Iņaki Irasizabali elkarrizketa

Nobela beltzaren kutsua du `Orbe auziaren ingurukoak´ liburuak

Ostirala, 2012-05-11

Mendi-bide batean agertu da Joseba Orbe idazlearen gorpua. Modu basatian erail dute eta zeresan handia piztuko da berehala. Bere ingurukoen artean eta baita hedabideetan ere. Iņaki Irasizabalen nobela berriaren trama nagusia hori da. Ez bakarra. Hari gehiago badira eta, hari horien atzean, zer pentsatua ematen duten jarrerak eta pertsonaiak topatuko ditu irakurleak. Nobela beltzaren oinarriei jarraitzen die Orbe auziaren ingurukoak (Elkar 2012) izeneko liburuak. Iņaki Irasizabal idazle bizkaitarraren ustez, estilo honetako liburuak "irakurterrazak dira eta, aldi berean, gauza sakonez hitz egiteko aukera ematen dute".

Iņaki Irasizabali elkarrizketa

Giza harremanak interesatzen zaizkit eta oso literarioak dira

Iņaki Irasizabali elkarrizketa

Interesgarria iruditzen zait etikoki eta legalki zer den onartezina eta zer onargarri...

Iņaki Irasizabali elkarrizketa

Idazleak, eta kazetariak oraindik gehiago, bizi dugun gizartea islatzen dugu beti

Iņaki Irasizabali elkarrizketa

Beste literatura batzuetan nobela beltzak hemen baino pisu gehiago du

Igelak benetan hiltzen dira (Elkar 2011) liburua aurkeztu zenuenean, nobela beltza gure gizartea islatzeko egokia izan daitekeela aipatu zenuen. Orbe auziaren ingurukoak (Elkar 2012) nobelaren kasuan ere, gauza bera esan daiteke, ezta?

Bai, horixe da. Nobela beltza oso tresna egokia da batez ere saiakerak baino beldur gutxiago ematen duelako. Irakurleari beldur gutxiago eragiten dio, irakurterraza da eta, aldi berean, gauza sakonez hitz egiteko aukera ematen dituzu. Horregatik uste dut oso tresna egokia dela. Nik uste dut horregatik dagoela hain modan orain nobela beltza.

Nobela honetan kontatzen duzun erailketa (eta modus operandi-a) "urrutiko" kontua dela iruditzen zaigu. Baina urruti joan gabe, hemen ere ematen da horrelakorik. Nobela honekin euskal herritarrak ipini dituzu ispiluaren aurrean. Horrelako erailketa baten aurrean nola jokatzen dugun utzi nahi zenuen agerian akaso?

Gauza horiek edonon gerta daitezke, horiek edo antzekoak. Duela hilabete batzuk, Santutxun, iraniar batek aiztoa hartu eta irakasle bat hil zuen. Hori edonon gerta daiteke. Parametroak antzekoak dira, azken batean. Gure gizartea antzekoa da.

Ez garela "urrutikoak" baino diferenteagoak, ezta? Aurreiritzi eta jokamolde antzekoak ditugula.

Bai, gero eta gehiago, mass mediak direla tarteko. Nik uste dut gero eta antza handiagoa dugula auzokoekin, edo lehen mundu aberats horrekin behintzat.

Gurasoak seme-alabekin, gurasoak beste gurasoekin... Hartu-eman horiek lehendik ere landu izan dituzu zure nobeletan. Kezka berezia duzu zentzu horretan ala baliabide literario hutsa da, kontakizuna garatzeko baliatu duzuna?

Biak. Giza harremanak oso literarioak dira. Batez ere, ipuingintzan beti lantzen dituzte eta berez interes handikoa da gaia. Badaude arau komun batzuk denontzat baina gero bakoitzak bere familiarekin bere harreman motak ditu, diferenteak, eta horrek sekulako jokoa ematen du. Alde batetik, niri asko interesatzen zait gai hori eta, bestetik, baliabide literario bat ere bada.

Nobelako protagonista batzuk adin txikikoak dira. Horrek ere joko asko ematen du.

Zer den delitua ere, hori interesgarria iruditzen zait. Kode penalean zigor handirik ez duena baina etikoki oso gaizki dagoena, adibidez. Muga horretan, etikoki eta legalki zer den onartezina eta zer onargarri. Hausnarketarako, diferentzia horrek joko handia ematen duela uste dut. Gauza bat etikoki oso gaiztoa izan daiteke baina kode penalaren arabera zigor handirik ez ekarri.

Drogaz hitz egiten da zure nobela berrian, baina ez gurasokeriaz.

Azkenean, belaunaldi gehienen kontua da. Hor dagoen gauza bat da eta hitz egin beharrekoa.

Ez ditugu nobelaren giltzarri nagusiak agertuko, baina ETAri erreferentzia egiten zaio une jakin batean. Duela urte batzuk are sinesgarriago litzateke horrelako erreferentziarik egitea, ezta? Azken batean, beste egoera batean gaude orain. Edo akaso orain da momentua horrelakoak fikziora ekartzeko?

Nik uste dut momentua beti dela. ETAren gaia hor dago, beti egon da eta beste gai bat gehiago da. Euskalduna izanik, euskaraz idatzi eta nobela beltza landuz gero, azkenean, nobela batean ez bada bestean agertuko da ETAren gaia. Bestela, nolabait iruzurra egitea bezala litzateke, edo saihestea apropos. Dena dela, nobela honetako kontakizunean beste nobela moduko bat aipatzen da, eta beste nobela horretako argumentuan agertzen da ETArena. Probokazio hutsa da baina, gaur egun, diren garaiak izanda, barkagarri dela uste dut.

Editore bat ere ageri da Orbe auziaren ingurukoak nobelan. Nobelan editoreak duen irudiaz zer dio zure egiazko editoreak?

Ez dit ezer aipatu. Editorea nahikoa txukun agertzen da. Gizaki ona da, arduratu egiten da... Ba ez dit aipamenik egin, ez, ez...


"Gaur egungo gizartea erabat mediatikoa da"

Nobela irakurtzean, maiz, prentsa arrosa delakoaren inguruko telebista saioak etorri zaizkigu gogora. Hor bada kritika bat eta ez bakarrik hedabideekiko, baita horietaz baliatzen diren pertsonekiko ere, ezta?

Idazleak, eta kazetariak oraindik gehiago, bizi dugun gizartea islatzen dugu beti. Eta gaur egungo gizartea erabat mediatikoa da. Hedabide horiek sekulako eragina dute eta igual parodiko samarra da, umore apur batekin islatu dut... Baina errealista egin nahi nuen.

Kontakizuna lehenetsi duzu. Zentzu horretan, ez dago idazketa mailan konplikaziorako joerarik. Oso arin irakurtzen da.

Ni beti ahalegintzen naiz irakurterraza izaten: elkarrizketa asko sartzen, epe motzean gauza asko gerta daitezela... beti ere, irakurleari begira. Testuak izan dezala koherentzia, erritmoa... eta interesgarria izan dadila. Horregatik da nobela beltza. Beti da irakurterraza eta gauza sakonez hitz egiteko aukera ematen dizu.

Arestian aipatu duzu. Badirudi nobela beltza bogan dela berriz ere, eta baita gure literaturan ere. Zentzu horretan, idazle berri batzuk agertu dira. Joseba Lozano (Argiaren erreinua, Alberdania 2011) eta Eneko Aizpuruaren (Errauts, Erein 2011) lehen nobelak ildo horretakoak dira.

Bai, oraintxe ari naiz irakurtzen Argiaren erreinua, Joseba Lozanorena. Oso ona, gainera gauza bat egin du Lozanok: kontakizuna kokatu du Pragan eta horrek nolabait distantzia ematen dio; hemengo aje asko kendu egiten ditu eta ondo dago.

Dena dela, uste dut beste literatura batzuetan nobela beltzak hemen baino pisu gehiago duela. Nik uste dut euskaraz ez duela hainbesteko pisurik. Hala ere, oso ondo saldu da beti. Gotzon Garateren garaitik. Baina akaso ez dute prestigiorik izan.

Erdaraz bai kontsumitzen dela asko.

Bai, izugarri. Henning Mankell bera... Eta prestigioa badute nobelako beltza egiten duten idazleek. Euskaldunak ez hainbeste, eta ez dakit zergatik izango ote den.

Bukatzeko, zerbait duzu eskuartean? Nobela beltzaren haritik jarraituko duzu akaso.

Bai, seguru baietz. Hasita dauzkat pare bat nobela beltz. ETAren ingurukoa da bat. Baina ez dakit zein bukatuko dudan lehenik. Nobela beltza eta ipuinak dira eskuartean ditudanak.

Baduzu zereginik orduan.

Bai, egitea beste kontu bat izango da.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Getarian paseatzeko joera du Pako Aristik. Itsasertzean egindako paseo horietan topatu zituen poema berri hauen haziak. Hortik izenburua: Urari ostutako poemak (Susa, 2014).

    Liburua aurkeztearekin batera, errezitaldiak eskainiko dituela iragarri du Urrestillako idazleak. Lehena asteazken honetan, urriak 1, Donostiako Garoa liburu dendan (Zabaleta kalea 34). 19:00etan hasiko da poesia emanaldia.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak