Kanposantuko tronpeta

Asteazkena, 2010-11-17 | Egilea(k): Jontsu

Jontsu kofradiakidea Euskadi Literatura Sarien ekitaldian izan zen, eta lerro hauek idatzi dizkigu handik bueltan.

Zabal dezagun sormenaren itsasoa. Bidali zure sormen-lanak! hitzenuberan@gmail.com

 

Imanol kantari zenak kantatzen zuen bere ahots ederrarekin: "Euskal Herriko poeta/kanposantuko tronpeta". Maiz etorri zitzaidan hori burura atzo, Euskadi Literatura Sarien ekitaldian. Ez dut atzokoaren kronikaren berri emateko idazten, baina bai gazi-gozoaren berri emateko. Sari hauen inguruan dabilen eztabaida gorabehera nik uste nuen zerbait ospatzera nindoala, eta une askotan iruditu zitzaidan horixe bera, ospakizuna zela, hileta-ospakizuna. Zein present egon zen heriotza!: pailazoen heriotza Igerabideri entzun genion testuan, entzuten genuen bitartean harrizko ping-pong mahai huts bat ikusten genuela; "Mikelen Heriotza" filma Autokarabana sarituan, "Crece la muerte en el vientre de abril" gaztelaniazko lan sarituetako batean, "Azken egunak Gandiagarekin" zen beste lan saritu bat... Biolontxeloak ere gehienetan areagotu egin zidan ezinegon hori. Eta guzti honekin bat etorriz kolore beltza eta ilunak nagusi ikusleen arropetan. Eskerrak Jon Maya dantzaria zuriz jantzita etorri zen, eta Etxegoienek su pixka bat jarri zuen bere alkandora gorriarekin eta egindako kritikekin.

Freskotasuna ekarri zuten Mitxelenaren marrazkiek. Bizargorri saiatu zen umoretik, baina zer esateko, bere liburua lau irakurlek irakurri dutela esateko. Eguzki Kolpearen antzekoa izan zen hura entzun beharra idazle apartaren ahotik. Patxi Zubizarretak egungo egoera politikoa eta itxaropena lotu zituen, irribarretxoa azaleratu zigun lau jai-egunetako astearen alde edo hitz egin zuenean, Mateo ateoa zela eta. Sanchez-Ostizek "gure denbora bete-betean bizitzeko deiari" ere zantzu positiboa hartu nion.

Egia esan ez nituen etxaferoak espero, baina horrenbesteko Herio jario ere ez. Eta irteeran luntx goxoa gaua samurtzeko beltzez jantzitako zerbitzariek, eta musika atsegina beltzez jantzitako musikariek. Beltza dotorea izango da; nik ez dakit nola nindoan ekitaldirako propio erositako alkandora berde koadrodunarekin. Amen.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Samuel Beckett idazle irlandarraren Molloy eleberria aurkeztu dute gaur. Gerardo Markuletak ekarri du euskarara, Meettok argitaletxearen eskutik. Aurkezpenean, itzultzaileak hainbat zertzelada eman ditu eleberriaren nondik norakoez: Molloy hau trilogia baten lehen partea da, ondotik datozkio Malone Meurt eta L’Innomable. Hiruetan ere, pertsonaia nagusi baten jarioa da liburuaren ardatza; existentziaren absurdoa eta zentzurik eza, aldiz, muina. Frantsesez idatzi zituen lanok Beckettek, ingelesez zeukan estiloa kendu nahi zuelako gainetik. Markuletak esan duenez, berrogeita hamar literatur lanetik gora itzuli ostean, hauxe gertatu zaio nekezen: luzeragatik, narratzailearekin enpatizatzeko ezintasunagatik… Hala ere, azpimarratu du merezi duela horrelako lan klasikoak gure hizkuntzara ekartzea, zailak izanagatik. Ekarpena egiten diote hizkuntzari, eta irakurle-belaunaldi berri bat elikatzen dute. Halaber, Ramon Etxebeste Meettokeko editorearen esanetan, garrantzitsua zen Beckett euskaratzea, XX. mendeko kanona markatu duen heinean. Becketten zenbait lan laburrago baditugu jada euskaraz, hala nola, Godoten zain eta Lehen Amodioa.

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Danele Sarriugarte & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak