'Itzali gabeko arratsa', Urtzi Urkizuren poeman oinarritutako bideoa

Asteazkena, 2012-02-22 | Egilea(k): Urtzi Urkizu, Ivan Roiz

Martxoaren amaieran aurkeztuko du Urtzi Urkizuk Kezka bat gutxiago izeneko poemategia, Maiatz argitaletxearen eskutik. Jarraian ikus dezakezue Ivan Roizek 'Itzali gabeko arratsa' poematik abiatuta egin duen bideoa. (Argazkian egilea 2011ko Mikelazuloren Poesiaren Astean errezitatzen).

 

Get Adobe Flash player

Urtzi Urkizu (Lezo, 1975) idazle eta kazetariak ibilbide luzea egin du poesia idazten eta poemak errezitaldi moduan taula gainera eramaten. Besteak beste, 2001. urtean Mikelazulo kultur elkarteak kaleratutako Beste bat apalerako bilduman paratu zituen bere testuak, Hatsa elkarteak plazaratu ohi duen bilduman parte hartu du hainbat urtetan, eta 2007an Beta izeneko liburuan, egileak berak editaturik. Oraingo honetan Maiatz argitaletxearen eskutik plazaratuko ditu bere poema berriak, samurtasunez zein gertutasunez eguneroko bizitzaren argitzalei buruz mintzo direnak.

Martxoaren 23an prentsaurreko bidez aurkeztuko du liburua Donostian (10:30ean Udal Liburutegiko Sotoan), baina batez ere 30an egingo den errezitaldian edukiko dugu aukera poemak haren ahotsean ezagutzeko, hainbat irudigile, musikari eta poetaren laguntzarekin. Aurrerapen modura, Ivan Roizek egindako bideoa ikus dezakezue albiste honetan.

ITZALI GABEKO ARRATSA

Hatzaren puntan haizea epela
belauniko beharra zorabio ertzean,
zauriak strip-tease mingarria azalean
kaleko oinetakoek kriskitin erritmoan,
itzulerako bihotz taupada hotzak,
anai-arreben telefono dei luzeak
begirada maltzur isil zekenak,
zapin zorabio zentzugabea
plangintzak asteka hiruki zuzenak
itzali gabeko arrats estua
mediku akatsak edo dena birus bat,
burua galtzen zahartzaro txikietan
maitasun besoak irribarreari begira,
itxarongeletan asperdura minutuak,
garrasi tuntunak leiho ondoan
logura neketsuak gauari deika,
biharko utzitako marrazki lodiak
ahaztutako bidaia zatiak esna,
txokolate zatiak hortzetan solasean
eta erdian gu nora ezean
jakin gabe une erabakigarri horretan
zer esan edo zer egin.


Iruzkinak (0)

Iruzkina idatzi

Bideoa

    Lourdes Ońederraren Intemperies (Erein) nobelaz jardungo dute Zarautzen, urriaren 29an asteazkena arratsaldeko 18:30ean. Nobelako pertsonaiei gertatzen zaien bezalaxe, eguneroko bizitzan ere "hitzek lagundu egiten dute, eta korapilatu ere bai, eta gauzak mozorrotu". Puntu bateraino balio dute hitzek, hala uste du idazle donostiarrak. "Gero gauzak josterakoan, beste zerbait egiten duzu".

Agenda

Harremanetarako

Oier Guillan & Imanol Ubeda
This e-mail address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Txioak

Laguntzaileak