Garazi Goiarekin solasean

Bere lehen nobela, "Bi hitz", gaztelerara itzuli berri dute

Asteazkena, 2011-06-08

Londonen bizi da Garazi Goia idazlea (Segura, 1978). Duela hiru urte bere lehen eleberria argitaratu zuen: Bi hitz (2008, Alberdania). Egun hauetan albiste izan da Garazi, gaztelerara itzuli dutelako bere lehen nobela. Jorge Gimenez arduratu da itzulpena egiteaz eta Alberdaniak plazaratu du, "Dos palabras" izenburupean. Ekainaren 2an, solasaldi modukoa eskaini zuten biek Donostiako Liburutegi Nagusian. Itzulpenaz, deserriaz eta proiektu berrietaz mintzo da Garazi Goia Hitzen Uberan-i eskainitako elkarrizketa honetan.

Garazi Goiarekin solasean

Narrazioaren intentsitatea mantentzen da eta doinua ere egokia dela iruditzen zait

Garazi Goiarekin solasean

"Orgasmus" liburuak beste autore batzuekin harremana estutzea bideratu dit

Garazi Goiarekin solasean

Nobela bat idazten ari naiz; gutxi gora behera, erdia idatzita daukat

Bi hitz zure lehen nobela itzuli berri dute gaztelerara ("Dos palabras", Alberdania). Ez da ohikoa idazle hasi berri baten kasuan. Zer suposatu du zuretzat?
Ilusio handiz hartu nuen argitaletxeak eman zidan aukera. Eta baita ere, pozgarria da zure lan bat beste hizkuntza batean ikustea, batez ere lehenengo lana izanda, oraindik ilusio gehiago egiten du, nobedadea delako akaso. Horrez gain, Bi hitz argitaratu nuela ia hiru urte pasa direnez, atzera begiratzeko aukera eman dit, baina oraingo perspektibatik. Orduan esan nituenak edo pentsatu nituenak berriro gogoratu eta hausnarketa edo barne gogoeta hori berezia izan da. Eta, orain, itzulpenak sortu dituen kritikak eta komentarioak irakurtzea eta entzutea ere gustatu zait, finean iritzi gehiago jasotzea beti da aberasgarria.

Itzulpen prozesua nola izan da? Jarraipenik egin al diozu?
Itzulpena ikusi aurretik banuen halako urduritasun bat. Alde batetik, garbi neukan beste norbaitek egitea nahi nuela; baina bestalde, nik sortutako zerbaiti bigarren bizitza eman behar zioten, eta nola erreakzionatuko nuen kuriositatea nuen. Gainera, ez nengoen ziur gai izango ote nintzen duela hiru edo lau urte buruan izan nituen gauza guztiak gogoratu eta modu berdinean transmititzen itzulpena egin behar zuenari. Jorge Gimenez itzulpena egiteko eskaini zenean, lasaiago gelditu nintzen; aurretik Bi hitz-i buruz berarekin hitz eginda nengoen eta banekien eleberriari buruzko bere iritzia eta inpresioak zein ziren.

Jarraipen nahiko zehatza egin nion prozesuari eta harreman estua izan nuen Jorgerekin. Lehen kapituluaren itzulpena bidali zidan hasiera batean Jorgek. Doinuarekin eta aukeratutako hizkuntzarekin ados nengoen jakin nahi zuen. Orduan elkartu ginen eta hitz egin genuen nire kezka eta zalantzei buruz. Handik gutxira itzulpen osoa bidali zidan. Denbora dezente hartu nuen hura aztertzeko. Gogoan dut, lehenengo irakurketa egin nuenean, ez nuela patxadaz egin, nik buruan nuen doinua bilatu nahi nuen narrazioan, ez nuen hitzetan edo erabilitako hizkuntzan arreta gehiegi jarri. Eta behin doinua identifikatu nuenean, lasaiago gelditu nintzen eta bigarren irakurketan ia esaldiz esaldi konparatu nuen Bi hitz-ekin!

Gustura nago emaitzarekin. Nik eman nahi izan nuen mezua hor dago, narrazioaren intentsitatea mantentzen da eta doinua ere egokia dela iruditzen zait.

Itzulpenetan, maiz, libre antzean jokatzeko ohitura izan ohi da. Bi hitz liburuaren kasuan, itzulpena literala izan al da ala gaztelerarako egokitzapena egiterakoan askatasun osoa izan al du itzultzaileak?
Itzulpen literala lortzea oso zaila dela iruditzen zait, ia ezinezkoa; behintzat, liburuaren zentzua eta mezua mantendu nahi badira; beti daude jatorriko hizkuntzarekin galduko diren ņabardura edo batzuetan zati garrantzitsuago batzuk.

Askatasuna eman nion Jorgeri itzulpena egiterakoan, baina lehen aipatu dudan bezala, gero nik kontu handiz aztertu nuen itzulpena eta nire iradokizunak eta aldaketak proposatu ahal izan nituen. Finean, emaitzak ni konbentzitzea zen nire helburua.

Londresen egiten duzu lan eta ingeleraz bikain moldatzen zara. Ingelerara ere itzultzeko tentaziorik edo eskaintzarik ez al duzu izan?
Londresko lagunek eta ezagunek behin eta berriz galdetzen didate ea noiz izango duten nire lanak irakurtzeko aukera. Baina nik esaten diet irakurri nahi badute, nik erakutsiko diedala euskara! Kar, kar. Badut kontakturen bat edo beste itzulpen lanetan ibiltzen dena, baina egia esateko ez dut serioegi ere hartu eta akaso tentazioak ez nau gehiegi zirikatu; nire helburua euskaraz idaztea da eta orain egiten nabilen beste nobela bat bukatzea da lehentasuna, ez dut beste distrakziorik behar!

Orgasmus liburu kolektiboan hartu duzu parte, astero idazten duzu Berrian... "Han" zaude baina horrelako lanek "hemen" jarraitzeko modua eskaintzen dizute, ezta?
Bai, horrela da. Orgasmus liburua oso proiektu interesgarria izan zen; nola eta zergatik sortu zen eta eman nahi izan genuen mezua hasiera batetik gustatu zitzaizkidan; gainera, beste autore batzuekin harremana estutzea bideratu dit.

Eta, bestalde, zutabegintza oso ariketa berezia bihurtu da niretzat, oso gustura egiten dut. Entzun, ikusi, sentitu edo pentsatzen dudana jartzeko aukera ematen dit, batzuetan "hemengo" gauzei buruz, besteetan "hangoei" buruz. Eta deserritik idazteak bereziagoa egiten du oraindik asteroko ariketa hori, "hemen" eta "han" kontziliatzeko borroka horretan laguntzen dit; beste lotura edo gertutasun bat ematen dit Euskal Herriarekin. Astero handik hitzak zutabe moduan bidaltzeak lasaitu egiten nau, modu batean hor nagoela adieraztea eta sentitzea bezala da.

Zertan zabiltza orain? Idazlanen bat izango duzu buruan. Zerbait aurreratzeko modurik bai?
Nobela bat idazten ari naiz. Denbora dezente da ideia bat buruan ibili dudala, bilaketa lanak ere eginda ditut eta nobela guztia buruan daukat; gutxi gora behera, erdia idatzita daukat. Beste erdia noiz bukatuko dudan, denbora eta nire arteko erlazio partikular horren arabera dago! Gauez idazten dut normalean, baina gehienetan gauak ez dituela nik nahiko nituzkeen adina ordu konturatu naiz. Denbora da falta zaidana!

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Paperezko Lagunak. Hala du izena Donostiako Garoa liburu dendaren baitan osatu den irakurle taldeak. Beņat Sarasolak gidatuko du eta lehen gonbidatua Lander Garro izango da. Gerra txikia (Susa, 2014) nobela aztertuko dute ostegun honetan, 20:00etan hasita. Solasaldia bi zatitan banatuko da, eta bigarren zatian idazlea present izango da. Interesa duenak idatzi dezala email bat donostia@egaroa.com helbidera edo pasa dadila Donostiako Garoa dendatik (Zabaleta kalea 34).

    Danele Sarriugarte eta Mikel Peruarena izango dira hurrengo saioetako idazle gonbidatuak. Paperezko Lagunak irakurle taldeko kideei aztergai izango diren liburuetan, %10eko beherapena egingo zaie.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak