Markel Ormazabalekin solasean

Ostirala, 2014-09-26
Markel Ormazabalekin solasean

Jon Markel Ormazabal Gaztañagak Hemen naiz, ez gelditzeko baina liburua kaleratu berri du Txalaparta argitaletxearen eskutik. Kartzelan idatzitako liburua da hauxe, kartzela ulertzeko beharrak idaztera bultzaturik.

Itxaro Bordarekin solasean

"Ez naiz sekula eskuak lotuak ukan dituen idazlea izan"

Ostirala, 2014-09-19
Itxaro Bordarekin solasean

"Ez naiz sekula eskuak lotuak ukan dituen idazlea izan, baina iruditzen zait zenbaitetan ahoa biloz trabatua eduki dudala. Neronen eta neronekiko aurre-iritziez ari naiz bereziki, hauen gainditzeaz, ezezkoan garatzen doan mundu eta ingurune sozialean, baikorra eta piska bat naif izateko bidea jorratzeko moduan". Sosegu moduko bat igarri dugu Zure hatzaren ez galtzeko (Elkar) poesia liburuan. Ados dago idazlea, baina ez da gauza erraza izan. "Saiatu naiz perpausak negatiboan ez hasten. Ariketa harrigarria suertatu da niretzat, ezen ohiturak joera horretara eramaten nauelako sistematikoki. Lasaiago idatzi ditut poesiak, beraien barneko gatazka ala tragedia baztertu gabe. Gauzen, gertakarien edo gogoeten muinera jaisteko, onartu ezinak diren ebazpenak onartzeko, lasaitasun zerbait premiazkoa da".

Lander Garrori elkarrizketa

"Erretxinik gabeko nobela bat idatzi nahi nuen"

Ostirala, 2014-09-05
Lander Garrori elkarrizketa

Gorka Arrese editorearen esanetan, “euskal literaturak inoiz kontatu ez duen istorio bat kontatzen du”. Errefuxiatuen gaia du muinean Gerra Txikia (Susa) nobelak eta autobiografikotik asko duela aitortu zuen Lander Garrok berak, liburuaren aurkezpenean. Gaia eta 80etako giro hura gogorra izanik ere, umore kolpeak ere badira nobela honetan. "Joera hori lotuko nuke literatura anglosaxoiarekin, eta bereziki azken ehun urteotako literatura amerikarrarekin. John Kennedy Toole, Steve Tesich, Ken Kesey, Truman Capote... Idazle hauen koordenadetan, umoreak presentzia handia dauka. Eta literatura horren oihartzuna nire liburuan islaturik ikustea gustuko dut. Idazle horiengatik ikasi dudalako ia dakidan guztia".

Idazleekin solasean

Irailetik osatu dugun elkarrizketen zerrenda  

Osteguna, 2014-07-24
Idazleekin solasean

Hitzen Uberanek oporrak hartuko ditu abuztuan, eta errepaso egin nahi izan diogu irailetik egin ditugun elkarrizketei. Liburu berriei loturiko elkarrizketak izan dira gehienak, oholtza gaineko literaturari loturiko besteetan. Bertan topatuko dituzue guztiak zerrendaturik. On egin eta uda on!

Juan Kruz Igerabideri elkarrizketa

Trantsizioa delako garaian kokatu du Zangotraba (Erein) nobela

Ostirala, 2014-07-18
Juan Kruz Igerabideri elkarrizketa

Hauts bihurtu zineten (2005) nobelan irudikatu zuen mundura bueltatu da Juan Kruz Igerabide. Hala dio Iñaki Aldekoak, Ereingo editoreak. Trantsizioa delakoan kokatu baititu Zangotraba (Erein, 2014) liburuko trama eta pertsonaiak. Tratamendua ordea, beste bat da. Ordukoan planteamendua traumatikoagoa zen eta, Zangotraba-n aldiz umorera jo du. "Umorea gizarte-kritika egiteko bide eraginkorra da", elkarrizketa honetan irakurriko dituzue hitzok. "Eta aldi berean norberaren buruari ere kritika hori zuzentzeko modu bat da. Umoreak bizitzaz gozatzen jarraitzera gonbidatzen gaitu, okerrak oker, kalteak kalte".

Oskar Arantzabalekin solasean

Ostirala, 2014-07-11
Oskar Arantzabalekin solasean

Oskar Arantzabalek Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari saiakera argitaratu du Pamiela argitaletxearen eskutik, Juan Zelaia saria ez aequo jaso ostean Mitxelko Urangarekin batera. Azpilkueta gogora ekarrita,  historiaren bidetik ekonomia krisiaren orainean murgiltzeko aukera eman digu Arantzabalek.

Gerardo Markuletari elkarrizketa

"Antologiei esker ezagutu ditugu orain maiteen ditugun poeta batzuk"

Ostirala, 2014-07-04
Gerardo Markuletari elkarrizketa

Klasizistak eta abangoardistak, bere herriarekin eta kulturarekin konprometituak, beste hizkuntzetako poeten oihartzunak berera ekarri zituztenak, gaietan nahiz formetan berrikuntzak eta esperimentuak egin zituztenak… XX. mendeko bederatzi poeta katalan aurkituko dituzue Poeta katalan garaikideak (Elkar-Urrezko Biblioteka, 2014) antologian. 1997an Gerardo Markuletak Ibaizabalekin plazaratu zuen antologia bera da hauxe. Ordukoak baina, beste izenburu bat zuen: Zenbait poeta katalan (Ibaizabal, 1997). "Berriz argitaratu baino gehiago, berpiztu egin dugula esango nuke: izenburu berria dakar, azal berria, hitzaurre berria, eta guztiz zuzenduta eta apur bat emendatuta ere badator", Gerardo Markuletak berak aitortu digunez.

Antton Lukurekin solasean

"Libertitzeaz" liburuaz mintzatu ginen Eztena jaialdiaren testuinguruan

Ostirala, 2014-06-27
Antton Lukurekin solasean

Eztena teatro eta dantza jaialdian aurkeztu berri du Antton Lukuk Libertitzeaz (Pamiela, 2014) liburua, solasaldi moduan. Askorako eman zuen berbaldiak, eta askoz gehiagorako eman zezakeen. Zertzelada batzuk jaso ditugu Hitzen Uberanen.

Unai Baztarrikari elkarrizketa

Bere lehen poema liburua plazaratu du: Ezinbestean (Erein)

Ostirala, 2014-06-20
Unai Baztarrikari elkarrizketa

Blas de Otero - Bilbo Uria Nazioarteko VI. Poesia Lehiaketa irabazi zuen iaz. Sariketara aurkeztu zituen poemak dira bere lehen liburu honetan batu dituenak. Argitaratzeko garaia goizegi  iritsi zitzaiola pentsatu zuen hasiera batean, "heldu gabeko sortzailea ikusten baitut nire burua". Hala aitortu digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian. "Sortzea bezain garrantzitsua baita norbere lanaren ikuspegi kritiko bat lantzen jakitea eta onartu behar dut bulkada eta intuizioz egiten dudala egiten dudana. Baina uste dut freskotasun eta bat-batekotasun hori garrantzitsua dela maite dudan poesia egiteko bidean, zuzena eta benetakotasuna bilatzen duena". Erein argitaletxean katalogoan aurkituko duzue Ezinbestean, Unai Baztarrikaren lehen poesia liburua.

Jule Goikoetxearekin solasean

Gatazka ezinbestekoa da. Horregatik gustatzen zait niri borroka

Ostirala, 2014-06-13
Jule Goikoetxearekin solasean

Jule Goikoetxeak Tractatus poesia liburua plazaratu du, Susa Argitaletxearen eskutik. Gorputzaren ertzetan hasten diren gizarte-jarrerei “disidentzia” eta “transgresioa” bezalako hitzak zintzilikatu dizkio poema hauetan, ironia handiz.

Amuak

Bideoa

    Getarian paseatzeko joera du Pako Aristik. Itsasertzean egindako paseo horietan topatu zituen poema berri hauen haziak. Hortik izenburua: Urari ostutako poemak (Susa, 2014).

    Liburua aurkeztearekin batera, errezitaldiak eskainiko dituela iragarri du Urrestillako idazleak. Lehena asteazken honetan, urriak 1, Donostiako Garoa liburu dendan (Zabaleta kalea 34). 19:00etan hasiko da poesia emanaldia.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak