Amuak askotariko piezak harrapatzen ditu: literatur kritikak, bitxikeriak, iruzkinak, perlak... Bidali zurea! This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Wislawa Szymborska-ren bi poema

Asier Sarasolak bere bi poema itzuli ditu Hitzen Uberanerako

Asteazkena, 2012-02-08 |
Wislawa Szymborska-ren bi poema

Oihartzun zabala izan du literatur zaleen artean Wislawa Szymborska poeta poloniarraren heriotzak. Hitzen Uberanen ere haren lana ekarri nahi izan dugu gogora, Asier Sarasolak euskaratutako bi poema hauekin.

 

ERREALITATEAK AGINTZEN DU

Errealitateak agintzen du
honakoa ere esan dezagula:
hil artean bizi.
Bizi Cannaen eta Borodinon,
bizi Kosovo Polen eta Gernikan.

Bada Jerikon, plaza batean,
gasolindegi bat,
eta Bila Horan badira aulkiak
"margotu berria" diotenak.
Pearl Harbour eta Hastings artean
hara-hona dabil posta,
mudantza kamioi bat igaro da
Keroneako lehoiaren begi erneen paretik,
eta Verdun inguruko ortu loratuak
ez dira libratuko
datorren fronte atmosferikoaz.

Hainbeste dago Denetik,
aski ezkutuan dela Ezer ez.
Musika dator
Accion ainguratutako yateetatik
eta eguzkitan dantzan ari dira bikoteak.

Hainbeste kontu dira,
bazter guztietan badela zerbait.
Harriak harriaren gainean dirauen edonon,
izozki saltzailea
umeen algarak setiatuko du.

Behin Hiroshima zena
Hiroshima da berriro,
hainbat produktu ekoizten dira,
egunero erabiltzeko.

Bere krudelean badu ederretik mundu honek,
ez dira gutxi goizaldeak
esnatzea merezi dutenak.

Musker kolorekoa da belarra
Maciejowiceko zelaietan,
belar, belar denez,
ihintzaren distiraz apaindua.

Beharbada larre oro gudu-zelaia da,
gaur egun oroitzen ditugu batzuk,
aspaldi ahaztu genituen besteak,
urki edo zedro baso bihurtu dira,
elurrak edo hareak hartu ditu, zingira irisatu
eta porrot beltzen amildegiak dira,
non, egin beharrak egiteko garaian,
sastraken atzean ezkutatzen garen.

Zer den horretaz guztiaz gogoan ibili beharrekoa? Deus ez, agian.
Ibili dabilena da azkar baino lehen lehortzen den odola,
eta, jakina, ibai eta hodei batzuk.

Zorigaiztoko mendi buruetan
haizeak airean daramatza kapelak
eta, ezin diogu eutsi,
barre zoro bat ateratzen zaigu.

KATUA ETXE HUTSEAN

Hil -hori ezin zaio egin katuari.
Izan ere, zer egin behar du katuak
etxe huts batean?
Hormetan gora ibili.
Altzariekin igurtzi.
Berton ez da ezer aldatu,
baina ezer ez da lehen bezala.
Ez da ezer lekuz aldatu,
baina ezer ez da bere lekuan.
Eta argia itzalita dago arratsean ere.

Urratsak entzun dira eskaileretan,
baina ez dira espero direnak.
Esku batek arraina utzi du platerean,
baina ez da, ez, lehengo bera.

Bada zerbait hasi ez dena
betiko orduan.
Bada zerbait gertatu ez dena
betiko legez.
Bazen hemen norbait, beti izaten zen,
eta bat-batean desagertu
eta ez egoten tematuta dago.

Dagoeneko miatu dira armairuak,
zeharkatu dira apalak.
Begiratu da alfonbra azpia.
Are debekua urratu ere
eta paperak airean bota.
Zer gehiago egin liteke?
Loak hartu eta egon.

Ai, itzultzen denean,
ai, berriz datorrenean!
Orduan ikasi behar du ez dela horrela
katua hartzen dena.
Ez si eta ez no,
harengana joan beharko da,
poliki,
hankatxo oso oso haserretuekin.
Eta, hasteko, ez salto ez miau.

Egilea: Wislawa Szymborska.

Itzultzailea: Asier Sarasola.

Albiste honen uberan:

Irakurri egilearen hamasei poema 'Euskarari Ekarriak' gunean

Berria: 'Hortxe, hurbil. lagun'

Estibalitz Ezkerra Garan: 'Szymborska hil da'

Ikusi behean 'Poema baten irakurketa Euskal Herrian: Torturak'.

Bideoak

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Juan Ramon Makuso pozik agertu da Hitzak argi (Pamiela) poesia liburuaren aurkezpenean. 10 urte dira lehen poesia liburua plazaratu zuenetik. Geroztik, “poesian bildu dut nire bizitza. Ez da handikeria bat”, argitu nahi izan du Errenteriako poetak. Bizitzan norberak badauka bere txokoa eta poesia da Juan Ramon Makusoren gustuko tokia. Donostiako Liburuaren Egunean eman ditu liburu berriari buruzko hainbat xehetasun.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak