Mikel Tabernari elkarrizketa

Xabier Gantzarainek ezin hobeto laburtu zuen: Alkasoroko Benta (Susa) nobelan "herria lekua da, eta bizitza denbora"

Ostirala, 2013-05-24
Mikel Tabernari elkarrizketa

Lehen kapituluko pertsonaiak hiru amuarrain daramatza. Neskatxa bati oparitu nahi dizkio, haren bihotza konkistatzeko. Azken kapituluan, hiru hegabera hilko dituzte. Eta nobelaren bitartez, hiru erailketa dira gogora ekarri nahi direnak. Pertsonaia istorio eta gertaera gehiagoz josia dago, ordea, Alkasoroko Benta. “Istorio latz horiek gainerakoekin batera ekarri nahi nituen, ez bainuen nobela mugatu nahi kasu horietara bakarrik”, adierazi digu Mikel Tabernak. Sorterrian, Seierrietan ikusi eta entzun dituen pasarteak dira nobela honetan jaso dituenak. Eta hizkera ere, paisaiaren parte da. “Eta hala behar zuela uste dut”, aitortu digu Tabernak, “kontalariaren eta gainerako pertsonaien ahotsak sinesgarriak izateko. Hizkeraren nolakotasuna funtsezko osagaia da, dudarik gabe”.

Ernesto Prat Urzainki 'Little'ekin solasean

'Hiru ilargi laurden' eleberria kaleratu du Metaziri-ren eskutik

Ostirala, 2013-05-17
Ernesto Prat Urzainki 'Little'ekin solasean

Ihesean zebilela idatzi zuen Enesto Prat Urzainki Little-ek Hiru ilargi laurden eleberria. Bertan besteak beste arkeologia delarik hizpide, abenturazkoa izan zitekeen tentsioa eta gizarte-gomuta uztartzen ditu eleberriak. Egileak berak dioen moduan 'abentura handiena liburua bera idaztea izan da' eta politika eta kritika soziala dira liburu ardatz nagusiak.

Joan Aldamizetxebarriari elkarrizketa

Uraren aroak (Beta, 2013), katarsiaren ostean garai berri bat hasteko premia

Ostirala, 2013-05-10
Joan Aldamizetxebarriari elkarrizketa

Lehortu zen / edateko ematen zidan ibaia. / Iraungi grinen erronka. / Martxan jarri da barreneko errota. Liburuaren hasierako poema batean topatuko dituzue hitz-lerro hauek. Galera bati aurre egin nahian edo, ekin zion idazteari Joan Aldamizetxebarriak. Uraren aroak (Beta, 2013) poema liburu berria, bulkada horren emaitza. Sabelarekin idatziko poemak direla adierazi digu poetak, Hitzen Uberan izan dugun solasaldi honetan. Liburu honekin, bederatzi urteko isilunea apurtu du.

Rikardo Arregi Diaz de Herediarekin solasean

Poesia, eta literatura orohar, sortzen da, niretzat, esan eta ez-esan artean dagoen tentsiotik.

Ostirala, 2013-05-03
Rikardo Arregi Diaz de Herediarekin solasean

Rikardo Arregi Diaz de Herediak Bitan esan beharra poesia liburua kaleratu zuen abenduan Alberdania argitaletxearen eskutik. 'Iritsi da denok zain geunden poema liburua, irakurri gabe ere komentatua eta iruzkindua. Iritsi da, oraindik banatuta ez zegoenean gure liburu dendetan eskatu genuen liburua', Harkaitz Canoren hitzak izan ziren horiek liburuaren aurkezpenean. Iritsi da, irakurri dugu, aztertu dugu, sentitu dugu. Egilea bera lagun, elkarrizketa honetan.

Miren Agur Meaberi elkarrizketa

Self-imitation estiloan idatzi du Kristalezko begi bat (Susa, 2013) nobela

Ostirala, 2013-04-26
Miren Agur Meaberi elkarrizketa

“Niretzat, idaztea eta bizitzea gauza bera da: ezin dut itxi idazlearen begia bizitzako ezein egoeratan”, hala aitortu digu Miren Agur Meabek. Helduentzako lehen nobela du Kristalezko begi bat (Susa, 2013) eta ez dio arriskuari muzin egin. Self-imitation delako estiloari heldu dio, eta une oro zalantza sortuko zaio irakurleari. Non da idazlearen eta pertsonaiaren arteko muga? Nor da haustura bati aurre egiten ari dena? Pertsonaia ala idazlea? Ala biak bat al dira? Zalantzak zalantza, biak onik aterako dira behintzat, ataka horretatik.

Goiatz Labandibarrekin solasean

Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak liburua kaleratu berri du Elkar argitaletxearen eskutik

Ostirala, 2013-04-19
Goiatz Labandibarrekin solasean

Pertsonen arteko harremanen geltokietan, trenbidea beti aurreraka doan eskailera bilakatuz idatzi du Goiatz Labandibarrek bere lehen liburua: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak. Oiartzunen elkartu gara idazlearekin, ipuinekin osatutako bidaia ezagutzeko.

Garazi Goiari elkarrizketa

Deserrotzeaz eta damuaz mintzo da Txartel bat des(h)errira (Elkar) nobelan

Ostirala, 2013-04-12
Garazi Goiari elkarrizketa

Ihesi dabiltza pertsonaia nagusiak. Ibai, berak hala erabakita. Peru, halabeharrez. Orrialdez orrialde jakingo dugu zergatik ihes egin duen Ibaik, zergatik dagoen deserrian Peru. "Gerrako haur baten sentsazioak, emozioak eta kezkak abiapuntutzat hartu, eta gaur egungo gazte batenarekin konparaketa egitean, oinazetzen dituzten galdera asko berdinak izan daitezkeela erakutsi nahi nuen", adierazi digu Garazi Goiak. Puzzlea piezaz pieza osatzen den bezalaxe, bien istorioa ere orrialdez orrialde joango gara osatzen.

Hedoi Etxarterekin solasean

Entzun Sinplistak liburuaren inguruan egindako elkarrizketa, eta Etxartek errezitatutako lau testu

Ostirala, 2013-03-22
Hedoi Etxarterekin solasean

Eresbilen elkartu gara Hedoi Etxarterekin. Susarekin kaleratu duen Sinplistak liburua esku artean. Jarraian entzun dezakezue abiatu dugun solasaldia. Poesia, idazleak, maitasuna, gorputzak... pertsonak, eta haien lerro arteko borrokak. Elkarrizketaren ostean errezitatu dizkigu hiru poema, eta liburuko aurkibidea.

Jesus Mari Olaizola `Txiliku´-ri elkarrizketa

Piztiarioak (Elkar, 2012) liburua plazaratu du Elkarrekin

Ostirala, 2013-03-15
Jesus Mari Olaizola `Txiliku´-ri elkarrizketa

Piztiarioek animalien izaeraz eta haien ohiturez jarduten dute. Baina ez dira deskripzio hutsak. Erdi Aroko piztiarioetan, izaki bakoitzaren deskripzioaz gain, haren gainean ezagutzen ziren sineskeriak zetozen idatzita. Tradizioa duen generoa da beraz, piztiarioena. Soka horretatik dator Jesus Mari Olaizola “Txiliku” idazle zarauztarraren Piztiarioak (Elkar, 2012) liburua. Bakana, harribitxia gure letretan. “Nik dakidala orain arte ez da izan euskarazko piztiariorik, eta alde horretatik honek baluke halako aitzintasun bat, baina ezin ahaztu animaliei buruz aspalditik idatzi dela euskaraz”, aitortu digu Txilikuk, Hitzen Uberan izan dugun solasaldian.

Ainara Gorostitzu Mujikarekin solasean

Behiala euren jaioterria utzi behar izan zuten 11 lagunen testigantzak jaso ditu 'Aldamenekoa' liburuan

Ostirala, 2013-03-08
Ainara Gorostitzu Mujikarekin solasean

Hamaika lagunen testigantzak jaso ditu Ainara Gorostitzu Mujika kazetariak Aldamenekoa liburuan. Euren jaioterria utzi behar izan zuten guztiek, hainbat arrazoi direla medio. ‘Gu’ izenordearen erraietan sartu eta norbera izan litekeen ‘bestea’ topatzeko aukera ematen digu Aldamenekoak.

Amuak

Bideoa

    Toure sasi-detektibearen sagako bigarren nobela plazaratu du Jon Arretxek: 612 euro (Erein). Iaz argitara eman zuen 19 kamera (Erein, 2012) liburuaren segida da, beraz. Erritmo biziko nobela, umorea oso presente dagoela aitortu du idazle bizkaitarrak. Aurrekoan bezala, nobela beltzaren generoko trama du eleberriak eta Bilboko San Frantzisko auzoan kokatu du Arretxek.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak