelako eta ez alderdi batekoa edo bestekoa izan zelako. A. Machadoren hitzak erabiliz, Hirugarren Espainia zabal hartako kidea izan zela esan daiteke (edo, nahiago izanez gero, Hirugarren Euskadikoa edo Hirugarren Euskal Herrikoa).

Nobela idazten hasi baino lehen gogoan nerabilen galderetariko bat izan da ea zenbateko eragina izan dezakeen iraganak gizakiaren bizitzan. Bizitza nolabait bideratua jasotzen dugu erabakiak geure kabuz hartzen hasi baino lehen. Bizitzako eginkizunetariko bat da emanda datorkiguna onartzea edo aldatzen saiatzea. Baina nolakoa da horretaz jabetu gabe inertziaz jokatzen duenaren eguneroko bizimodua? Eta bere jokabideaz konturatzen denean zer senti dezake?

Nire helburua, berez, ez da izan 36ko Gerraz aritzea. Hala ere, Ileak uretan Gerra Zibilaz ari den beste eleberri bat gehiago ote den galdetuz gero, ez nuke ezetz biribilarekin ihardetsiko. Gerra Zibilaz egiten diren hurbilketa literario guztiak eginda ere, egundo ezingo da gaia bere osoan aztertutzat jo. Jakina, ez naiz gertaera historikoen ikerketaz ari, gutariko [belaunaldi] bakoitzak hezur eta haragizko gizakien historietan erreparaturik gaiaz egin beharko lukeen gogoeta  etiko-antropologikoaz baizik.

Nolanahi ere, eleberri honen gunea ez da Gerra Zibila. Inas ezari-ezarian jabetzen doa egunerokoari erantzunez egin behar duela bizitzan aurrera, iraganak eduki dezakeen eragina handia izan arren. Hori islatu nahiko luke nobelaren hasieran iraganeko kontaketak pisu handiagoa edukitzeak eta erditik aurrera, aldiz, orainaldikoak.

Bilobena aipatzen duzu zure gogoeta-galderaren amaieran. Interesgarria. Esan izan da (Manuel Vicentek, besteak beste) Antigonaren tragedia jokatzen ari direla bilobak Gerra Zibilean hildako beren aitona-amonen gorpuak (edo gorpuzkinak) bilatzeko egiten diharduten ahaleginean. Ez da politika-esparruko apustua, duintasun-kontua baizik. Amildegi, troka eta bide-bazterretan botatako beren aurretikoak behar bezala agurtuak izan daitezela nahi dute, haien itzalak ez daitezen laino ilun bat bezala etengabe alderrai ibili oroimen kolektiboaren gainean.

Galoren kasuan, berriz, gerraren krudelkeria islatu duzu. Atxiloa bera, San Kristobal espetxeko egonaldiaren ankerra, erailketa latza... Baina gerra osteko giroak ere badu tokirik nobelan. Gerraz hitz egiteko zegoen beldur-giro hura, ezta?

Nobela idazten hasi baino lehen eta idazten ari nintzela gogoan erabili izan ditudan galderen artean beste hau ere bazegoen: zer egin oroimenean dugunarekin? Zer egin norberaz eta besteez dakigunarekin? Zeri egin behar diogu jaramon? Zer oroitu eta zer ahaztu behar dugu bizi ahal izateko, bizitzen jarraitu ahal izateko?

Inas protagonistak jakingo du aita Galo San Kristobal presondegira eraman zutela eta handik ihes egindakoan, harrapatu, eta erail egin zutela. Jakingo du Don Miguel irakaskuntzako ikuskaria ere San Kristobalen preso egon zela eta presokide bat salatzearren atera zela goizago eta ikuskari moduan lan egiten jarraitzeko aukera izan zuela erregimen politikoa aldatu izan arren. Jakingo du Teles lankidea ETAkide ohia dela. Jakingo du Rosariori —bere emaztearen lagunari— gizona ETAk erail ziola, nahiz eta hark senarra auto-istripu batean hil zitzaiola azaltzen zuen urteak iraganda ere… Zer egin behar du Inasek bizitzan aurrera egin ahala jakiten doan horrekin guztiarekin?

Nobelan gerra-garaiaz ari naiz, gerra ostekoa planteatzeko, hori delako interesatzen zaidana: ordukoa interesatzen zait gaurkoa bizitzeko lagungarri zaigun heinean.

Gatazketan (Gerra Zibilaren ostean, bestelakoetan eta gaur egun) irabazle edo biktimarioen asmorik krudelena izaten da galtzaileengan edo biktimengan beldurra sorraraztea. Asmorik krudelena diot, horrela gizakiari dagokion duintasuna ukatzen zaielako biktimei, ezdeus sentiarazten saiatuz.

Azken urteotan, literaturak 36ko gerra garaian erreparatu du. Baina orain arte literaturan aipatu ez den beste kontu bati heldu diozu zuk: gerraren kontura aberastu zirenena. Zer pentsatua ematen du; hausnarketa hori ere egiteke dagoela, alegia?

Eleberri hau, bere jatorrian, gaizkiaren inguruko gaiaz egindako hurbilketa literarioa da. Noizean behin, egoera garbi-garbian azaltzen da gaizkia (horren erakusgarria da, esate baterako, Ciudad Juárezen azken urteotan gertatzen ari dena eta Roberto Bolañok 2666 lanean literarioki jorratu duena). Gehienetan, ordea, eguneroko bizitzako gertaerekin batera garatu ohi da gaizkia, ezinbestean ia-ia. Adibidez, gure inguruan badira autoa, etxea, bestelako ogasunen bat edo estatusa bera familiakoengandik jaso dutenak, garrantzirik eman gabe —ala, beharbada, ongi kezkatuta— horren guztiaren sorburua aitonak gerraostean estraperloan bilduriko ondasuna dela (edo osabak jostun-lanetan nazientzako uniformeak eginez pilatu zuen dirutza, edo aitak edo amak lanpostu jakin batean legearen hegitik beste aldera jauzi eginez egosi zuten aberastasuna). Antzeko zerbait gertatzen zaio Ileak uretan eleberriko protagonistari ere: Kimika-ikasketak egin ahal izan ditu aitonak gerra-garaian izandako jokabidearen ondorioz bildutako diruari esker. Bere istorioarekin mahaigaineratu nahi den galdera da ea nola lortzen dugun gaizkiak iraunaraz dezan, konturatuta edo oharkabean, errealitatearen hoditeriaren halabeharrezko jario fin bat balitz bezala. Edo beste hitz batzuekin esanda: nola igarotzen den gaizkia belaunaldiz belaunaldi.

Balzacek esan zuen herrialde baten historia pribatua dela nobela. Inasen istorioarekin gure historiaren —eta gizakiaren jokabidearen— hari horri heldu nahi izan diot, bereziki.

ETAren indarkeria agertzen da liburuan. Eta horren aurrean, Inas irakasleak hartzen duen jarrera. Eta jarrera horrek zer nolako erantzunak sorrarazten dituen bere inguruan. Dena ez da zuri. Dena ez da beltz. Muinean, hori da Inasek transmititzen diguna, ezta?

Gaizkiaren gainean arituz gero, gure testuinguru honetan ulergaitza litzateke terrorismoaren arazoari ez ikusiarena egitea (nola victimarioen hala —euskaraz egiten den literaturan luzaroan aipatu ere egin ez diren— ETAk eragindako terrorismoaren biktimen ikuspegitik begiratzen saiaturik). Eta ez Gerra Zibilean eta duela gutxira arte azken berrogeita hamar urtean gertatutakoen artean parekotasun mimetikorik dagoela erakusteko asmoz, hori anakronismoa izateaz gain arinkeria arbuiagarria bailitzateke. Haatik, ukaezina da bi garaien arteko lotura zuzenak egiteko tentaldia erakargarri gertatzen zaiola bati baino gehiagori. Eleberri honek tentaldi horren aurrean ere jarri nahiko luke irakurlea eta gonbita egin nahiko lioke erantzuna bila dezan, ñabardurei arreta eskaintzeko eta hamarkadaz hamarkada errepikaturiko erretolikek ezkutaturikoari ere erreparatzeko ohartaraziz, nahiz eta zehazturikoak zehaztu balitekeelako bi garaiak fenomenologikoki aztertzen ahalegintzen denak ondorio baliagarriren bat baino gehiago ateratzea. Esan gabe doa, Gerra Zibilaz egin beharko lukeen bezala, gutariko [belaunaldi] bakoitzak bere gogoeta etiko-antropologikoa egin beharko lukeela baita aipatu terrorismoari buruz ere, hezur-haragizko gizon-emakumeen historiei arreta eskainiz batik bat.

Lehentxeago esan dut fenomenologikoki alderatuz gero Gerra Zibilaren garaia eta ETAk eragindako terrorismoarena, ondorio baliagarriren bat baino gehiago atera litekeela beharbada. Oraingo honetan bat aipatu nahi dut. Idatzi zuen Las armas y las letras lan interesgarrian Andrés Trapiellok defendatzen duen tesietariko bat da Gerra Zibilean gehienak zirela Hirugarren Espainiakoak. Unea iritsitakoan, alde batera edo bestera lerratzera behartuak izaten omen ziren guztiak. Inasek Gestoren elkarretaratzeetan hartzen du parte, alde guztietako heriotza eta bidegabekeriak salatzeko asmoz. Berarentzat ez da onargarria dena delako ideologia edo interesengatik inor bahitzea, torturatzea, erailtzea… Bera bezalako jokabidea duena, gaur egun batzuek distantziakidetasunagatik salatzen dute, eta beste zenbaitek, aldiz, epelkeriarengatik. Bera ere, mutatis mutandis, gaurko Hirugarren Euskadikoa edo Hirugarren Euskal Herrikoa litzateke. Bi garaietako batzuen logika gurekin ala gure aurka da, ñabardurak errefusatuz, eta horri dagokion joera, jakina, manikeoa da. Gizabanakook badugu hizpidera atera ere nahi ez dugun gairen bat edo beste. Bideratu gabe dugulako, zer gertatzen zaigun ulertzen ez dugulako edo bestelako arrazoiren batengatik. Modu berean gertatzen da familietan, koadriletan edo dena delako taldeetan edo gizarteetan oro har, eta Euskal Herrian (edota Espainian) ere bai. Zerk eragozten digu bestearen larruan jartzen saiatzea? Merezi al du saiakera horrek? Beste ondorio bat ere atera da aurrekoaren harian: lehenagoko galdera batean aipatzen zenidan beldurra. Gerraostean arrazoi batzuengatik hedatu zen bezalaxe, gaur egun ETAk eragindako terrorismoak ere beldurra erein baitu gure gizarteko zenbait eremutan.


"Egokitzen zaigun hori nola bizi dugun, hori da erabakigarria"

Inasi bizitzea tokatu zaion garaia ez da samurra izan. Gure inguruan, XX. mendea zein gogorra izan den, ezta?

Egia da, XX. mendea gogorra izan da, baina XIX.ena (Karlistada eta abarrekin) ez zen samurragoa izan; eta atzerago egiten badugu ere aurkituko dugu egoera latzagorik.

Nire helburua aurreko erantzunetan aipatutako kezka eta galderak literarioki planteatzea izan da, eta horretarako, protagonista bere testuinguruan kokatu behar nuen. Beraz, jakina, arreta eskaini behar nion inguruari, baina niretzat garrantzitsuena izan da pertsonaia nagusiak —eta gainerakoek— inguru horretan izan duen —dituzten— jokabidea(k). Azken batean, erabakigarria ez da zer egokitzen zaigun bizitzea, egokitzen zaigun hori nola bizi dugun baizik.

Eta nola aldatu diren gauzak. Hori ere islatu nahi zenuen nobelan, akaso? Mañu aldeko baserriko haurtzaroa eta Inasen seme-alaben ibileren artean, aldea handia baita.

Arestian esan bezala, nire asmoetariko bat izan da —halabeharrez— pertsonaiak beren testuinguruan kokatzea. Horren ondorio izan da zuk aipatzen duzun hori ere islatuta hautematea argumentuaren harian. Esana da azken berrogeita hamar urtean aurreko bost mendeetan baino ia gehiago aldatu dela mundua. Nobelako protagonistak —eta bere adineko pertsona orok— ezagutu eta bizi egin du munduaren aldaketa hori.

Bestalde, Inasek bere buruari bere bizitza azaltzeko premia du. Ulertu egin nahi du zer ari zaion gertatzen, eta horretarako, besteak beste, bere iragana ere ezagutu eta ulertu behar du. Inasen iragana, lehenago aipatu bezala, aitari gertatutakoarekin, aitonaren herentziarekin, amaren jokabidearekin… osatuta dago, eta baita bere haurtzaroarekin ere. Han antzeman daitezke bere nortasunaren eta geroagoko jokabidearen zenbait arrasto (kontraesanak eta beste tartean). Ez da funtsik gabe errepikatu poetak esandako hura, hots, gizakiaren aberria bere haurtzaroa dela. Nolanahi ere, Inasek ez du absolutizatzen bere haurtzaroa. Aita eta irakaslea da, eta ikasi du —kostata bada ere— mendekotasunik edo dependentziarik ez sortzen seme-alabekin edo ikasleekin eraikitzen dituen harremanetan; eta ahalegin hori egiten du konturatzen delako haurtzaroko gustuko ez duen bere ezaugarrietariko bat harremanetan izan ohi zuen mendekotasuna zela.

Oso deskriptiboa da estilo aldetik. Xehetasunetan erreparatzen duzu. Ustez txikiak diren detaileen bidez ere garatu nahi izan duzu kontakizuna?

Esan izan da nobelak bizitzaren erritmoa islatu behar duela. Ni horretan ere saiatu izan naiz. Nire helburua ez da tokien deskripzioak egitea izan, bizimoduaren nondik norakoak eta bizitzaren erritmoa erakustera ematea edo sentiaraztea baizik. Pertsonaiek eta bereziki Inas protagonistak bizi izan dituztenak kontatzean, gertaerak berak azaltzea bezain garrantzitsua izan da niretzat gertaera horien kontaketa-erritmoari ere arretatsu erreparatzea, horrek helaraziko diolako irakurleari pertsonaiek nola bizi dituzten gertaera horiek, hau da, zer zirrara, zer kezka, zer eragin, zer bizikizun… izan dituzten pertsonaiek bizitzea egokitu edo aukeratu dituzten gertakarietan murgilduta ari direla.

Niri hezur eta haragizko pertsonak interesatzen zaizkit, oinezkoak, eta horien bizitza ez dago gertakari deigarrietan jokoan, eguneroko joan-etorrietan baizik. Horregatik, bada, bai, xehetasunei erreparatzen saiatzen naiz, horietan ikus dezakegulako islatuta pertsonaia baten izaera, jokabidea, jarrera, etab.


"Iruñeko zuri-beltzeko bizimodu monotono hura"

Azken mendeko Iruñea islatzen da nobelan. Bukaeran gainera, xehetasun handiarekin. Aurreko galderarekin lotzen da akaso honako hau.

Lehenago esan dut Inasek aita Gerra Zibilean hil zutela, Kimika-ikasketak aitonaren diruarekin egin ahal izan dituela eta aitonak herentzia ere utzi diola jakin duen eguna abiapuntutzat hartuta, egun hori baino lehen gertaturikoak iraganaldian kontatzen direla kapitulu bakoitietan, eta egun horretatik aurrerakoak, orainaldian, kapitulu bikoitietan.

Kapitulu bakoitietako narrazio-hariak jarraipen zuzena du. Kapitulu bikoitietako narrazio-haria, aldiz, zatikakoa da, denboran jauziak eginez garatua da: bigarren kapituluan kontatzen dena 1961ean gertatzen da, laugarren kapitulukoa 1962-1963an, seigarren kapitulukoa 1965-1966 eta 1972an, zortzigarren kapitulukoa 1976an, hamargarren kapitulukoa 1986an, hamabigarren kapitulukoa 1998an, hamalaugarren kapitulukoa 2004an eta hamaseigarren kapitulukoa 2008an. Aurreko galderari emandako erantzunaren haritik, Iruñeko zuri-beltzeko bizimodu monotonoa ere dastarazi nahi izan diot irakurleari, eta aldi berean baita ikusarazi ere, garai bakoitzeko bizimodua motela, iluna eta nolabait aspergarria izanagatik, berrogeita hamar urtean ezarian-ezarian eta jauzika-jauzika Iruñeko bizimodua ere aldatzen joan dela, batzuek nahi baino azkarrago eta askok desiratu baino askoz mantsoago.

Irakaslea zara eta hezkuntzaz ere xehetasun asko ematen dituzu liburu honetan. Nobelako irakaslea (Inas) aholkulari ere bada ikasleentzat, arazoak dituztenei laguntzeko prestutasuna du, hezkuntzaren alde ludikoa sustatzearen aldekoa... Baina liburuan, protagonistari berari zalantzak sortuko zaizkio une jakin batean. Baina finean, bada irakaskuntzaren funtzioa goresteko asmoa, ezta?

Abiatzeko esan nahi dut nire asmoa ez dela tesi-eleberria idaztea izan, eta, horren harira, nire asmoa ez da ezta irakaskuntzaren funtzioa gorestea izan ere. Nik Inas testuinguru jakin batean kokatu behar izan dut, eta, besteak beste, lanbide bat ere eman behar nion. Irakaskuntzaren bestelako ikuspegirik azaldu behar izan banu pertsonaiaren baten nortasuna edo jokabidea erakustera emateko, ez nukeen inolako arazorik ez zalantzarik izango, nahiz eta irakaskuntzari munduko ofiziorik makurrenaren ezaugarriak erantsi beharra eduki.

Nobelan aditzera ematen da Inasek ez zuela irakaskuntzarako bokaziorik, baina duintasunez-edo erantzuten saiatzen da hartutako bideari, bere kontraesan, zitalkeria eta lausoaldi guztiekin. Bizitzako beste arlo batzuetan izan zuen jokabidearen isla edo erakusgarri izan nahiko luke horrek.

Eleberri honetan, Gerra Zibila azaltzen da eta baita gure inguruan habia egin duen terrorismoa ere; hezkuntzaz hitz egiten da —Inas institutuko irakaslea baita—; mitoak eraiki eta eraitsi egiten direla erakusten da —Inasi don Miguel ikuskariarekin gertatu zaionetik ondoriozta daitekeenez—; gizakiarengan haurtzaroak eta gaztetxo-garaiak duten eragina hartzen da aintzat, batez ere adin horietako egoismoa islatuz… eta bestelako zenbait gai ere aurki daitezke argumentuaren harira; baina eleberri honen muina ez da Gerra Zibila, terrorismoa, hezkuntza edo dena delako arazoa bere luze-zabalean, Inas baizik, jaiotzea egokitu zaion garai eta leku korapilatsuan hezurmamituta: hor doa bere bizitza eraikitzen, neurri batean asetzen duten erantzunak emanez eta, aldi berean, betetzen ez duten jokabide batzuk saihestu ezinik. Azken batean, hitz gutxitan laburbildurik, gizakiaz ari da honako lan hau, gorago aipatu diren giza izaeraren azpildurez, alegia.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Ez da memoria-liburua, baina bada garai baten marrazkia. Argazkiak daude, baina hitzez daude osatuta. Autobiografiatik edaten du, baina intimitateak ez dira haizatzen. Oreka horiexetan dabil Arantxa Urretabizkaiaren azken liburua, “Zuri-beltzeko argazkiak”, Pamiela etxearen eskutik argitaratua. Haurtzaroko kontuak aletzen ditu bertan Urretabizkaiak, bi partetan: batetik, notario batek egiaztatuko lituzkeen kontuak daude, eta autorearen inguruko pertsonaien deskribapenak agertzen dira: senideak. Bigarrenean, aldiz, Urretabizkaiak argazkiak atera dizkie hainbat konturi, tartean Franco edo Elizari, baina baita gauza, nolabait esatearren, kotidianoagoei ere, hala nola, jolasei eta jatekoari. Pamielako Jose Angel Irigarayek estiloa nabarmendu du, soila eta pretentsiorik gabekoa, erakargarria dena, eta, era berean, eraginkorra gerraosteko sasoia marrazteko.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak