Jon Minerri elkarrizketa

'Poemak musikatzea irakurri eta zureak egiteko beste era bat izan daiteke'

Asteartea, 2011-02-22

Jon Minerrek diskoa kaleratu berri du 'Intxixu Lotien Banda'rekin. Autoedizioaren bidea hartu du Estazioa izeneko lanarekin, egun euskal musikari askok egiten duen moduan. Bertako kantuetan bere letra propioak idazteaz gain idazle hauen poemak ere musikatu ditu: Castillo Suarez, Miren Agur Meabe, Koldo Izagirre, Leire Bilbao, Mikel Ibarguren, Jose Luis Otamendi, Igor Estankona eta Joan Mari Irigoien. Diskoan agertzen direnez gain,Uberanen ezagutzera eman dituenekin zerrenda luzea osatu du Jon Minerrek.

Jon Minerri elkarrizketa

Plazer hutsa da liburua zabaltzean zer mundu aurkituko sortzen zaizun zirrara hori

Jon Minerri elkarrizketa

Besteen idazlanak musikatzea irakurtzeko beste aitzakia on bat da

Jon Minerri elkarrizketa

Asko dira diskoan (eta baita Uberanen ere) musikatu dituzun euskal poetak. Zer ematen dizu poesia erabiltzeak?

Batez ere kanta di-da batean egiteko bat batekoa bilatzen dut. Haurrak hazteko garaian bizi naiz, ez dut denborarik; lehentasun kontua da. Gitarra hartu orduko sortzen hasten naiz. Melomanoa naiz, jada musika erraietaraino sartua dut. Gitarrarekin jokoak eta akorde progresioak garatzea oso gustuko dut, nire kasuan, hasiera batean, poesia gehigarri bat da kantaren melodia norabait eramateko, kanta osatu ondoren prozesua inbertitzen da. Poesiak musikatzea, horietara iritsi, irakurri eta zureak egiteko beste era bat izan daiteke; niretzat erabat terapeutikoa da.

Material ugari topatu izan duzu irakurri dituzun liburuetan? Nahikoa ezagutzen ez dugun altxorra dugu hor?

Zalantzarik gabe. Plazer hutsa da liburua zabaltzean zer mundu aurkituko sortzen zaizun zirrara hori. Ezinbestekoa bihurtu zait. Denetara iristea oso zaila dela jakinda ere, denbora asko bideratu behar baita horretarako, niri dagokidanez amuak harrapatuta narama.

Ez dut batere konplexurik idazle bat edo beste aukeratzeko garaian. Besteen idazlanak musikatzea irakurtzeko beste aitzakia on bat da. Nahikoa da prentsa idatzian edo irratian aipamen bat aurkitzea nolabaiteko arreta jasotzeko. Gustukoen dudana bilatu, nireganatu eta garatu da nire lan egiteko filosofia.

Hasieran ez nekien zer musikatu. Erroetara joan nintzen Leteren poemak irakurriz eta egia esan dena oso iradokitzailea izanagatik, beste autore batzuk nahi nituen. Garai hartan, Miren Agur Meabe eta Juan Kruz Igarabide "Bularraren mintzoan" grabazioan ezagutu nituen eta beraien poemak musikatu nituen. Ondoren, Armiarma eta Susaren web orriak deskubrimendu bat izan ziren eta hamaika poema hortik etorri dira. Oparitarako poesia liburuak ere bai, familian ni ezagututa, oparitarako poesia liburuak eskatzean ez ote nintzen erotu galdetu zidanik badago; eta azkenik, irizpide batekin liburuak erosten.

Euskaraz egun gauza oso ederrak idazten dira, nire galdera da ea benetako balioa ematen ari gatzaizkion. Dena bezala, hori aintzat hartzea hezkuntza kontua da. Benetako altxorra dugu esku artean.

Poesia musikarekin elkartzerakoan, zeri begiratzen diozu? Poesiari musika ateratzen diozu, lehenagotik dauzkazun doinuetan enkajatzen dituzu irakurritakoak?

Ni neuk musikatu ditudanak testutik eta armoniatik melodiara noa. Klaketa edo metronomoa jarri eta akordeen progresio bat eginez zuzenean grabatzen hasten naiz, melodia inprobisatzen eta zirriborroa egiten. Zatiak errepikatu eta erdi ondo dagoenean hurrengo estrofara edo lelora. Ondoren edizio lana etortzen da, hau bai eta hau ez. Askotan kantaren leloa hor agertzen da. Behin estrukturatua beste xehetasunetan sartzen naiz, grabatutako pistak ordezkatuz.

"Hemen gauak lau ertz ditu"k ordea, aurkakoa prozesua izan zuen. Ilusio Faltsuak taldean ginenean, euskalenglish-en egina nuen kanta (punk-rock estiloan) eta Juan Luis Asensiok txertatu zion Mikel Ibargurenen poema, agian zerbait eraldatua edo kantara moldatua, baina txukun eta testuaren funtsa mantenduz. Juan Luisek jarri zuen "Estazioa" diskoaren oinarria, nik urteetara horri heldu nion eta. Kanta bosa erritmo batekin eta hari laukote baten argitaratu dut. Honekin esan nahi dudana da, kantak egiterako orduan, egituraketak defendagarri egiten ditu gitarra edo piano batekin eta ahotsarekin. Garatzerakoan komunikazioa lantzen dut.

Nik egindako letrak, behin kanta eginda osatu ditut. Kantaren melodiak agindu du letraren norabidean. Oso ezagunak ez diren autoreak ere musikatu izan ditut eta poema gutxi batzuk egin dituztenak ere bai. Ariketa moduan egiten dut.

Noizbait ni neuk nire kanten letrak egiteko asmoa dut, baina denborarekin noski. Oso pertsonalak ateratzen zaizkit nik idatzitakoak eta ez da bilatzen dudana. Horretan ari naiz.

Ahalegin berezia egiten duzu zure musikarekin bat egiten duten letrak topatzen, mezu aldetik?

Ez bereziki. Asko musikatu dut eta kanta mordoa geratu dira kanpoan. Gero konturatzen zara musikatu eta sailkatu dituzun poemekin lotura bat egon daitekeela, baina printzipioz nahigabe egina. Behin kanta konposatua poemarekin sintonia bat bilatzen dut zer transmititu nahi dudan nire egiteko eta askotan poesiak ni sintonizatzen nau.

Auto edizioaren bidea hartu duzu lan hau plazaratzeko. Zer alde on, zer desabantaila ikusten diozu egun bide horri?

Gure lanari dagokionez, ate joka ibili gara eta ez dugu erantzunik jaso. Masterra oparituta argitaratzeko prest egon zitekeen diskoetxe bat topatu genuen, baina bere katalogoan sartze hutsak subentzioak jasoko zituztela suposatzen zuela bagenekien, horrekin kopia egitearen eta promozioaren gastuak ordaindu eta produkzioa bere eskuetan geratuko litzateke. Beraien kostua ia zero, promozio eskasa izaten da eta oso gutxi saltzen denez, azken finean, gure diskoa diskoetxearen katalogoan emanaldietan guk saltzeko? Ez genuen hori nahi; konturatu gara ez dugua haien beharrik. Musikariak musika industria plataformaren sostengua izanagatik eskalan azken mokoak gara.

Ibilbide luzeko musikaria zara. Bilakaera naturala izan da soinu aldetik 'Jon Miner & Intxixu lotien banda' proiektua?

Aurreko taldeetatik bagenituen dinamikak mantendu dira, oraindik entseguak astean behin izaten saiatzen gara. Kostata!! Aurreko bi taldeekin, Ilusio Faltsuak eta PLSn, lan itzela egin genuen, baina oso fruitu gutxi jaso. Emanaldiak eman bai, baina ez zen ezer nabarmenik geratu egindako lanaz. Juxe Goenaga eta bion arteko gitarra jokoak sakondu genituen, gitarra soinuan oinarritutako taldeak izan direlako biak, alde musikaletik esperimentatu genuen eta eskarmentua hartu. Juanma Perez, Intxixu baxu jolea, PLS taldean gurekin zegoen. Beraz, Intxixu lotien Bandaren hasieratik bazegoen oinarri sendo bat.

Salto handiena, ni neuk nire kantak kantatu behar izana. 2008an kanta berri mordoa egin eta 2009an emanaldiak etorri ziren eta 2010eko hasiera arte zuzenekoetan lanean aritu ginen. Hori guztia grabazio batean jaso nahi genuen.

Soinu aldetik zerbait naturala egiteko asmoa bazegoen, baina grabatzeko era ez da batere naturala izan. Hasieran zuzenean erabilitako programazioak zeuden; gitarrak eta ahotsak ondoren eta Anaitz Arozena proiektura gehitzean, programazio pistak ordezkatu besterik ez ditu egin bateriak grabatzean. Horrek zurrundu gaitu musikalki, baina ordurako lana oso aurreratua zegoen eta ez genuen berriro zerotik hasi nahi. Nahasketetan otu zaidana egin dut, baliabideak izan ditut eta medioak ezagutzen ditut ofizioz. Gaur egun beste gauza bat aterako litzateke dudarik gabe. Masterina ni neuk egin nezakeen, baina edonon ondo entzutea bermatu nahi nuen. Horretarako estudio profesional baten eskuetan utzi nahi izan dut eta gertutasunez eta aparatuen mailagatik Mamia Mastering Estudiora jo nuen. Jonan Ordorikak lan polita egin du, gozotu egin du grabazioa, alegia, frekuentzialki kontrolatu ertzak kamustuz eta homogeneotasun bat eman soinuan berez nahiko eklektikoak diren kantei. Dagoenarekin gustura geratu naiz.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Eguneroko egoera itxuraz xume horiek izan dira, beste behin ere, Jabier Muguruzak bere liburua idazteko orduan aintzat hartu dituenak: barne-beldurrak, krisialdi ekonomikoa, matxismoa, giza kondizioa, harreman sozialak, sentsualitatea, itxaropenak, bikote-harremanak, barneko indar ezezagunak, kulturaren egoera, bakardadea, duintasuna, zahartzaroa… horiek guztiak azaltzen dira Hilen logika ezkutua (Erein)  liburuan.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak