Edorta Jimenezekin solasean

`Zamorako apaiz-kartzela´ liburuaren koordinazioaz arduratu da

Osteguna, 2012-03-08

1968 eta 1976 urte bitartean, Frankismo betean, apaiz talde batek Euskal Herriak jasaten zuen errepresioaren aurrean ahotsa goratzea erabaki zuen. Sermoien, idazkien, gose greben edota itxialdien bidez, euskal erresistentziaren ikur bihurtu ziren. Etxean eta atzerrian. Gauzak horrela, Espainiar estatuak, Elizaren onespenarekin, apaiz hauek errepresioaren jomuga bihurtu zituen eta, azkenean, Zamorako apaiz-kartzelan amaitu zuten: Eliza eta Estatuaren gatibu. Txalapartak abade hauen bizipenak jaso ditu Zamorako apaiz-kartzela, Eliza eta Estatuaren presondegia (Txalaparta 2011) izeneko liburuan. Edorta Jimenez aritu da koordinazio lanetan eta berak eman dizkigu liburu honen inguruko xehetasunak.

Edorta Jimenezekin solasean

Apaiz hauen ezaugarri nagusiak hauek dira: euren baitan duten demokraziaren sena eta elkarrenganako errespetua eta begirunea

Edorta Jimenezekin solasean

Apaiz hauek Euskal Herriaren historiaren parte handi bat dira

Edorta Jimenezekin solasean

Oso mingarria egiten zitzaien frankistei hemengo apaizen jarrera

Edorta Jimenezekin solasean

Zamorako kartzela oso gogorra zen, patio txikiarekin, sekulako hotza, zaintza zorrotaz, leku urrunean...


36ko gerrako testigantza asko galdu egin ziren, bere garaian jaso ez zirelako. Honakoan, ordea, espetxeratuen lekukotza biltzeko ahalegina egin duzue. Ideia hori badago egitasmo honen atzean, ezta?

Horixe izan da asmoa. Apaizek akuilua behar izan dute eta akuilu hori Joxe Antonio Lekue izan da. Larrabetzukoa. Apaiz horiek elkartzen zirenean, kartzela gora eta kartzela behera aritu ohi ziren, eta duela hiru urte edo, Joxe Antoniok berak animatu egin zituen hango kontuak kontatzera. Horrela hasi ziren.

Apaiz hauen ezaugarri nagusiak, nire ustez, hauek dira: euren baitan duten demokraziaren sena eta elkarrenganako errespetua eta begirunea. Esan nahi da, espetxe hartan izandako guztiei zabaldu zitzaien zerbait idazteko gonbitea.

Nik koordinazio lan batzuk egin ditut eta hainbatek ere horixe bera pentsatu izan dugu, testigantza horiek ezin zirela galdu. Are gehiago esango nuke, ea liburu honekin animatzen diren hor esan gabekoak esatera. Adibidez, hobeto deskribatzea apaiz batzuk jasan zituzten torturak.

Beraz, aspalditik datorren egitasmoa da.

Testigantza batzuk aspaldikoak dira baina beste batzuk berriagoak. Urteetako lana dago liburu honetan. Txalapartari eskaini zitzaion lan hau; Angel Zelaieta zebilen orduan koordinatzaile eta gero ni neu sartu nintzen. Nik neuk Julen Kaltzada aspalditik ezagutzen dut, Alberto Gabikagogeaskoa baita ere, Eginen sorrera prozesuan parte hartu zuten. Orduantxe ezagutu nituen eta AEKn Alberto maisu izan da niretzat. Eta Josu Naberan ere AEKn ezagutu nuen. Eta hor bada kontu hunkigarri bat, ni hunkitu ninduena. Julen Kaltzadak, etxe ondoan, Zamorako apaiz-kartzelan ernaldutako zuhaixka bat dauka.

Bitxia.

Txalapartaren aldizkarian kontatu dut zuhaitz horren istorioa. Okaranak edo mertxikak ematen ditu. Fruitu arbola da behintzat. Fruituaren haziak patiora jaurtitzen omen zituzten eta, halako batean, ernaldu egin ziren, bi zuhaixka hain zuzen. Alberto eta Josu Naberan kartzelatik irtetekotan zirela, kimu biak handik kendu eta jakapean gorde zituzten eta ondoren Julen Kaltzadaren sortetxera etorri ziren, kimuak ekartzera. Kimuetako bat hazi egin zen, bestea ez. Orain Julenek egunero-egunero etxetik baratzera egiten duenean, hor ikusten du zuhaixka hori. Begira, zein den jende honen barne indarra, ezta? Irudia poetikoa da erabat.

Zuhaixka ere libratu zutela, alegia.

Hori da, zuhaitza ere libratu zutela hango patiotik. Oso gauza ederra da.

Testigantza horiek orain jaso beharra zeuden, berandu baino lehen.

Jende honen historia guztia kontatu egin behar da. Esate baterako, Xabier Amuriza ezin da aipatu gabe utzi. Amurizaren lehen diskoan hor daude Zamorako kartzelako bertsoak. Bertso horiek sortu zirenean, kopiak ni neu banatzen ibili nintzen, 17 edo 18 urte izango nituen orduan. Esaten zutena ez nuen ondo ulertzen eta ni gainera Elizarekin ez nintzen konpontzen, baina begira, bertso gogoangarri horiek liburuan daude orain. Eta horko doinu batzuk ere esango nuke Xabierrek berak kartzelan sortuak direla.

Beste apaiz batzuk ez nituen ezagutu. Orain ezagutu ditut baina badaude langile mugimenduarekin oso inplikatuak egon direnak, Periko Solabarria eta Jon Etxabe adibidez, langile mugimenduan ibilitakoak. Azken batean, apaiz hauek Euskal Herriaren historiaren parte handi bat dira eta 60ko hamarkadatik hona gertatu dena ez dago ulertzerik apaiz mugimendua gogoan hartu gabe.

Abade batzuen bizipenak jaso dituzue baina, azken batean, orduko Euskal Herria irudikatzen da orriotan, ezta?

Parte handi batean bai. Ez nago ehuneko ehunean pozik zeren alderdi hori, langile mugimenduarena, hobeto landu ahal da. Baina egia da Euskal Herriaren parte bat irudikatzen dela. Gainetik bada ere, liburuan ere jaso da nola sartu ziren apaizak langile mugimenduan. Hori ez dago erabat azalduta baina hor dago eta nik uste dut ikerlarientzat eta gazteentzat hainbat ikerkuntza ildo eskaintzen direla liburuan. Baina asko eta asko. Langile mugimenduarena, esate baterako.

Arantzazuk eta Jakinek euskal kulturarentzat eta euskararentzat izan zuten garrantzia aitortuta dago. Baina oraindik aztertu gabe dago Bizkaia aldean apaiz mugimenduak izan zuen eragina, tira, eta mugimendu laikoarena ere, ezta? Hortik ere espero dut ildo berriak zabaltzea, gazteek ikerkuntzak egiteko.

Zamorako eliza orain deskubrituko dute askok. Elizak eta Estatuak ofizialki adostutako kartzela izan zen. Ez zuen izaera zibil edo penala bakarrik, kartzela erlijiosoa ere bazen.

1953an Vaticano Estatuak Ituna sinatu zuen Espainiako Estatuarekin. Itun horren arabera, erlijio emakume eta gizonak, katolikoak, ez ziren justizia normalean erabiltzen diren espetxeetan kartzelatuak izango. Baizik eta komentu edo monastegietan bete beharko zituzten euren zigorrak, zigortuak izanez gero. Edozein delitu tarteko, lapurretak, bortxaketa... Hori betetzen zen baina hemengo eliz gizonek komentuetan eta horrelakoetan egoteari uko egin zioten. 60ko hamarkadan, protesta mugimenduak nahikoa indibidualak baziren ere, gero eta gogorragoak ziren eta halako batean, Zamorako kartzelaren parte handi bat egokitu zen apaizak hara eramateko. Horrela sortu zen Zamorako apaiz-kartzela. Kartzela konkordatuaren barruan zegoen baina Frankismoan amestu ere ez zuten egingo kartzela arrazoi politikoengatik zabaldu beharko zenik.

Ihesaldia, azken orduan zapuztua

Eta kontatzen dutenez, ez zen beste espetxeak baino samurragoa.

Zamorako kartzela oso gogorra zen, gogorra benetan, patio txikiarekin, sekulako hotza, zaintza oso zorrotza eta estua, leku urrunean... Ez zuten espero apaizok esatea ez zutela kartzela berezirik nahi baizik eta kartzela arruntetara joan nahi zuten. Eta hor hasi ziren kartzela barruan protestak. Harrigarriena akaso, gazteentzat edota "La gran evasion" filma ikusi duen edonorentzat, ba film horretan agertzen den moduko tunela egin zutela handik ihes egiteko eta tunela azken-azken momentuan erori zela. Hori izan zen protesta handi bat eta hor ikusten da abade hauen barrua eta kemena. Orduan bost ziren kartzelan. Kartzelaren gogorra ulertzeko, Nikola Telleriaren kasua ekarri beharko genuke gogora. Gaixotu egin zen kartzelan, gaur egunean bezala, oso larri zegoenean atera zuten espetxetik, eta sei hilabetera hil zen, ezin sendaturik.

Beste gertaera bat ere izan zen. Mutina izan zen bertan. Ikusirik ez zituztela kartzelaz aldatzen eta Vatikanoak ez ziela kasurik egiten, su eman zioten kartzelari eta tartean han zeukaten kaperari. Horrek egundoko eskandalua eragin zuen. Ordurako nazioarteko elkartasun mugimendu bat antolatua zegoen.

Oso mingarria egiten zitzaien frankistei hemengo apaizen jarrera. Apaiz izateak hemen ez zaitu libratzen. Ez Frankismoan ez orain, ezerk ez zaitu libratzen.

Beste hizkuntza batzuetan emateko aukera

Zamoran ez ziren euskaldunak bakarrik espetxeratuak izan. Horrek beste dimentsio bat ematen dio lan honi. Beste hizkuntza batzuetara itzultzeko asmorik ba al duzue?

Baloratzen ari gara aukera hori. Pentsatzen ari gara. Gainera Katalunian eta Galizian ere izan zen antzeko mugimendurik. Irakurketa asko egin daitezke gainera. Apaiz mugimendu horiek zer nolako garrantzia izan zuten Galiziako eta Kataluniako independentismoarekin, adibidez. Gaiak interesa duela uste dut, baita mundu mailan ere. Bere garaian, Herbeheretan ere oihartzun handia izan zuen honek.

Dokumentazioa jasotzen ahalegin handia egin duzue: oihartzunak, zerrendak, kronologiak, bertso eta olerkiak...

Jende gaztearentzat akaso, liburu honetan zabaltzen da unibertso berri bat. Hemengo beste errealitate baterako bidaia. Hura, azken batean, pluridimentsionala izan zen. Bazegoela erlijio gaia tartean, baina baita bestelakoak ere, literatura, konpromisoa, langile mugimendua, kontzientzia hartzea...

Xabier Amuriza, "Olatu handi bat kuartelen gainetik" liburua eskuartean duela.


Oso hamarkada bizia izan zen 70ekoa, ezta?

Leherketa izan zen. Hori jaso du Xabier Amurizak bere trilogian. Olatu handi bat kuartelen gainetik (Lanku, 2009) liburuan hala dio, leherketa izan zela. Olatu handi bat izan zen. Eta gero apaizek diote "ez ginen hainbeste". Ba eskerrak!

Azaletatik sustraietara (Emankor sarea, 2011) libururako idatzi dut 70eko hamarkadari buruz, eta hamarkada hori mendi simetriko baten antzekoa izan zela diot. Lehen bost urteak, Franco hil artekoak, izan ziren gora eta gora eta gora, gero eta bizkorrago gailurrera. Franco hil zen eta beste bost urteak izan ziren gero eta bizkorrago maldan behera beste helburu batzuen bila.

Euskal kulturarentzat ere, lehen bost urte horiek borrokakoak izan ziren (Jakin itxi, errepresioa euskararen aurka, zentsura) baina 1975 urtetik 1980 urtera bitartean, sekulako leherketa eman zen hizkuntza eta kulturaren arloan. Hamarkada hori miresgarria izan zen. Euskal Kulturak uste dut bizi izan duela ziklo moduko bat, orduan hasi zena eta 2000 urtera arte edo iraun duena. Uholde hark bizi izan du euskal kultura.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Samuel Beckett idazle irlandarraren Molloy eleberria aurkeztu dute gaur. Gerardo Markuletak ekarri du euskarara, Meettok argitaletxearen eskutik. Aurkezpenean, itzultzaileak hainbat zertzelada eman ditu eleberriaren nondik norakoez: Molloy hau trilogia baten lehen partea da, ondotik datozkio Malone Meurt eta L’Innomable. Hiruetan ere, pertsonaia nagusi baten jarioa da liburuaren ardatza; existentziaren absurdoa eta zentzurik eza, aldiz, muina. Frantsesez idatzi zituen lanok Beckettek, ingelesez zeukan estiloa kendu nahi zuelako gainetik. Markuletak esan duenez, berrogeita hamar literatur lanetik gora itzuli ostean, hauxe gertatu zaio nekezen: luzeragatik, narratzailearekin enpatizatzeko ezintasunagatik… Hala ere, azpimarratu du merezi duela horrelako lan klasikoak gure hizkuntzara ekartzea, zailak izanagatik. Ekarpena egiten diote hizkuntzari, eta irakurle-belaunaldi berri bat elikatzen dute. Halaber, Ramon Etxebeste Meettokeko editorearen esanetan, garrantzitsua zen Beckett euskaratzea, XX. mendeko kanona markatu duen heinean. Becketten zenbait lan laburrago baditugu jada euskaraz, hala nola, Godoten zain eta Lehen Amodioa.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak