Amuak askotariko piezak harrapatzen ditu: literatur kritikak, bitxikeriak, iruzkinak, perlak... Bidali zurea! This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Emine Sevgi Özdamar, Malatya eta Berlin artean

Astelehena, 2012-03-19 |
Emine Sevgi Özdamar, Malatya eta Berlin artean

Emine Sevgi Özdamar ekialdeko Berlineko Volksbünen zuzendari laguntzailea izan zen. Jatorriz turkiarra den arren, bere ibilbidea Berlinekin izan du lotura zuzena. Bertan Beno Besson eta Heiner Müller-ekin egin zuen lan, besteak beste. Amuak atalean bere lana ekarri nahi izan dugu gogora.

 

Emine Sevgi Özdamarrek Berlingo antzerkigintzan murgildurik egin du lan, eta bere bizipenak nobela moduan islatu izan ditu kutsu autobiografiko nabarmenarekin. Besteak beste nobela hauek idatzi ditu (gaztelerazko argitalpenen tituluak): La vida es una caravasar (1994), La lengua de mi madre (1996), El puente del Cuerno de Oro (2000) y Extrañas estrellas (2005).

Özdamarrek Periferiak ekimenean parte hartu zuen 2006. urteko edizioan, eta bertarako bere hainbat testu euskaratu ziren. Haien artean, bertan jaso dugun honako hau:

IZAR BITXIAK liburutik

Humano caracol-Periferiak (Arteleku, 2006) topaketetan euskaratutako testu zatiak

1976ko maiatzaren lehena

Katrinek honakoa esan zuen: "Primavera, avanti popolo".

Volksbühneren langileetako asko maiatzaren leheneko desfilean izan dira gaur. Nik Volksbühneren pankarta neraman Fritz Marguardtekin. Kontatu zidan behin, film bulgariar batean, dragoi otomandar bat interpretatu zuela. Gurasoek zalko-zalko zeramatzaten umeak. Eta umeek banderatxoak zeramatzaten, zaratatsu. Banderei, egunkarian, "seinale elementu" esaten zieten. Tribunetatik, estatu gizonek agurtu egiten zituzten pasatzen ari ziren gizonak. Politikariek langileburu izendatu berriko langileak ematen zuten. Guztiak agurtzen zituzten eskuineko besoa altxatuz, zen ezkerrekoaz agurtzen zituen bakarra. Gizonetako batek hiru krabelin zeuzkan eskuan.

Desfilearen ondotik Volksbühneren kantinan edan genuen. Norbaitek esan zuen inork ez zuela igo behar adineko estatu gizonek maiatzeko desfilea ikusten zuten oholtzara, erreten batean ezkutaturik pixatoki bat ari zirelako eraikitzen haientzat. Denek barre egin zuten.

Peterrek mendebaldeko Berlindik hots egin, eta esan zidan Istanbulen maiatzaren leheneko manifestazioan hildako asko izan zirela. Nire partez hots egin zien aurrez Istanbulera nire anaiari eta arrebari; bietako inori ez zitzaion ezer gertatu. Ihesean zihoazenek galdutako zenbat zapata lagun gabe ote orain Istanbul erdiko kaleetan? Nire herrialdeari buruzko berriek hitz bakarra dute: hilketa. Neure buruari, ordea, honakoa esan diot: lan egitea, gehiago ikastea, horixe da denbora ureztatzen duen bakarra.

1976ko maiatzaren 5a

Denak ohitu dira nirekin. Ni ere ohitu naiz haiekin. Trenek antzerkira eramaten naute,igo eta jaitsi egiten naiz, antzokiko kantinak tea ematen dit berrogeita hamar pfennigean, orain izugarri gustatzen zait Mozart; bederatzietatik hamabostak arte, entsegua, Fritzek irribarre egin dit, egunero marrazten ditut entseguak, gero eta hobeto ulertzen dut alemanez, Heine irakurtzen dut.

Gaur Alexanderplatzera joan naiz, eta arraina erosi dut azokan. Euria. Zazpi bat urteko ume bat etorri zitzaidan. Zera esan nion:

- Etxera joan eta lehortu egin behar duzu, bestela hoztu egingo zara eta.

- Euria gustatu egiten zait -erantzun zidan, geldi-geldi zegoela.

- Baita neuri ere -esan nion.

- Zu ez al zara alemaniarra? Nondik zatoz?-galdetu zidan.

- Turkiatik.

Hurbildu egin zitzaidan.

- Non dago Turkia?

- Bulgaria atzean.

- Ni izana naiz Hungarian, sekula ez ordea Bulgarian, baina

non dago Turkia?

- Atlasik ba al daukazu?

- Ez, aitak bai, maisua da.

- Aitari galde iezaiozu, bada, etxean. Ez ahantzi, herrialdearen izena Turkia da.

- Agur! -esan zidan, eta buelta eman zuen atzera. Ni pozik sentitzen nintzen, hark tarte batean lagundu izanaz.

    Bakardadean nengoen

    Gau eta egun nabil

    Ez dakit nola nagoen

    Gau eta egun nabil.

Ekialdeko Berlinen antzerki lan asko ikusi ditut orain arte:

    Tristan eta Isolda behin

    Neurriz neurri behin

    Klarionezko zirkulu kaukasiarra behin

    Ama behin

    Zelestina behin

    Dragoia behin

    Juno eta hegazterrena behin

    Götz von Berlichingen behin

    Rikardo III.a birritan

    Anfitrioia behin

    Turandot, edo zuritzaileen biltzarra behin

    Maria Magdalena behin

    Sizwe Bansi behin

    Urre bilatzaileak hiru aldiz

    Speckhut birritan

    Sezuanen arima ona hamaika aldiz

    Txoritxo berde polita hamahiru aldiz

    Orein erregea bost aldiz

    Basahatea zazpi aldiz

    Sabela birritan

    Eskuz hiru aldiz

Katu jolasa behin

    Misantropoa behin

    Nahi duzuen bezala zazpi aldiz

    Enpedokles behin

    Okindegia behin

    Katu hilobia behin

    Warren andrearen lanbidea behin

    Oraindik ikusi nahi ditudanak:

    Zementua

    Werther gaztearen oinazea

Puntila jauna eta Matti morroia

    Txanbil hautsia

    Honburgeko Federiko printzea

Dagoeneko bi hilabete dira nire egunak ditudanean tristatzen ez naizela, baina nekatu samarturik sentitzen naiz. Egunero entseatzen dut, nire lankideekiko errespetuak aldatu egiten nau, ausartago sentitzen naiz, nire lankideek agurtu egiten naute, honela diotela: "Egunon, Hegoaldeko ederra". Ai, urte ederrak, Berlinen eszenatokian egotea, Josef, ai, Istanbulgo basoa, ai, hildakoak, erailak. Ez dut atzerantz egin, aurrerantz egin dut ihes, ondo dago. Bakardadea erabilgarria da, nahiz batzuetan gogorra izan gauez, etxera itzultzen naizenean. Orduan Mozart entzun eta ongi sentitzen naiz. Bakarrik egotea gustatuko litzaidake. Zein ederrak diren Berlingo gauak elurra ari duenean. Biguna du bihotza Berlinek, umeak ez dira izozten, hotza neguko ipuin bat da haientzat. Tabernetan, vodka beroaz zurrunbiloan dut burua, denborak musukatuko zaitu. Neska basatia zara, denborak joko zaitu, bakarrik egotea dut zaldi, larruazala denboraren aurka. Molière mahai gainean, ohar asko, zerbait egin behar horiekin guztiekin, bota ez ordea, zirkularazi baizik. Egun berria, agur! Pentsamendu idealista urratzen dut, haiek ere, Turkian hainbeste tristatu ninduten historiak, bizitzaren zati dira. Akatsen ateak itxi egin behar dira. Jakinduriaren bidez unea iritsi da, bigunago egotea, aberatsago egitea. Turkian ezin nuen eskua mugitu, ezin besoa mugitu.

Goizaldean, ikasleak tea hartu zuen Istanbulen

    Biologia eskolan ikasi zuen.

    Kalera irten zen

    Lo egin gabe zegoen, hotzak zegoen

    Eta jakarik gabe hil zuten egunsentian

    Ez zuen jakin

    Nor zen pistola zeukan gizona

    Asko jakin zuen, ordea, esplotazioaz.

Orain heldua izan behar dut. Gizakiaren indarra nahikoa izango da bidegabekeriaren, pobreziaren aurka. Denbora biraka ari da. Ez da egunen gogortasunaren beldur izan behar. Kaleetako mintzaira. Ikusi aurpegiak, ondo ikus itzazu. Gaur aktore batek "amañi-lili turkiarra" hots egin dit. Dramaturgialariak berriro eskatu dit Nekazariak horri buruz pentsatzen dudana idazteko. Peterrek hots egin dit, nire anaiaren gutun bat irakurtzen saiatu da, turkieraz.

- Peter -esan diot-, ekarri putetxetik Murat, berak irakurriko dit gutuna.

    "Murat, nola habil? Nola zebiltzak putak?"

Barre egin zuen. Nire anaiak gutunean esaten zidan gu bion adiskide bat, sindikalista turkiar bat, ekialdeko Berlina etorriko zela biltzar baterako, eta harekin elkartu behar nuela handik bi egunera Stadt Berlin hotelean. Entseguaren ondotik gutun bat idatzi nion anaiari, baina ekialdeko Berlingo posta asko berandutzen zen. Gutunak Istanbulera oinez joan behar zuela zirudien. Alextreff jatetxean, han turkiarrek emakumeak bilatzen zituzten, bati galdetu nion ea nire gutuna eraman zezakeen mendebaldeko Berlina, eta han jarri postan.

Katrinek goizero italieraz ikasten jarraitzen du, bere arrautza hartzen duen bitartean. Eguzkia mugitu egiten da, eta sukaldean dagoeneko eguzkirik ez denean, bizkor abiatzen da erosketak egitera. Batzuetan arrain-kontserba bat erosten du, honetan zera jartzen baitu:"Itsasoko ederra, izotzetan gordea".

- Katrin, nola esaten da "itsasoko ederra"?

- Bellezza di mare.

1 Erich Honecker (1912-1994), SEDen idazkari nagusi eta AEDko estatuburua, Berlingo Harresiaren bultzatzaile nagusia (I.O.)

Albiste honen uberan:

Ixiar Rozasek egindako dokumentalaren berri

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Arantzak barrurantz (Elkar) liburua plazaratu du Xabier Mendiguren Elizegi idazleak eta editoreak. Azken urteetan idatzitako bost kontakizun batu ditu. "Noraezean dabiltzan pertsonaiak marraztu ditu Xabier Mendigurenek, arantza zaharren bat atera behar dutenak edo bere baitako gabeziak nola izendatu ez dakitenak". Bost ipuinei buruzko aipamen laburrak topatuko dituzue ondoko bideoan.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak