Ainhoa Unanue Mentxakari elkarrizketa

'Poesian kontrasteak bilatzen ditut, baina beti ere pertsonen istorioen bitartez'

Osteguna, 2012-02-16

Ainhoa Unanue Mentxakak Kontraste garaia poesia liburua argitaratu berri du autoedizioaren bidetik. 2008an modu berean plazaratu zuen 49 poema, 49 egun poesia liburua ere, orduko hura elebitan. Oraingo honetan inguru gertuko kontraesanak jarri nahi izan ditu agerian, munduan kokatutako begiradaren ispiluan.

Ainhoa Unanue Mentxakari elkarrizketa


Autoedizioaren bidetik kaleratu zenuen 49 poema, 49 egun lehen liburua, bide beretik etorri da Kontraste garaia berria ere. Beti izan duzu argi bide hori hautatuko zenuela?

Bai. Lehendabiziko liburua bi hizkuntzatan izanik argitaletxe bati eman beharrean nik egitea erabaki nuen. Oraingo honetan ere nahiago izan dut nik kontrolatu prozesu guztia, liburua egin, saldu, ordaindu... nire bi lagun (Sergio eta Iban Olazabal) prest zeuden marrazkiak egiteko eta horrela egin nuen aurrera, ez nuen pentsatu ere egin beste modu batean izan zitekeenik. Aurreko liburuaren esperientzia baliagarria izan zait, batez ere kontaktuak lortu eta haien bidez mugitzeko moduan; horrela mugitzeko badut aurpegia, ez zait zaila egiten.

Zer ikasi zenuen lehenengo liburuaren esperientziarekin?

Liburu bat egiteko prozesu osoa batez ere. Liburua bera egin eta kaleratzeaz gain ondoren nola egin banaketa, nola lortu kontaktuak iritsi beharreko jendearengana iristeko... euskal literatura izanik, interesa duen jendearengana iristea.

Irakurleekin 'feed back' motaren bat izan zenuen aurreneko lan harekin?

Bai, baina funtsean orduko poema haiek nahiko sinpleak ziren, poetikoki edo literatur ikuspegi batetik agian ez zuten askorik eskaintzeko ere. Nire ustez liburu berriko poemak askoz landuagoak dira. Lehenengo liburuarekin berrehun eta berrogeita hamar ale atera nituen eta konturatu nintzen batez ere jende ezagunak erosi zuela, ez hainbeste literatur zaleak edo euskal poesiaren irakurleak... jende askok tabernetan erosi zuen, edo eskuz esku saltzen nuenez ni ezagutzen nindutelako...

Euskal Herrian literaturaren arloan agian ez dago autoediziorako tradizio edo joera handiegirik. Izan duzu erreferentziarik maila horretan?

Gorka Setienen Ertzetako komunukazioak liburua erreferentzia oso garrantzitsua izan da niretzat, zentzu guztietan. Bestela Likinianok zituen liburu asko ere eskuratzen nituen, han bazegoen autoeditatutako poesia liburu txiki asko, merkeagoak zirenak...

Gorka Setienen Ertzetako komunukazioak aipatzen duzu behin eta berriz Kontraesanen garaia honetan. Zer du liburu horrek?

Irakurri nuenean nahiko sinplea eta zuzena iruditu zitzaidan, nire modukoa. Euskal poesia asko irakurtzen dut, eta beste idazle batzuk askoz ere konplikatuagoak iruditzen zaizkit hizkera aldetik... ni hizkuntzaren eta formaren aldetik gehiago identifikatzen naiz Gorka Setien baten poesiarekin.

Nolabaiteko komunikazio hari bat abiatu duzu Setienekin poemen bitartez. Nolako elkarrizketa izan da hori?

Elkarrizketa oso kontzientea izan da. Ertzetako komunikazioak aspaldi erosi nuen, eta irakurri ahala liburuan bertan bere olerkietan oinarritutako zirriborroak idazten hasi nintzen, eta olerki zatiak pilatzen. Liburu hau ateratzea pentsatu nuenean ikusi nuen horiek guztiek izan zezaketela bertan lekurik. Baina bestela Kontraste garaia liburuaren ideia duela lau urte argitaratzeko prestatu nuen beste liburu batetik dator berez, zeinean Somalia eta Indikoko piraten gaia landua nuen. Liburua ateratzeko prest zegoenean gertatu zen Alakranarena, eta ez liburu hura horrela ez ateratzea erabaki nuen.

Zergatik aukeratu zenuen bere egunean Somaliako gaia liburu oso bat egiteko?

Orduan hasi zelako piraten kontua, ikusi nuen gaiak zeresana emango zuela eta landu nahi izan nuen. Ondoren gertatutakoarekin, eta batez ere ni Bermeokoa izanik, liburua horrela ez ateratzea erabaki nuen, arazoak ekartzen ahal zizkidalako. Gainera, Bermeon atunontzietako patroiak eta familiak nahiko erreta zeuden gertatutakoarekin eta ez nuen horretan sartu nahi. Poema batzuk baztertu egin nituen beraz, eta gainontzekoak moldatu egin nituen testuinguru orokorrago batean sartzeko. Lehenengo liburua krisiaren inguruan egin nuen... beraz, badaukat horrelako gaiak aurreikusteko nolabaiteko gaitasun bat, gertatuko den zerbait lantzen joateko joera.

Sumatzen da badagoela munduari zuzentzen zaion begirada bat; ez soilik Somalia, Afrika oro har oso presente dago. Nolakoa da begirada hori?

Nik uste dut kontrasteak begirada horretatik datozela. Munduari luzatutako begirada hori hemengo gizartearekin alderatuta eman nahi nuen, bi ikuspuntu horiek txertatu eta hortik ateratzen zena jaso. Liburuan poetaren ahotsa euskaldun gisa kokatzen da eta kontrastea mundurako begiradatik dator.

Honakoa irakurri daiteke 'Giza Harremanak (kontrasteak III)' poeman:

E.H.an gaikako birziklapen plantak daude
ohi bezala langileak kirats artean dabiltza baina
zabortegi modernoetan ez da inor bizi
ondo ordaindutako lan bat besterik ez da,
langileek handik kanpo egiten dute bizitza,
haurrak ez dira zabortegian jaiotzen,
inor gutxi maitemintzen da bertan

Nondik ateratzen dituzu horrelako irudiak?

Betidanik gustatu zait asko irakurtzea, baina ez soilik hemengo gauzei buruz. Hemen egonik ere munduan gertatzen denarekiko interesa eduki dut beti. Afrikan adibidez ez naiz inoiz egon baina erakargarria egiten zait, batez ere ikusten dudalako gizarte garatuetatik jada ez dudala ezer espero. Bestelako gizarte 'garatu gabeko' batzuetan oraindik ere sorpresak edo harritu gaitzaketen gauzak topatu daitezke, eta hori islatu nahi nuen.

Liburuaren azalean titulua bikoiztua ageri da, ispilu baten moduan. Liburu osoa ispilu bat da, zeinean euskaldunok geure burua ikus dezakegun?

Izan daiteke.

Oso interpretazio librea egin dut agian...

Bai, nahiko librea da baina izan daiteke. Azalaren asmoa ez zen hori islatzea. Behin poemak idatzi nituela Sergio eta Ibani kontatu nizkien barruko ilustrazioak egin zitzaten, 'kontatu' diot beraiek ez direlako euskaldunak. Azalaren kasua ezberdina izan zen, Ibanek koadro handi bat zuen egina eta zerbait falta zitzaiolakoan zegoen. Nik esan nion gustatu zitzaidala zegoen bezala, kolore horiekin... izatez mendi bat zen eta azkenean alderantziz jarri genuen, titulua bera azalean bi norabidetan azaltzen da, eta nire izena alderantziz jartzeko aukera ere aztertzen egon ginen baina ez gintuen konbentzitu. Liburua edonola hartuta ere gauza ezberdinak ikusten dira, kontrasteak azaleratzen dira azken batean.

Kontrasteak diozu, baina izan zitezkeen zuzenean kontraesanak. Hori izan duzu helburu funtsean, kontraesanak azaleratzea?

Bai, baina gizartearen kontraesanak, ez nireak pertsonalak. Euskal gizarteak besteekiko dituen kontraesan horiek bilatu ditut, batzuetan antzekotasunak ere izan litezkeenak.

Kontraesan horiek hainbat ataletan banatu dituzu. Nola egituratu duzu liburua?

Egiturarena azken uneko gauza bat izan zen. Kontraste edo kontraesan horietako batzuk iraganean kokatzen nituen, beste batzuk gaurkotasunaren zentzu bat zeukaten eta beste batzuk etorkizunerako proiekzio moduko bat. Poema guztiak jarraian jarrita, atalka ordenatu gabe, zerbait galduko zutela uste nuen. Horregatik saiatu nintzen atal horiekin poema bakoitza non kokatzen nuen adierazten, aipatutako denboraren zentzuaren arabera sailkatuak.

Ez da Gorka Setien poema hauetan aipatzen duzun poeta bakarra: Jose Luis Otamendi, Itxaro Borda, Igor Estankona, Pako Aristi...

Gorkarekiko elkarrizketa lehenagotik landuta neukan. Besteen aipuen kasuan behin liburua buruan antolatuta neukala eta idazten hasi nintzela lekua izan zezaketela ikusi nuen. Euskal poesia asko irakurtzen dut.

Poemetako lerro askotan maiuskulak modu berezian erabiltzen dituzu: ez ohiko lekuetan sartuz, esaldien barruan hitz jakinen bat nabarmenduz... forma aldetik zer nolako saiakera dago poemetan?

Maiuskulak hitzen edo esaldiren bat nabarmentzeko erabiltzen ditut horrela, normalean barrutik ateratzen zait noiz eta nola egin, baina kontzientea da oso. Estetikarekin eta formarekin jokatzen dut une bakoitzean indarra zeri eman ikusteko. Zentzu horretan poema batzuei buelta asko eman dizkiet. Aurreneko liburua oso lineala zen, poetikoki ez zuen indarrik. Honekin saiatu naiz poema batetik bestera forma aldetik ale landuagoak egiten eta erregistro gehiago erabiltzen. Kasu batzuetan olerkiak oso ezberdinak dira haien artean.

Poesia gatazka sozialak islatzeko bide aproposa iruditzen zaizu?

Poeta askoren joera da beraien barruko sentsazioei buruz idaztea. Ni ez naiz horrelako poesia egiten ikusten. Olerkiren batean agian bai, baina oro har gehiago dira gizarteari loturiko gaiak. Oso gutxitan dira nire gauza pertsonalak, nahiz eta nire ahotsetik idatzi, ez naiz poesia mota hori egiten ikusten.

Poesiak gai sozial horiek lelo handietatik baino, pertsonen begietatik idazteko aukera ematen du?

Bai, hori egiten saiatzen naiz. Istorio txikietatik idazten dut, berdin nire istorio bat izan daitekeena zein Etiopiako norbaitena, kontrasteak bilatzen ditut baina beti ere pertsonen istorioen bitartez.

NOLA ESKURATU LIBURUA

Kontraste garaia liburua Donostiako eta Bermeoko hainbat taberna eta dendetan egongo da salgai. Egileari posible zaio zuzenean eskatu ere, posta elektroniko honetara idatziz:

ainhoa_unanue@hotmail.com

Albiste honen uberan:

Irakurri 'Kontraste garaia' liburuko poema batzuk

Wikipedia


Bideoak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Iolanda Zuņigaren  Post-it bizitzak (Pasazaite) liburua ekarri du euskarara Iņigo Roque Eguzkitzak. “Liburu honetako bizitza puskak arruntak dira, gutxietsiak, iragankorrak, trukagarriak. Baina, halaber, egiazkoak”, argitaletxearen web orrian irakurri dugunez.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak