Aitor Zuberogoitiari elkarrizketa

Surf izeneko saiakera liburua plazaratu du Alberdania argitaletxearekin

Osteguna, 2011-06-09

Presaka. Ezin iritsi. Estu. Larri. Aldarte horretan zela, Surf (Alberdania) saiakera libururako notatxoak idazteari ekin zion Aitor Zuberogoitiak. Egungo bizimodu ero honen olatu azpian hondoratu baino lehen, "dohainik egokienak atera, olatuetara moldatu eta surfean jardutea" aholkatzen digu. Baina kontuz. Surf ez da auto-laguntza liburu bat. "Bizi-erritmoen azelerazioari buruzko kontakizun pertsonala da", liburuari buruzko sinopsiak dioen bezala. Barne-soseguaren defentsa egiten du idazleak. Baina ez hori bakarrik. Garapen teknologikoaren aurrean edota globalizazioak dakartzan ondorioen aurrean, jarrera ireki bat aldarrikatzen du. Kiko Venenoren abestiak dioen bezala: "kapela hautsita izan izpiak aise sar daitezen".

Aitor Zuberogoitiari elkarrizketa

Bidaia pertsonal bat edo esperientzia pertsonal bat kontatu nahi nuen eta nahitaez lehen pertsonara jotzea eskatzen zidan

Aitor Zuberogoitiari elkarrizketa

Nire aldetik esateko neuzkanak hor geratu dira, denbora luze baterako

Aitor Zuberogoitiari elkarrizketa

Bizkor baina ez presaka esaten da liburuan, eta hori klabea da nire ustez

Aitor Zuberogoitiari elkarrizketa

Gauza funtsezkoetan aldaketa handiak datoz baina ez nintzateke apokaliptiko jarriko

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egiten du lan Aitor Zuberogoitiak. Komunikazio adarreko koordinatzailea da eta hainbat eskola ere ematen ditu bertan, Eskoriatzako Campusean. Hantxe eskaini zigun elkarrizketa hau.


Kontakizun pertsonal batean gorpuzten da Surf saiakera liburua. Azaldu beharrekoa azaltzeko, modurik egokiena zen akaso?
Kuriosoa da ze ni ez naiz batere exhibizionismo zale. Gertatzen dena da, Surf idatzi baino lehen, gai potoloei buruz idazten aritu nintzela. Globalizazioari buruz lan txiki bat idatzi nuen, garapen ereduaren krisiaz, aberastasunaren banaketa desorekatuaz... Gai makro bat. Eta hori egin eta gero, beste gai makro bat etorri zen: doktore-tesia. Espazio elebidunetan zer gertatzen den eta hori gurera ekarriz, euskal prentsan zer gertatzen den aztertu nuen. Beraz, kontzeptu potolo hauekin kristoren betekada nuen.

Nahi nuen egunerokora jaitsi, makrotik mikrora pasa, bizipenetara jo, maila txikiago batera, sentimenduetara, sentsazioetara, ustez hain garrantzizkoa ez den horretan erreparatu nahi nuen.

Bidaia pertsonal bat edo esperientzia pertsonal bat kontatu nahi nuen eta nahitaez lehen pertsonara jotzea eskatzen zidan. Gero amaitu dut garapen ereduetara eta betiko kontuetara joz, hori nire ADNan izango da nonbait... Baina aipatzen ari naizen moduan, lehen pertsonan kontatzea eskatzen zidan.

Gainera esan behar dut ez nuela batere amorrurik hau argitaratzeko. Lehiaketara aurkeztu nuen eta diru hori oso ondo etorri zitzaidan etxean konponketa batzuk egiteko. Eta hor utzi nuen. Lagun batzuei kopia bana eman nien baina aurreko abenduan esan zidaten Bilboko Udaletik, Alberdaniak erosi zituela eskubideak eta publikatu egin behar zutela (Surf saiakerarekin, Bilboko Udalak antolatzen duen Miguel de Unamuno saria eskuratu zuen Aitor Zuberogoitiak 2010ean).

Zure hasierako asmoa ez zen argitaratzea, beraz.
Hasiera batean, ez. Baina idazten hasten zaren momentutik, bada asmo bat, pauso bat haratago emateko. Baina borroka hori banuen barruan, "hau interesgarria izan daiteke edo ez?".

Hedabideetan izan duen oihartzunari erreparatuz, jakin mina piztu du behintzat.
Aurrekoan argitaratu zuten kritika bat Berrian, eta neurri batean onartzen dut, arrazoia dauka. Modu jarrai gabean idatzia izan zen eta horrek eraginik izango zuen. Ohar bilduma bat dela akaso, eta horrek jarraikortasunaren aldetik eragin dezakeela desoreka bat.

Ez da dietario bat, baina zure bizitzaren etapa jakin bati buruz ari zara. Jarraitzen duzu notatxoak hartzen, egunerokotasunaz hausnartzen?
Ez, ez, buf... Etapa baten amaiera izan zen niretzat. Argi eta garbi. Gainera, saria jaso eta hurrengo egunean etxez aldatu nintzen. Bilbotik Durangora joan ginen bizitzera. Nire aldetik, esateko neuzkanak hor geratu dira, denbora luze baterako. Orain maila akademikoan nabil gehiago. Ibilbide konkretu baten kronika izan da Surf.

Kontrazaleko testuak auto-laguntza liburu baten aurkezpena dirudi. Baina liburuan ez da soluzio magikorik ematen. Hausnarketa batzuk konpartitzeko gogoa sumatzen da, ordea.
Abiatzen da tesi jakin batetik: bizimodu pausatuago bat egin behar dugu, azkarregi doa dena... Zintzotasun ariketa bat egin behar nuela iruditzen zitzaidan. Pertsona super perfektuak eraikitzen ditugu literaturan edo arrakalak ez dituzten pertsonaiak sortzen ditugu. Baina errealitatean, gure kontraesanak eta gure ahuldadeak agerian utzi behar izaten ditugu. Tesi horretatik abiatzen bada ere (bizimodu pausatuago bat egin behar dugu, azkarregi doa dena...), praktikak beste parametro batzuetara eraman nauela uste dut, eboluzio bat eman da. Eta hori partekatzea eta hori aitortzea, interesantea iruditzen zitzaidan.

Nik jarraitzen dut pentsatzen garapen ereduek birplanteamendu bat behar dutela. Astiro bizi beharko genukeela baina, era berean, irekitasunaren aldeko gorazarre bat da liburu hau. Printzipio batzuk eduki behar dira baina errealitateak teori oro-azaltzaile denak apurtu egiten ditu, edo asko bai behintzat. Hortik liburuan jaso dudan aipamena, Kiko Venenoren kantuarena, "Nire kapela ondo hautsia egon dadila, tximistak buruan sar dakizkidan". Egoera ezberdinetara moldatzeko gaitasun hori eta irekitasun hori une oro edukitzea. Nahiz eta kanpoko faktore batzuk guk ezin ditugun kontrolatu (faktore makroak direnak), behintzat jarrera bat landu horren guztiaren aurrean.

Anekdotentzat eta umorearentzat tokirik ere bada. Saiakera arintzeko modua litzateke, ezta? Kontakizuna gizatiarrago egiteko modua akaso?
Askotan gure buruari sekulako garrantzia ematen diogu, On Kixote moduan azaltzen gara: "mezu berri bat daukat edo balore batzuk ditut gizarte hau salbatuko dutenak". Gure buruari izugarrizko garrantzia ematen diogu eta liburu honek badu ukitu erlatibizatzaile bat. Kontakizunari pisua kentzeko modu bat da, bai.

Liburua idatzi zenetik hona, urte eta erdi pasa da eta zuk hizpide izan dituzun gaiak pil-pilean dira: krisia are gordinago azaldu da, Fukushimako leherketa Japonen (energia), elikadura gaitza Alemanian (kontsumo eredua), iraultza arabiarrean eta 15-M delako mugimenduan teknologia berriek izan duten garrantzia...
Duela gutxi hil da Ramon Fernandez Duran, unibertsitateko irakasle madrildarra, ekintzaile ekologista eta ezkertiarra. Liburu profetikoa argitaratu zuen duela 10 bat urte, "La explosión del desorden" izenekoa. Eta hor iragartzen zuen finantza burbuilaren eztanda, energiaren inguruko krisia... Orain gertatzen ari den guztia, neurri batean.

Nik, hala ere, ez dut dramatismoz bizi hau guztia. Kezkatzen nau baina konbentzituta nago jendearen borondatearen eskutik, berez, ez dela aldatuko. Gobernuen inertziak sendoegiak dira eta interes ekonomikoak indartsuegiak dira, lobiak eta beste. Derrigorrak eragingo du. Pick oil (petrolio merkearen aroaren bukaera) horretara iristen ari gara eta erregaia murrizten edo eskasten hasten denean... Derrigorrez ohitu beharko gara beste modu batean bizitzera. Etorriko da, batzuk oso modu apokaliptikoan bizi dute hau guztia; etorriko da baina beste gauza batzuekin gertatu den bezala, horretara ere moldatu egin beharko dugu.

Surf egin beharko dugu, orduan.
Eta surf egin! Ez dago soluzio magikorik.

Norberaren baitan dago surf ariketa hori, barne-soseguaren aldeko jarrera hori. Baina gure eskuetan ez dauden faktoreak ezin ditugu kontrolatu, ezta?
Egia da. Egin daitekeena da, norberak bere mailan barne jarrera bat landu, estres faktoreak alde batera utzi ahal den heinean behintzat, ikuspegi eraikitzaile batetik saiatu beste modu batean gauzei begiratzen. Baina ez dakit, hobeto bizitzeko aholkuak ematen hastea ere... Ez da hori nire asmoa.

Lasaiago bizi zara behintzat.
Trankil bizi naiz. Bizkor baina ez presaka esaten da liburuan, eta hori klabea da nire ustez. Kooperatiba honetan (Mondragon Unibertsitatean egiten du lan) lan karga handia dugu eta askotan tokatzen zaigu presaka ibiltzea. Askotan. Beti ezin duzu dena kontrolpean izan. Baina aurrera egin dut zentzu horretan, bide bat egin dudala uste dut.

Nahi gabe, egungo bizimoduaren isla da Surf liburuko kontakizuna.
Gauza funtsezkoetan aldaketa handiak datoz baina ez nintzateke apokaliptiko jarriko. Liburuaren amaieran aipatzen da. Iaz eztabaida handia izan zen Amerikako Estatu Batuetan. Arreta fokalizatzeko gaitasuna erabat galtzen dabilela jendea eta horrek, jakintza transmisioan adibidez, arazo handiak ekarriko dituela. Jendeak arreta gero eta banatuago duelako. Ildo bat badabil teoria hori sakontzen, attention crisis delakoa.

Egia da gertatzen ari dena. Baina beste batzuk esaten dute gure burmuina ez dela monolitikoa, garatzen doala eta egoera berrietara moldatzen dela. Eta beste abilezia batzuk garatuko dituela eta, akaso nork daki, multitask izaterako bide hori egiten joango dela burmuina.

Azken galdera. Dagoeneko saiakera batzuk idatzi dituzu, biografiak ere bai. Ba al duzu beste idazlanik buruan?
Biografiak enkarguzko lanak izan ziren. Orain sentitzen dut esateko neukana esan dudala bolada luze baterako. Ikerketa batzuekin nabil orain eta urte batzuetan horretan ibiliko naiz, komunikazioaren inguruko ikerketa batzuekin.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Lourdes Ońederraren Intemperies (Erein) nobelaz jardungo dute Zarautzen, urriaren 29an asteazkena arratsaldeko 18:30ean. Nobelako pertsonaiei gertatzen zaien bezalaxe, eguneroko bizitzan ere "hitzek lagundu egiten dute, eta korapilatu ere bai, eta gauzak mozorrotu". Puntu bateraino balio dute hitzek, hala uste du idazle donostiarrak. "Gero gauzak josterakoan, beste zerbait egiten duzu".

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak