Gozokiak Poltsikoetan

Igandea, 2012-01-08 | Egilea(k): Eneko Urizar

Santiagoko gau ilun hartan tanatorioan ere Laurak bere lagun guztien besarkadak ezik karameluak jaso zituen, bere poltsikoetan kolore anitzetako azukreak pilatuz.

 

Eskuliburu honekin
metaforen bila ateratzen naiz
gero apaintzen saiatu barik
zuretzat idazteko.
Oihurik indartsuena
eko bihur daiteke
eta memoriari esker ez balitz
betirako
desagertuko litzateke.

Bidalitako alfabeto hauek
hor egongo dira,
zuk nahi duzunerako
eta zurekin batera
eraldatuz joango dira.
Zurekin egongo naiz
oihuka banengo bezala.

Liburuetako goikaldetako
lehen esaldiekin bezala
nire begiek,
letra hauek
sorostu behar dituzte
orrialdeko gailurretik
negar tantak bailiran
orrialdean zehar labaindu baino lehen.
Halere, liburuak jada tristezia ahaztu du
inork ez baitu
mundu digital honetan
amets egiteko gogorik.

Laster errege eguna dator
eta bezperan kabalgata.
Ai ama!
poltsikoak gozokiz betetzea
zenbat gustatzen zitzaidan,
korrika batean etxerantz
ur pitxerrak gameluentzat prestatzera,
eta alkoola pila
monarka bizardunentzat.

Aurreko egunean
mahaian geundelarik
Laura
errege egun bezperez
aritu zitzaigun afalorduan.

Malkoz beteta utzi zizkidan
poltsikoak.

Santiagoko tanatorioko
gau ilun hartan
Laurak lagun guztien besarkadak ezezik
karameluak jaso zituen ere,
bere poltsikoetan
kolore anitzetako azukreak pilatuz.

Ez zen goxotasun nahikoa izan
bere ama erretzen laguntzeko.
Gauza gutxi gogoratzen ditu
orain dela bi urtetako
Santiagoko tanatorioko iluntasun hartaz.

Haurra ez izan arren
erregeoi
ekar ezin ziezaioketen
opari bakarra eskatu zien.
Halere, lobako gau hartan
ez zuen oparirik jaso.
Jakina denez,
lo ez baldin bazaude
erregeak ez dira ausartuko.
Ziur nago erregeak
horregatikez direla inoiz
tanatorioetako alkoola
edaten ausartuko.
Han lorik ez dagoelako
edo lo dagoenik ez delako.
Begiak itxita dutenak
ez direlako inoiz berriz iratzarriko.

Laura
iluntasuna barruan gordez
bere ama suarenean utziz
poltsikoak bete gozokiz
negar egin ezinean
irten zen handik.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Paperezko Lagunak. Hala du izena Donostiako Garoa liburu dendaren baitan osatu den irakurle taldeak. Beņat Sarasolak gidatuko du eta lehen gonbidatua Lander Garro izango da. Gerra txikia (Susa, 2014) nobela aztertuko dute ostegun honetan, 20:00etan hasita. Solasaldia bi zatitan banatuko da, eta bigarren zatian idazlea present izango da. Interesa duenak idatzi dezala email bat donostia@egaroa.com helbidera edo pasa dadila Donostiako Garoa dendatik (Zabaleta kalea 34).

    Danele Sarriugarte eta Mikel Peruarena izango dira hurrengo saioetako idazle gonbidatuak. Paperezko Lagunak irakurle taldeko kideei aztergai izango diren liburuetan, %10eko beherapena egingo zaie.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak