Ione Gorostarzuri elkarrizketa

Lehen poesia liburua eman du argitara: `des egiten´ (elkar 2012)

Osteguna, 2012-04-26

`des egiten´ (Elkar 2012) aritu dela esatera etorri da Ione Gorostarzu (Berastegi, 1984). Izenburuak ondo baino hobeto laburbiltzen du poetak, bere lehen liburuan, izan duen erronka. "Idaztea bera ere bada des egitea. Emaitzaren mesedetan, askotan, egiten jarraitzeko asko des egin behar duzu", hala aitortu digu hitzen uberan izan dugun solasaldian. Baina des egindako zati horiek ere, liburuaren zati dira. "Bidean geratu behar izan dute hitz, esaldi, poema askok... baina haiek beharrezkoak izan dira egiteko, biziraun dutenen bidelagun izan dira". Azken batean, Hitzek egiten gaituzte / esandakoek / esan gabekoek -migarrienak- / eta isildu gabekoek -lotsagarrienak-.

Ione Gorostarzuri elkarrizketa

Ez, ez da erraza des egiten asmatzea; idazterakoan zein bizitzerakoan

Ione Gorostarzuri elkarrizketa

Liburua, oinarrian, bilaketa bat dela uste dut

Ione Gorostarzuri elkarrizketa

Sarrionandiaren `Gartzelako poemak´ da nire liburu kuttunetako bat

Ione Gorostarzuri elkarrizketa

Idazle eta irakurleentzat leihoa zen Sautrela


Nekez esan daiteke hitz gutxiagorekin. `des egiten´ (Elkar 2012) izenburuarekin, sormen prozesua bera definitu duzu. Azken batean, liburukoak dira daudenak baina baita liburutik at bidean geratu diren beste poemak, edo poema-zatiak, edo esaldiak, edo hitzak... ezta?

Izenburuak irakurketa bat baino gehiago ditu, ideia asko definitu nahi izan ditut des egiten horrekin. Batetik, norbere identitatea egiteko modu bezala, des egitearena, etengabeko bilakaera bat, moldakortasun bat azpimarratu nahi izan dut. Eta, bestetik, idaztea bera ere bada des egitea, emaitzaren mesedetan, askotan, egiten jarraitzeko asko des egin behar duzu. Eta bai, liburua osatzeko bidean geratu behar izan dute hitz, esaldi, poema askok... baina haiek beharrezkoak izan dira egiteko, biziraun dutenen bidelagun izan dira.

Literaturan, ordea, des egiten asmatzea ez da beti erraza izaten. Liburuaren prozesua nolakoa izan da? Karmele Igartua saria jaso zenuenetik hona, samurra izan da egite / des egite lan hori?

Ez, ez da erraza des egiten asmatzea; idazterakoan zein bizitzerakoan, gauzak pilatzen ohituta gaude, handitzen, metatzen, hazten... eta pena ematen du zuk sortu duzun hori ezabatzeak. Baina lan honetan ikusi eta ikasi dut idatzi adina borratu behar dela poesian; gehiegi esateko ohitura nuen, eta lanik handiena horretan egin dut, soberan zena kentzen. Gauza bera hitz gutxiagorekin, arnasaldi motzagoan, arinago... esan banezaken, efektu bera mantenduz, horretara jo dut.

Egia esan, liburua poema sakabanatuen batura da. Liburua buruan nuela idatzi ez banituen ere, nire lan gehienek hari bat, tonu bat, gai batzuk jorratzen zituztela ohartu nintzen, batasun bat zuela denak. Bat-batean liburu posible bat ikusi nuen, eta orduan hasi zen bigarren partea, kentzearena; ordenatu, aukeratu, ezabatu, zuzendu... baina, egia esan, nahiko ere inkontzientean eta inozentean egindako lana izan da, uste dut liburu-dendako apalean ikusi arte ez nintzela ohartu benetan argitaratzera nindoanik. Hori dela eta, onerako eta txarrerako, ez diot neure bururi presio eta mugarik jarri, eta gozagarri izan da prozesua.

Galdera zaharrak, galdera berriak

Gauzei zentzua bilatzen hasi, erantzun bila abiatu eta maiz galdera gehiago izaten dira pilatzen joaten direnak. Liburu honekin ere, antzekorik gertatu zaizula esan al daiteke?

Bai-bai, liburua, oinarrian, bilaketa bat dela uste dut, eta bilatzeko, ezagutzeko, jakiteko, garrantzitsuena galderak dira. Galdera zaharrak birplanteatu, erantzunak zalantzan jarri, berriak sortu... agian izaerarekin ere lotua dago hori, nahiko pertsona zalantzatia naiz, ustezko egiak kolokan jartzea gustatzen zaiona, eta behin zerbait argi izandakoan ere ilunak bilatzen dizkiona... eta horixe islatu dut idazterakoan; horregatik, agian askoko poemak dira emaitza.

Nondik gatoz, zer garen, nora goaz. Idazle askoren lehen lanetan agertzen diren hausnarketak izan ohi dira. Gaztaroarekin ere bat doazenak. Liburu honek ere kutsu hori duela esan daiteke. Bat zatoz ideia honekin?

Badirudi baietz. Aurretik aipatu dudan galderen eta jakin-minaren bidetik, saiatu naiz bizitzaren zentzua bilatzen, edo ezbaian jartzen. Ez dakit, ez dut uste mundu honetan besterik gabe gaudenik, jaio eta hil bitartean, kasualitate hutsez; agian horrela da, baina ezin dugu onartu, eta zentzu bat bilatzen edo asmatzen saiatzen gara.

Emetasunak badu bere itzala hainbat poemetan. Aldarrikapenetik baino, gehiago ageri da baieztapenetik.

Eme jaio nintzen, eta horrela bizi naiz, eta horren itzala era natural batean ageri da liburuan, neure emakumetasuna bizi dudan modua, azken finean; badudalako kontzientzia hori, neure ezaugarri eta kezka propioez gain baditudala emakume izateak berak ematen dizkidan batzuk, gainerako emakumeekin batzen nautenak, eta hortik, agian, baieztapena. Ez dut hau edo beste egin edo erakutsi beharrik emakume izateko, baina ezta ezkutatu beharrik ere. Banaiz.

Heriotzarekiko obsesio modukoa duzula esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Irakurketan hala iruditu ez baina aurkezpenaren inguruko albisteetan hala igarri dut. Dena den, obsesioak obsesio, poema hauetan joera bitalista bat nagusitzen dela esan daiteke, ezta? "Bizi, idatzi" esatera datorrena.

Ez dut uste obsesioa denik, bakarrik heriotza ikusi egiten dudala, hementxe dago; egunero hiltzen da jendea eta denok hilko gara, eta ni saiatu naiz horri begiak ez ixten. Joera hori daukagu, ez aipatzekoa, ez ikusiarena egitekoa, beldurra ematen baitigu, eta uste dugu, agian, horrela ez zaigula etorriko... heriotza hor egoteak, baina, ez du esan nahi haren zain egon behar duzunik, nola ba! Horrexek eman behar du bizitzeko indar gehiago; eta uste dut nire poematan joera hori nabari dela, bai. Azken finean heriotzaz ez, funtsean bizitzari buruzkoa da nire hausnarketa, eta heriotza bizitzaren parte bezala agertzen da; hori bai, agertu egiten da.

"Poesian sentitzen naiz erosoen"

"Hitzek egiten gaituzte, hitzek des egiten". Biluzteko eta mozorrotzeko aukera eskaintzen du poesiak. Baina akaso poesia da egin eta egin aritu ondoren, des egite gehien eskatzen duen generoa. Aukeran, akaso potoloegia da galdera, baina zergatik hautatu duzu poesia?

Beste genero batzuk ere probatu izan ditut, baina erosoen poesian sentitzen naiz. Idazterako orduan, esaterako, poema bat egiteko aski dut minutu bat, eta edozein unetan, lekutan, idatzi dezaket, izan mugikorren edo agendan. Hori bai, gero hori bera zuzentzen orduak, egunak igaro ditzaket, baina sortze puntu hori, argi hori, instante batekoa da. Eta adierazi nahi dudana ere hobekien poesiaren forman ikusten dut. Hitz gutxitan gauza asko esan ditzaket, eta ez dut horren inguruan istorio bat, pertsonaiak, eszenatokia... eraiki beharrik. Hori zaila gertatzen zait.

Epe erdira, ipuingintzan, nobelan edo saiakeran ikusten al duzu zure burua?

Ez dakit, orokorrean sortzea eta idaztea gustatzen zaizkit, eta gero, ba ez dakit zein formatan egingo dudan... orain dela urte batzuk ez nuen usteko poesian arituko nintzenik. Hala ere, eta neure burua pixka bat ezagututa, nobela eta saiakera epe luzeegiko lanak iruditzen zaizkit niretzat. Gauza txikiagotan, solteagotan, erosoago sentitzen naiz, beraz, ipuinera hobeto egokituko nintzatekeela uste dut. Baina, batek daki! Oraingoz poesian ikusten dut neure burua.

Sormen lanei dagokionez, zerbaitetan ari zara egunotan? Ezer aurreratzerik bai?

Egia esan, azken hilabeteetan inoiz baino gutxiago sortzen ari naiz! Argitaratu aurretik, liburuari bueltaka aritu nintzen, ia buruz ikasi arte, azken unera arte gauzatxo bat aldatu, puntuazioa, zuzenketak... eta gero, liburua atera denetik ere, oraindik oso lotuta nago, eta geroztik idatzi dudana ere oso des egiten-i lotua atera zait, liburuaren eranskin edo betegarri izan daitezken poemak. Uste dut oraindik des egiten giroan nagoela, eta distantzia pixka bat behar dudala gauza berriak idazteko.

Idazle Eskolaren garrantzia

Karmele Igartua Sorkuntza Beka Saria irabaztea, gutxi edo asko, garrantzitsua izango zen zuretzat, ezta? Bide onean zaudela aitortzeko modua izan zen, ala ez?

Esan dezaket nik neuretzat idazten nuela eta ez nuela behar beste inoren aitortzarik, baina hori ez da horrela... sariak, nire kasuan, neure lanarengan konfiantza hartzen lagundu zidan, eta baita hau hobeto ezagutzen ere; zeintzuk ziren nire puntu indartsuak, zer sentiarazten edo pizten zuen nik idatziak irakurleengan... eta bai, garrantzitsua izan zela uste dut alde horretatik, segurtasun moduko bat eman zidalako, eta indar asko aurrera jarraitzeko.

Liburua plazaratu eta gutxira, Tolosako Errotan errezitaldia eskaini zuen.


Idazle Eskolan aritu zara. Akaso hor topatu dituzu zure eraginik handienak, Tere Irastortza eta Karmele Igartua. Joseba Sarrionandiaren erreferentzia ordea, lehenagotik datorkizu akaso?

Sarrionandiaren `Gartzelako poemak´ da nire liburu kuttunetako bat, behin eta berriz irakurri eta berriro ere gustura irakurtzen dudana. Poeta asko ditut gustuko; Miren Agur Meabe, Xabier Lete, Leire Bilbao, Karlos Linazasoro... eta bai, Idazle Eskolak eman dit poeta batzuk gertutik ezagutzeko aukera, eta hauen eragina izango dudala pentsatzen dut.

"Ez daude hain urruti poesia eta bakarrizketak"

Iaz, bakarrizketa lehiaketan hartu zenuen parte. Nondik datorkizu antzerkirako zaletasuna? Bide horretan sakontzeko asmorik bai?

Berastegiko antzerki taldean nabil; herritarrek herrirako sortu genuen taldea, eta hortik Villabonako Bakarrizketa Lehiaketan parte hartzera animatu ginen hiru lagun. Nahiko ondo atera zen, bi urtetan publikoaren saria eskuratu nuen, eta badakizu, Euskal Herria txikia da, eta berehala etorri ziren han eta hemen emanaldiak. Azken finean sortzea, idaztea gustatzen zait, eta bakarrizketak neuk sortutako testua neronek antzezteko bidea ematen zidan. Oso gustura ibili nintzen, baina orain baztertuta dut, ez dakit aurrera begira berriz animatuko naizen. Ez daude hain urruti poesia eta bakarrizketak, nire kasuan, gainera, uste dut poesia idazterakoan ere ahozkotasunetik nahiko gertu ibiltzen naizela, asko belarriz idazten baitut, ahots gora irakurriz...

Elkarrizketa hau argitara eman orduko, literaturak aterpe bat gutxiago izango du. Sautrelak euskal letrei eskaini izan diena. Literatur sortzaile eta literatur zale zaren aldetik, nola bizi duzu Sautrelaren amaiera?

Triste eta haserre, nola ez; idazle eta irakurleentzat leihoa zen Sautrela, lan asko eta txukuna egin du urteetan zehar, baina badirudi horrek ez duela axola. Zein izan behar du euskal telebistaren helburuak, gure kultura bultzatzea ez bada? Baina ez, literaturak, kulturak, eztabaidak, jarrera kritikoak ez du tarterik gure telebista publikoan. Denbora pasa hutsala eta errazkeria eskaini nahi digute, gu pantailaren aurrean txintxo-txintxo lo egon gaitezen. Pentsatu gabe, noski.

Martxoaren 15ean, Tolosako Errotan eskaini zuen errezitaldian jaso genituen erantsi dugun bideoko irudiak eta hitzak.

Bideoak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Iolanda Zuńigaren  Post-it bizitzak (Pasazaite) liburua ekarri du euskarara Ińigo Roque Eguzkitzak. “Liburu honetako bizitza puskak arruntak dira, gutxietsiak, iragankorrak, trukagarriak. Baina, halaber, egiazkoak”, argitaletxearen web orrian irakurri dugunez.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak